Arrauna

Arraun Lagunak-ek eta Urdaibaik irabazi dute Euskadiko Txapelketa

Eguraldia ez dute aldeko izan arraunlariek, eta horrek baldintzatu egin ditu estropadak. Donostiakoek hirugarren garaipena lortu dute, eta Bermeokoek, bederatzigarrena.

Arraun Lagunak-en trainerua. ANDONI CANELLADA / FOKU
Arraun Lagunak-en trainerua. ANDONI CANELLADA / FOKU
Julen Otaegi Leonet.
2024ko ekainaren 9a
16:15
Entzun

Ipar mendebaldeko haize handia egin du, eta olatuek itsasoa urratu dute gaur Donostian egin duten Euskadiko Traineru Txapelketan. Emakumezkoetan ala gizonezkoetan, ezusteko handirik gabe heldu da Arraun Lagunak-en eta Urdaibairen garaipena; joan den igandean Gipuzkoako eta Bizkaiko traineru txapelketak jokatu zituzten, eta horietan ere haiek gailendu ziren. Bermeokoek bederatzigarren garaipena —eta hirugarrena jarraian— dute Euskadiko Txapelketan; Arraun Lagunak-ekoek, berriz, hirugarrena. Ezusteko bat baino gehiago eman du eguraldiak: gizonezkoak muturreko egoeran aritu dira eguerdi partetik aurrera, eta, itsasbeherak lagundu duen arren, emakumezkoak ere itsasoaren aurka aritu dira. Batzuetan airean egin dute arraun.

Lau kale prestatuak izanagatik ere, baldintza gogorrak tarteko, bi kale soilik erabili dituzte gizonezkoek; zehazki, hirugarrena eta laugarrena. San Juan eta Ondarroa atera dira lehendabizi, eta, bi minutuko tartearekin, Lekittiarra eta Donostiarra. Erlojupekoan Donostiarra izan da nagusi estropada hasi denetik erdialdera arte; izan ere, bigarren ziabogan istriborretik pasatu du baliza, eta, gainera, maniobra egin bitartean arrauna hautsi zaio aurrekalariari. Ia minutu erdiko aldea zuen, eta denbora dezente galdu du.

Lekittarra atzetik aritu da ordura arte, eta hirugarren jarri da, Donostiarraren aurretik. Iñaki Goikoetxea Lekittarrako patroiak adierazi du «intentsitate txikiarekin» aritu direla lehen erdian, eta bigarrenean, berriz, «askoz hobeto». Hain ondo, ezen San Juanekin aritu den lehen posturako borrokan, segundo oso gutxiren aldearekin. Azkenean, lehen txandan lehen postuan amaitu du Lekittarrak, 24:51ko denbora eginda; segundo luze bat geroago amaitu dute Pasai Donibanekoek.

Urdaibai nagusi ohorezko txandan

Ohorezko txandan ez da hainbesteko gorabeherarik izan. Getaria eta Zierbena atera dira lehen, eta, jarraian, Hondarribia eta Urdaibai. Zierbena eta Urdaibai paretsu ibili dira hasieran, baina Bermeokoek aurrea hartu dute aise. 23.38.99ko denboran egin dituzte lau luzeak, eta minutu erdi geroago heldu da Bizkaiko beste trainerua. Hondarribia izan da hirugarren, minutu pasako aldearekin, betiere Lekittarraren aurretik —hiru segundoren aldea atera dio hari—. Getaria atzean geratu da hasieratik, eta bi minutu pasa geroago igaro dira azken balizatik, Urdaibairekin alderatuz gero.

Gorka Aranberri Urdaibaiko traineruak argi du zein izan den irabazi izanaren gakoetako bat: «Olatuak zuzen hartzea izan da sekretua». «Itsasoa agresibo dagoenean, berdindu egin behar da agresibitatea; burua gogortu dugu», erantsi du.

13:08rako itsasbehera iragarrita zegoen, eta baretu du apur bat, olatu handiak Kontxatik joan ez diren arren. Bi kaletan egin ordez, bakarrean egin dute bi luzeko eta ziaboga bateko estropada. Bi minuturen aldearekin abiatu dira, txandaka-txandaka. Orio atera da lehendabizi, eta hark ezarri du denborarik onena, Arraun Lagunak-ekoak, azkenak atera direnak, arraunka hasi diren arte. Hori, arraunak kontra izanda, gainera: bi hondatu zaizkie Donostiakoei. Horiek horrela, 28 segundoren errenta atera diete Oriokoei, zeintzuek bigarren egin baitute. Gainontzeko traineruek gutxienez minutu bat gehiago behar izan dute proba amaitzeko.

Gaurko emaitza aurretik egindako lanarekin bat datorrela adierazi du Andrea Astudillo Arraun Lagunak-eko patroiak, erraza izan ez den arren: «Baldintzak zirenak ziren, eta arraun egin behar genuen. Bi arraun hautsi arren irabazteak bultzada hori eman digu».

Itsasoarekin borrokan aritu dira zortziak. Arraunean hasi aurretik zaila izan da trainerua geldirik edukitzea, eta hamar segundorekin zigortu dituzte Orio, Tolosaldea eta Ondarroa, behar baino aurrerago hasi dutelako estropada. Kaiku, bestalde, kaleratu egin dute, estropada zegokion lekuan ez amaitzeagatik; azken balizatik aldendu egin dira.

Gizonezkoak

1. Urdaibai: 23.38.99
2. Zierbena: +00.31
3. Hondarribia: +1.09
4. Lekittarra: +1.12
5. San Juan: +1.14
6. Donostiarra: +1.21
7. Ondarroa: +1.47
8. Getaria: 2.21

Emakumezkoak

1. Arraun Lagunak: 14.25.49
2. Orio: +00.28
3. Donostiarrra: +1.00
4. Zumaia: +1.12
5. Tolosaldea: +1.25
6. Ondarroa: +1.51
7. Deustu: +2.16
8. Kaiku: kaleratu egin dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.