32 urteren ostean, Euskal Herrian jokatu dute Espainiako Traineru Txapelketa, gaur, Donostian. Duela astebete toki berean jokatu zen Euskadikoa, eta garaileak orduko berberak izan dira: emakumezkoetan Arraun Lagunak, eta gizonezkoetan Urdaibai.
Lekua ez da berritasun bakarra izan, hiru urteren ostean berriro aritu baitira Euskal Herriko ontziak. Badu azalpena: abuztu hasieran jokatzen zen txapelketa, eta garai horretan euskal traineruak bete-betean aritzen dira euren ligetan. Duela hiru urte, KAE1 ligako Getaria, Kaiku eta Arkote aritu ziren, liga nagusietakoek estropadak zituztelako asteburu berean. Getariak irabazi zuen. Aurten, ordea, aurreratu egin dute txapelketa. Atzo jokatu ziren sailkatze estropadak, eta gaur finalak.
Gaur ere itsaso zakarra izan da, baina ez aurreko astean bezainbestekoa. Bi metro inguruko olatuak izan dira Donostiako itsasoan. Gizonezkoetan, Urdaibaik hasieratik hartu du aurrea, eta Zierbenak soilik eutsi dio estropada erdira arte. Hirugarren luzean egin dute ihes Bermeokoek. Azken ziabogan zazpi segundoren errenta zuten, eta helmugan bederatzirena izan da tartea. Hondarribia 53 segundora helmugaratu da, eta San Juan 1:17ra.
Urdaibaik, beraz, Bizkaiko, Euskadiko eta Espainiako txapelketak irabazita ekin dio denboraldiari. Gorka Aranberri patroiak EITBri aitortu dio garaipen horiek entrenatzen jarraitzeko «bizipoza» emango dietela.
Lau luze
Emakumezkoen estropadak ikusmin berezia sortu du, lehen aldiz gizonezkoen traineruek adina metro egin baitituzte. Hau da, proba lau luzera jokatu dute (5.556 metro), eta ez bira, Euskotren eta ETE ligetako estropadetan traineruek egiten duten moduan. Joan den igandean ere, leku berean, Euskadiko Txapelketan, emakumezkoen traineruek 2.778 metro egin zituzten bi luze eta ziaboga bateko ibilbidean.
Erronka ez zen makala, eta itsasoak are gehiago zaildu du. Traineruen erantzuna, ordea, bikaina izan da, eta estropadaren gidoia, gizonezkoenaren antzekoa: lehen bi luzeetan eutsi dio Oriok Arraun Lagunak-i, baina hirugarren luzean tartea handitu dute donostiarrek. Arraun Lagunak-ek 24 minutu eta 19 segundo behar izan ditu lanak amaitzeko, eta helmugan 27 segundo atera dizkio Oriori. Donostiarrak amaitu du hirugarren (+59) eta Astillerok laugarren (+1:49).