Iaz oso tarte txikietan sartu ziren lehen lau ontziak helmugan, baina gaur ez da lehia horren arrastorik ikusi. Denboraldi osoa nagusitasunez menderatu du Arraun Lagunak-en traineruak, eta Kontxako Banderan ere sasoi betean daudela berretsi dute. Bederatzi segundo sartu dizkiote Oriori, eta hamabi Tolosaldeari. Donostiarra hamahirura heldu da.
Hasiera garbia emanda ekin diote estropadari emakumezkoen traineruek lehen txandan. Orio, zeina Euskotren ligako ontzi bakarra baitzen txanda horretan, bakarkako lanean aritu da lehen kaletik. Aurkari nagusiak bigarren txandan izanik, ia erlojupeko proba bat bete beharrean zegoen Patxi Francesen taldea, eta modu horretan hasi du saioa. Irlatik gertuen dagoen kaletik ziztu bizian atera dira mirotzak.
Astillerok eta Chapelak eutsi diote hobekien Euskotren ligako ontziaren erritmoari. Kaikuk, teorian traineru apalenak, sufritu egin du laugarren kalea, Donostiako estropadetan ospe txarrena duena. Galiziako txapelduna ere sufritzen hasi da denborak aurrera egin ahala, eta Astillerok egin du ahalegin handiena estropada burua ez galtzeko. Kanpoko balizan 5:15eko denbora markatu du Oriok, Astillerok baino bost segundo azkarrago, Chapela baino bederatzi lehenago eta Kaiku baino 11 arinago.
Bigarren luzean hasi du Oriok erlojupekoa. Bere kaleari eutsita, gogotik estutu dute San Nikolas ontziko arraunlariek. Maider Etxaniz patroiak nahi zuena egin zezakeen bere ontziaren norabidearekin, eta hirugarrenera jo du irlaren erreboteak ekiditeko. Astillerok txalupa horiaren uberari jarraitu dio bigarren postuari eusteko asmotan, eta Chapelak gertutik jarraitu dio ontzi kantabriarrari.
Helmugan, bigarren txandako ontziek kontuan hartu beharko zuten denbora markatu du Oriok: Hamar minutu eta hogeita hamazazpi segundo. Astillero hamabi segundo geroago sartu da, eta Chapela, hamazazpi segundoko atzerapenarekin. Kaikuk gogotik sufritu du, eta Oriok baino hogeita lau segundo gehiago behar izan ditu lanak amaitzeko. Etxaniz, Orioko patroia, pozik mintzatu da estropada bukatuta: «Gure lana egitera atera gara, erlojupeko baten antzera. Osteguneko lana hobetu nahi genuen, eta txanda irabaztera atera gara».
Bigarrenen txandan espero zen lehia handiena, eta usteak bete egin dira. Lehen palakadetan abiada bizian atera dira lau ontziak, Arraun Lagunak nabarmenduta. Lugañene izan da Orioren lehen erreferentziak berdintzen ari zen traineru bakarra, eta Donostiarra aritu da haiei jarraitu nahian. Tolosaldeak ohi baino apalago egin du lehen luze erdia, eta Hibaika pixkanaka atzeratzen hasi da, haren benetako maila ez baita Euskotren ligako onenen parekoa.
Nagusitasunez
Arraun Lagunak-ek sailkatze estropada ikusgarria osatu du, baina ziabogan kale egin dute Juan Mari Etxaberen arraunlariek. Oriorekin zuten tarte txikia ikusita, balizako lana biribildu behar zuten, eta halaxe egin dute. Gainontzeko taldekideak atzean utzi ditu lan erdietan; Donostiarra lau segundora, Tolosaldea zazpira, eta Hibaika hamalaura.
Euskotren ligako garailearen aurkari bakarra Orioren denbora zen, eta hark ere erlojupeko saioa egin du bigarren luzean. Hirugarren kaletik laugarrenera jo du Andrea Astudillo patroiak, eta taldeak txandakideekin zuen nagusitasuna erakutsiz egin ditu azken 500 metroak. Dagoeneko hobetuta zuen Orioren denbora, baina denbora gutxian segundo tartea handituz joan dira. Hasieran bi segundoren tartea zuten, baina hamar segundoan handitu dute amaierarako.
Bigarren jardunaldiari begira alde itzela eskuratu du Arraun Lagunak-ek, Orioren denbora bederatzi segundoan hobetuta. Tolosaldea eta Donostiarra hamabi segundo pasatuta sartu dira, eta Hibaika, urrun, minutu erdi baino gehiagora. Xubane Uribarrena Arraun Lagunak-eko arraunlaria pozik geratu da egindako lanarekin: «Uste dut ez dugula inoiz horrelako alderik lortu lehen igandean. Lortutako tarte honek ere lasaitasuna ematen digu».