ARRAUNA EUSKOTREN LIGA

Arraun Lagunak-ek irabazi du Zarauzko Ikurrinaren lehen jardunaldia

Arraun Lagunak-ek zortzi segundo atera dizkio Ikurrina irabazteko lehian Oriori, eta bihar lortu dezake jokatutako estropada guztiak irabazteko marka.

Arraun Lagunak-eko arraunlariak pozik, estropada amaitutakoan. AITOR ARRIZABALAGA / TKAE
Arraun Lagunak-eko arraunlariak pozik, estropada amaitutakoan. AITOR ARRIZABALAGA / TKAE
pettan uralde
2024ko abuztuaren 17a
18:15
Entzun

Gizonezkoen eta emakumezkoen goi mailako historian inork lortu ez duen markaren bila beste pauso handi bat eman du gaur Arraun Lagunak-ek. Jokatutako bandera guztiak irabazi dituzte Juan Mari Etxaberen arraunlariek, eta Zarauzko Ikurrin preziatua altxatzeko lehian zortzi segundoren aldea atera dio bigarren izan den Oriori. Bihar lortu dezakete Ikurrina, eta denboraldi osoan bila ibili den errekor historikoa.

Ohorezkoan ez ezik, lehenean ere lehia bizia dago ligako azken asteburu honetan. Hibaikak gaur lortu zezakeen hurrengo denboraldian Euskotren ligan jarraitzea, baina, horretarako, bi punturen tartea atera behar zion Cabori. Orain arteko estropadetan, nekez lortu dute bi traineruek ontzi bat sartzea elkarren artean, eta gaur ere ez dute lortu.

Hondarribiak ez zuen ezer jokatzen sailkapenari dagokionez, baina Iker Cortesen arraunlariek beti egiten dute beren txanda irabazteko apustua. Horren bila, ziztu bizian atera dira semaforo berdea ikusi orduko, eta atzean utzi dituzte lehiakideak.

Kanporaketak saihesteko lehian, Cabok hartu du aurrea hasieran, baina Madalen ez da atzean geratu, eta gertutik jarraitu du aurkaria lehen luze osoan.

Ziabogatik aterata, Ama Guadalupekoa-k oraindik gehiago handitu du tartea, eta lehia bakarra Cabo eta Hibaikaren artekoa zen, Tiran oso urrun geratu baita. Hiru segundoren tartea zegoen bi ontzien artean luze erdian, baina azken txanparako utzi dute euren onena.

Helmugarako 500 metro falta zirela, segundo bakarrera gerturatu dira Iñaki Mendizabalenak, baina Galiziako taldeak azeleragailua sakatu du, sailkapenen nagusian hiru puntura gerturatzeko. Hondarribiak, erlojupeko proba pertsonala eginda, 11.24ko denbora markatu du helmugan, ohorezko txandakoek kontuan hartu beharrekoa. Cabo izan da hurrena, hamabost segundora, eta Hibaikak hemeretzi segundo gehiagoan amaitu ditu lanak. Tiran, atzerapen handiarekin, 52 segundora heldu da helmugara.

Estropada amaitzean, Hondarribiako patroiak, Miren Garmendiak, ez du ezkutatu haren poza, baina azken metroetan egindako lanarekin ez da oso gustura geratu, onartu duenez. Berak ere ziur ez zekiela, baina, azkenean, gainditzeko zaila zen denbora markatu du bere ontziak.

Ohorezkoan, oso bizi atera dira lau ontziak, branka sartzen lehenak izateko asmotan. Gutxi iraun die erritmo horrek Tolosaldeari eta Donostiarrari; izan ere, hiru segundo atzera izan dira laster. Oriok, ordea, txapelketako garaileari segundoko tartea ireki dio luzeko lehen erdian.

Lehen luzeko bigarren erdian, ordea, Arraun Lagunak-ek momentu gozoa izaten du normalean, eta gaur ere nabarmen igo dute arraunketa. Balizak moztu die erritmoa, eta lehen txandako erreferentziekin ere, ziur eman dute kolpea. Hondarribiak hiru segundoren abantaila zuen lan erdietan.

Azken luzean erabaki da

Hondarribiak lehen txandan eginiko denbora oztopo zuen Arraun Lagunak-ek, baina txandakide zuen Oriok ere marka historikoa zapuztu nahi zien. Ziabogan, tartean zituzten sei segundoetatik batera eta bira pasatu dira, eta Donostiarra ere ziztu bizian zetorren atzetik.

Baina txapeldunek erakusten duten sendotasun hori atera du Arraun Lagunak-ek, eta gainean zituen erasoak danbateko batekin uxatu ditu. Oriori koska atera dio helmugarako 500 metro falta zirela, eta olatu gainean joan da azken minutuetan, Hondarribiaren denbora gainditzeko. 11.13ko denbora markatu dute helmugan, Hondarribiaren lana hamaika segundoan hobetuta.

Azkenean, Oriok ere lehen txandako garailearen denbora hobetzea lortu du, Arraun Lagunak-ekoengandik zortzi segundora sartu baita helmugara (11.21). Ondoren, Donostiarra izan da, hamabost segundora. Txandako azkena Tolosaldea izan da, ziabogan luze joan baita, eta Arraun Lagunak baino hogei segundo gehiago behar izan ditu helmugara iristeko. Bihar lehen txandan arituko dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.