Txapeldun, hasi eta buka. Garaile handien sena erakusten ari da Arraun Lagunak taldea Euskotren ligan. Donostiarrek ez diete ezer utzi nahi aurkariei, eta denboraldiko bederatzigarren bandera irabazi dute Getxon, estropada bikaina egin ostean. Lugañene traineruak bandera guztiak irabazi ditu, aldi oro alde handiagoz, gainera. Nagusi dira, eta arerioak txikitu egiten dituzte, indar erakustaldiak eginda. Gaur, Donostiarra izan da bigarren. Azken metroetan Orio baino azkarrago aritu da Donostiako ontzia, eta azken asteetako sentipen onak berretsi dituzte. Tolosaldea ohi baino apalago aritu da, eta Hondarribiak aurrea hartu dio. Hortaz, Ama Guadalupekoa ariko da biharko ohorezko txandan.
Oriok egin du hasiera azkarrena ohorezko txandan. Lehen minutua bete denean estropadaren buruan zeuden mirotzak, Donostiako bi ontziekin berdinduta. Tolosaldeak gehiago sufritu du laugarren kaletik, eta hiru segundo galdu ditu tarte horretan. Hortik aurrera, ordea, Arraun Lagunak-ek estropada apurtu du. Balizara bidean estropada gogortu du Juan Mari Etxaberen eskifaiak, eta denboraldi osoan gertatzen ari den bezala, aise utzi ditu atzean gainerakoak. Ziabogan zazpi segundoren aldea zeukan Donostiarrarekin, eta bederatzikoa Oriorekin. Tolosaldea hamabost segundo galduta iritsi da balizara, lehen txandako bigarren sailkatuaren denbora berean. Itzulerakoan, liderrak txikitu egin du estropada, eta Lugañene ontziko arraunlariek altxatu dituzte besoak beste behin. Irribarrea ezkutatu ezinda agertu da Andrea Astudillo: «Joanekoan sufrituko genuela jakinda irten gara, eta itzulerakoan gozatzeko aukera izan dugu».
Donostiarrak ere estropada osoa egin du. Laugarren dira sailkapen nagusian, baina, sasoi hasierarekin alderatuta, askoz hobeto ari da azken asteetan. Rufo Ortizberea teknikariak aldaketa ugari egin ditu orain arte, eta pixkanaka ari da nahi duen hori aurkitzen. Oriok murriztu egin du tartea pixkanaka-pixkanaka, eta Donostiarraren parean ere jarri dira. Baina, azken esprintean, Bantxa bizkorrago iritsi da. Tolosaldea bigarren sailkatuak asko sufritu du gaur, eta bosgarren egin du. Lehen txandan ariko da bihar, Lekeition (Bizkaia).
Hibaikaren poza
Asteburuero gertatu den bezala, Hondarribia izan da lehen txandan hasieratik branka aurretik sartu dena. Segurtasun handiz ari da Ama Guadalupekoa lehen txanda horretan, eta Getxon ere estropada bikaina egin du. Berehala utzi ditu atzean Galiziako bi ontziak, eta Hibaikak bakarrik eutsi dio berdeen hasierari gogorrari. Hibaika, hala ere, koska bat beherago dago oraingoz, eta Hondarribia joan egin da ziabogara bidean: Errenteriarrekin sei segundoren aldea zuela egin du maniobra. Hondarribiak estropadaren buruan egin du itzulera ere, eta Miren Garmendia patroia eskatu eta eskatu aritu da: «Ohorezko txanda nahi dut, neskak!». Azkenerako, lortu egin du; arraunlariak banan-banan zukututa, aise lortu du Hondarribia taldeko eskifaiak txanda irabaztea, eta Tolosaldeak ez du haien denbora hobetzerik izan.
Hibaika izan da beste protagonista. Maddi Retegi patroiaren oihuek aupatuta, Madalen ontziak bi segundo baino ez ditu galdu bigarren luze horretan. Hala ere, ez da hori errenteriarren lehia. Lehen txandari Hibaikak eta Cabok jarri diote gatza eta piperra azken asteetan. Zazpigarren postuan bukatzen duenak kanporaketak jokatu beharko ditu, eta, hain justu, postu horri izkin egiteko helburuarekin ari dira Errenteriako eta Boiroko taldeak. Beraz, gaur ere lehia bizia espero zen haien artean. Ez da halakorik gertatu, ordea. Galiziako ontzia oso apal aritu da. Zazpi segundo galdu ditu Hibaikarekin alderatuz lehen luzean, eta itzulerakoan beste hamar gehitu dizkio Hibaikak, orain arteko estropadarik onena eginda. Errenteriarrek gertu izan dute bosgarren postua. Orain lau punturen aldea dute Hibaikak eta Cabok sailkapen nagusian, eta bost punturena zatekeen bosgarren gelditu izan balira. Bihar izango dute aldea handitzeko aukera, Lekeition.