Atzo Bilbon izan zen bezala, gaur Sestaon ere Arraun Lagunak izan da garaile Sestaoko Udala banderan. 10.22.16ko denbora egin dute donostiarrek, eta gaurkoarekin erakutsi dute ez daukatela aurkaririk. Seitik sei bandera irabazi dituzte; berdin du itsas zabalean edo ibaian jokatu estropada. Gauzak horrela, oraingoz bigarren eta hirugarren nor sailkatuko den jakiteak pizten du ikusmina.
Gaur Orio izan da bigarren, 9.8 segundora, eta Donostiarra hirugarren, 9.24ra. Laura Jaramillok estropadaren ondoren esan du estropada gogorra izan dela, baina gozatzera atera direla Arraun Lagunak-eko arraunlariak.
Tolosaldea lehen txandan aritu da gaur, atzo Bilbon bosgarren sailkatu ondoren. Gaur ere bosgarren izan da, Hondarribiaren atzetik. «Lehen txanda irabaztea genuen helburu, eta hori lortu dugu, baina geroko emaitzak ikusita argi dago ez dugula asmatu. Hau ez da izan gure asteburu onena. Ea hurrengoan hobeto aritzen garen», esan du Nerea Agirrezabal Tolosaldeko arraunlariak.
Hondarribia ohorezko txandan aritu da gaur lehen aldiz. Zuberoa Egurrolak esan du bazekitela gogorra izango zela, aurkariek ihes egiteko arriskua zutelako, baina ez dutela amore eman, eta gogotik borrokatu direla. Sailkapen nagusian Tolosaldea dago oraindik ere hirugarren postuan, eta bi puntura du Donostiarra.