Arrauna Euskotren Liga

Arraun Lagunak-ek menderaezin jarraitzen du, eta hirugarren bandera jarraian astindu du

Euskotren ligako hirugarren estropada irabazi du Arraun Lagunak taldeak. Tolosaldea parean jarri da bigarren luzean, baina azkenean zazpi segundoko errentarekin heldu da Donostiako taldea.

Parean aritu dira Arraun Lagunak eta Tolosaldea azken 500 metroetan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Parean aritu dira Arraun Lagunak eta Tolosaldea azken 500 metroetan. ANDONI CANELLADA / FOKU
pettan uralde
2024ko uztailaren 6a
18:44
Entzun

Arraun denboraldia hasi zenetik hirugarren aldia izan dute traineruek Kontxako badian estropada jokatzen. Lehenik, Euskadiko Txapelketa izan zen; ondoren, Espainiakoa, eta, orain, Donostiako Bandera Euskotren ligako hirugarren jardunaldian. Hiru aldietan, txalupa berbera gailendu da Donostiako uretan, eta denboraldi hasiera honetan menderatu beharreko trainerua dela berretsi dute. Arraun Lagunak taldeak beste bandera bat altxatu du gaurkoan, orain arte izan duen lehiarik estuena izan bada ere. Izan ere estualdian jarri du Tolosaldeak bigarren luzean, baina azkenerako zazpi segundoko errenta atera dute Juan Mari Etxaberen arraunlariek. Hirugarren Orio izan da, eta laugarren, Donostiarra.

Lehen txandako traineruek sufritu dituzte lehenik itsaso zakarraren zailtasunak. Cabok, Tiranek, Hibaikak eta Hondarribiak estreinatu dute Fabrika Bandera, eta gainontzeko traineruei erakutsi diete zein zaila izan den trainerua menderatzea, beste behin, Donostiako itsaso zakarrean.

Lau traineruek zailtasuna izan dute hasierako balizan egonkortzeko, eta are zailagoa zuten branka haizeari eta itsasoari lerrokatzea. Hondarribiari lehen kale konplexua egokitu zaio, eta hasieratik saiatu da bigarren kalera hurbiltzen. Haizearen kontra zanbuluka aritu da Ama Guadalupekoa, eta laugarren kaletik, ordea, Cabo eroso aritu da irlaren babesean. Galiziarrak ziztu bizian atera dira, eta laugarren kale horrek ematen duen faboritismoa berretsi dute.

«Zail zegoen arraunean egiteko, eta ahalik eta txukunen egiten saiatu gara. Joaneko luzean, ea beste aurkarien pare ginen, eta, itzulikoan, olatuak hartzen saiatu gara. Ikusi da hor gaudela, eta bihar denbora hau hobetzera joango gara»

GARAZI ORMAZABALTolosaldeako arraunlaria

Aurreko asteburuan etxean aritu zen Cabo, baina ez zuen zapore gozoarekin amaitu estropada, eta beharrez zegoen Donostian eman duen itxura ona emateko. Kale ona zuen, bai, baina horrelakoetan aprobetxatu egin behar da, eta lortu du. Lehen luzean, hamalau segundo atera dizkio Hondarribiari, hogeita zortzi Tirani, eta 53 Hibaikari.

Helmugara airean iritsi dira Galiziarrak, baita Hondarribia ere. Miren Garmendia patroiak bikain gidatu du ontzi berdea itzuliko luzean, eta dotore iritsi dira helmugara olatu gainean. Azkenean zazpi segundoko tartea Cabo irabazlearen eta Hondarribiaren artean. Tiran 48 segundoko atzerapenarekin heldu da, eta Hibaika, sufrikario bizian, handik minutu bat eta hogei segundora.

Ohorezko txandan, kalerik gogorrena faboritoari tokatu zaio. Denboraldi hasieran aurkaririk izan ez duen Arraun Lagunak gainditzeko aukera ezin hobea zen gainontzeko lehiakideentzat, baina gaurkoan ere ez dute kale egin. Sufritzen jakin du Lugañeneko eskifaiak, eta momentu zailetatik ateratzen badakitela erakutsi dute Donostiako estropadan.

Oriok zuen kalerik erosoena; Arraun Lagunak-en aldean, oso garbi aritu da hasieratik. Lugañene zanbuluka ibili da hasieratik, baina erritmo gogorrean ez dute denbora galdu gainontzekoen aurrean. Tolosaldea Orioren kalera hurbildu da, baina epailearen abisua jaso du bertatik ateratzeko. Donostiarra, iazko garailea, atzetik aritu da lehen metroetatik.

Arraun Lagunak-eko arraunlariak bandera astintzen Donostiako kaian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Arraun Lagunak-eko arraunlariak bandera astintzen, Donostiako kaian. ANDONI CANELLADA / FOKU

Tolosaldea, ustekabea emateko zorian

Lan erdietan, Arraun Lagunak-ek eroso irabaziko zuela aurreikusten zen, Tolosaldea bigarrenari bederatzi segundoko errenta atera dioenean. Orio izan da hurrena, hamahiru segundora, eta Donostiarra hogeita sei segundora. Baina lehen bi traineruek lehia bizia izan dute ziaboga pasa orduko.

Itzuliko luzean gogotik estutu du estropada Tolosaldeak. Ramon Erostarbe entrenatzaileak behin baino gehiagotan adierazi dio Laiene Izagirre patroiari Arraun Lagunak-en erritmoa hartzeko aukeran zeudela. Esan eta egin. Pixkanaka gerturatuz joan dira, parean jartzeraino. Azkarrago ari zen Tolosaldea, eta bost segundoko koska palada gutxian murriztu du. Momenturen batean olatu bateko tartean ziren bi traineruak, eta Tolosaldea indar gehiagorekin ikusten zen.

Baina Lugañene hazi egin da, eta garaile sena erakutsi du beste behin. Etxaberen arraunlariek, aurkaria parean ikusi dutenean, azkenengo martxa sartu dute, eta hegan egin dute helmugara iristeko. Tolosaldea zazpi segundora heldu da azkenean, eta Oriok ere itzuli ederra egin du, hamar segundora helmugaratzeko. Donostiarrak gaur ere ez du egun ona izan, baina etxeko taldeak laugarren postua eskuratu du, eta bihar, Zierbenan (11:15, ETB1), ohorezko txandan arituko dira. Arraun Lagunak-ek laugarren garaipena bilatuko du.

San Juanek laugarren garaipena, eta astillerok lehena

Camargon (Espainia) aritu dira gaur KAE1 eta ETE ligako ontziak. Gizonezkoetan, San Juan gailendu da beste behin, eta beste garaipen bat eskuratu du. Oraingoz jokatutako bandera guztiak altxatu ditu Joseba Fernandezek gidatzen duen taldeak, eta erabat finkatu da sailkapeneko lehen postuan. ETE ligan, Zumaiak zituen orain arteko hiru garaipenak, baina Astillerok irabazi du gaurkoa, bere palmaresa estreinatzeko. Zarautz ere Zumaiaren aurretik sailkatu da. Bihar Portugaleten (Bizkaia) arituko dira, 16:00etatik aurrera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.