Konfiantza, behintzat, badute. Atzo, esaterako, Ondarretako hondartzatik beharrean, kaiko aldapatxotik uretaratu ziren entrenamendua osatzeko. Lasai daudenaren seinale. Eta Astillero lasai baldin badago... Erne. Halere, Castrok ez du beldurra sentitzeko motiborik. Izan ere, bera da sei segundoko abantaila duena, eta gainera sasoiko iritsi da traineru estropadetako probarik garrantzitsuenera. 2001ean eta 2002an egindakoa lortzeko bidean da, dudarik gabe.
Astilleroko prestatzaile Jose manuel Franciscok pare bat aldaketa egingo omen ditu hori ekiditeko. Dena eta ez dena beharko du San Jose XIV. ontziak Castrori sei segundo kentzeko. Biek parez-pare arraun egiten baldin badute, erne markarekin, 19 minuturen bueltan ibiliko dira eta.
Bandera irabazteko moduan egon ez arren, Oriok eta Zarautzek euren lehia propioa dute. Mementuz, oriotarrak aurretik, 10 ehunenekogatik. Cabo da Cruz eta Zumaia ere parean daude. Badiako platerean, hortaz, gatza, piperra, perrexila eta askoz ere gehiago.
Zenbakia
38.53,56 Errekorra, arriskuan. Castrok 19 minutu eta 40 segundo baino gutxiago egiten baldin baditu gaur, Kontxako bi egunerako marka berria ezarriko luke.Uretan egongo diren ontziak
FaboritoakCastro. Kontxako Bandera irabazteko hautagai nagusia da La Marinera ontzia. Batetik, pasa den igandean azkarrena izan zelako eta sei segundo kendu zizkiolako bigarrenari. Eta bestetik, bete-betean iritsi delako denboraldiko estropadarik garrantzitsuenera. Moralez gaindi dabiltza, gainera. Iaz ez bezala, aurten ez dute egokitze lanik egin. Koadrila, handik eta hemendik ekarritako arraunlariekin osatu dute. 2001an eta 2002 irabazi zuen Kontxako Bandera.
Astillero. Lehiatik kanpo egon arren, izua eragiten du kontrarioengan. 2004ko eta 2005eko garailea. Aurten denboraldi aurreko estropadetan eta nola Kantabriako ala Espainaiko Txapelketetan soilik aritu da. Halere, aurreneko jardunaldian sei segundo bakarrik kendu zizkion Castrok. Arraunlariek dezente sufritu dute urtean zehar, eta aurten ez dute irabazteko presiorik. Horregatik lasaiago arituko dira.
Gertu
Pedreña. Beren entrenatzaile Joseba Fernandezen esanetan, pasa den igandean urteko estropadarik «onena» egin zuten. 10 segundora dute Castro. Horien eta Astilleroren arteko lehia baliatu nahi dute. Lehen jardunaldiko lana hobetu beharko lukete bandera irabazteko.
Hobetzeko ahaleginean
Orio. Ez ziren, ez, gustura gelditu, pasa den igandean egindako lanarekin. 31 segundo galdu zituzten, estropadaren atarian faboritoietako bat izan arren. Zapore gazi hori gozatzeko intentzioarekin arraun egingo dute gaur. Halere, ezin zaie meriturik ukatu, denboraldi bikaina egin baitute.
Gozatzera
Zarautz. Bizi-bizi aritu ziren lehen jardunaldian. Horregatik, Oriok 10 ehuneneko bakarrik atera zizkien. Laugarren postua dute buruan, baina barruan egonda nahikoa egin dutela jakinda. Gozatzeko arraun egingo dute..
Zumaia. Emozionatuta daude oraindik ere, 14 urteren ondoren Kontxan sartu direlako. Lehen jardunaldian lortutako seigarren postuari eutsi nahi diote.
Arantza atera nahian
Cabo da Cruz. Ezin zaie, ez, meriturik kendu, baina lehendabiziko jardunaldian Zumaiak aurrea hartu zion ezustean. 46 ehuneneko besterik ez, baina nahikoa min egiteko. Arantza hori atera nahi dute gaur.
Lanera
Donostia Arraun. Duintasunez arraun egiteko uretaratuko dira. Denbora ona egin zuten pasa den igandean.
MIGUEL ANGEL MILLARES Castroko arraunlaria
«Ez dakigu Astillerok nola erreakzionatuko duen»
I. S.Donostia
Miguel Angel Millaresek (1980, Ribadeo, Galizia) Kontxako Bandera irabazi zuen 2004an, Astillerorekin. Gaur, aldiz, ontzi hori Castroren kontrario handiena da.
Zer moduz zaude?
Beno, estropadaren ordua iristeko zain. Pasa den igandean egindako denbora kasualitatea ez zela izan erakutsi nahi dugu. Halere, erne Astillerorekin eta Pedreñarekin. Sei edo hamar segundo ez da lasai egoteko modukoa aldea.
Zergatik irabazi behar duzue? Esazu.
Ez dakit, konfiantza handia dugulako. Hiru astetik hona oso ondo dabil trainerua. Gainera, eskarmentu handiko arraunlariak ditugu. Hori baliagarria izango delakoan gaude. Oso sentsazio onak ditugu.
Nork du presio gehiago? Zuek ala Astillerokoek?
Presioa, presioa, aurretik dagoenak edukitzen du presio gehiago. Gainera, sei segundoko aldea dugu. Halere, hiru dira proba irabazteko moduan dauden ontziak.
Itsasoa bare egongo dela dirudi. Hori zeinentzako da hobea?
Dirudienez, Pedreñak itsaso txarra nahi du. Egia esan, itsaso txarrarekin ez gara ondoegi ibili, baina guri berdin zaigu. Pasa den igandean bezala baldin badago, primeran. Markak hausteko moduan gaudela iritzi diot.
Astillerokoek konfiantza handia dute...
Ni ez naiz Astilleroz fidatzen. Ez dakigu nola erreakzionatuko duten. Gainera, aldaketa batzuk egingo omen dituzte. Dena den, normala da konfiantza handia dutela esatea. Guk ere iguala egingo genuke.
Zer moduz aurreko postuan?
Hasieran deseroso, estriborretik sekula ez naizelako aritu. Ziabogari bildur apur bat izan arren, ohitzen ari naiz pixkanaka.
IÑAKI ERRASTI Astilleroko arraunlaria
«19 minuturen bueltan ibiliko gara Castro eta gu»
I. s.Donostia
Asko sufritu du Iñaki Errastik (Aginaga, 1979) denboraldi honetan. Azkenean, baina, Kontxan ari da arraunean. Gainera, hori aurrenekoz irabazteko aukera du.
Astea luzea egin al zaizu?
Ez, ez. Egia esan, justu kontrakoa gertatu zait. Kontxako Banderaren best ekitaldi batzuetan askoz ere urduriago sentitu naiz. Astea luzea egiten zitzaidan. Aurten ordea, lasai egon naiz.
Zergatik?
Gure urtea nolakoa izan den ikusita, uretan egonda bakarrik tentsio guztia kanporatu dugula uste dut.
Diotenez, sei segundo nahikoa dira estropada irabazteko, itsasoa bare baldin badago.
Nik ezetz uste dut. Gaur [atzo] entrenatzen aritu gara, eta itsasoak igerileku baten antza zuen. Bare-bare zegoela, alegia. Sei segundo ez da lasai egoteko modukoa aldea. Noski, hobe aurretik egotea, baina tira...
Baina Castro oso indartsu dago...
Bai, bai, egia da. Hori erakutsi zuen pasa den igandean.
Halere, zuek ez zineten gustura gelditu pasa den igandean egindako lanarekin.
Ez, ez ginen gustura aritu. Egindako akatsak konpontzeko baliatu dugu astea.
Bi taldeak indartsu zaudete. Itsasoa ere bare-bare egongo da. 19 minutu baino gutxiago beharko al dituzue?
Posible da. Iragan urtean 19.09ko denbora egin genuen guk lehen jardunaldian. Pasa den igandean, berriz, Castrok 19.13, itsasoa bare-bare egon ez arren... 19 minuturen bueltan ibiliko gara bi ontziak.
Eta Pedreña?
Ez dut uste lehian sartuko denik.
Presiorik nabaritzen al duzu?
Ez dut presiorik nabaritzen. Irabazten badugu ondo, baina bestela ez da ezer gertatzen. Nahikoa egin dugu parte hartuta.