ARRAUNA

Arraun Lagunak-ek irabazi du Euskotren ligako lehen bandera

'Lugañene' traineruak erakustaldia eman du lehen txandan, eta denboraldiko lehen bandera astindu du Andrea Astudillok. Orio izan da bigarren, eta Tolosaldeak eta Donostiarrak osatuko dute bihar ohorezko txanda.

Arraun Lagunak-eko arraunlariak, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Arraun Lagunak-eko arraunlariak, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2024ko ekainaren 29a
18:15
Entzun

Arraun Lagunak-ek irabazi du Euskotren ligako lehen jardunaldia, Coruñan (Galizia). Donostiarrek estropada bikaina jokatu dute, hasi eta buka, eta ez dute aurkaririk izan. Lehen txandan aritu dira, Oriorekin batera, eta hamabi segundo azkarrago amaitu dituzte lanak. Mirotzak bigarren izan dira, txandan zein sailkapen nagusian. Hirugarrena Tolosaldea izan da, eta laugarrena, Donostiarra. Azken bi horiek bigarren txandan lehiatu dira, baina ezin izan dute lehen txandako aurreneko bi sailkatuen denbora hobetu. Hibaikak azken-azkenean lortu du azken postuari izkin egitea. Tiran baino hiru segundo bizkorrago izan dira errenteriarrak.

Zozketak hala erabakita, Tiran, Arraun Lagunak, Cabo eta Orio aritu dira lehen txandan. Bi euskal traineruak mokoka aritzea espero zitekeen lehen txanda horretan, baina ez zen hala izan. Arraun Lagunak indartsu irten da, eta hasiera-hasieratik aurreratu da. Hiru segundoren aldea lortu dute donostiarrek lehen minuturako, eta, tantaka-tantaka, handitu egin dute aldea ziabogara iritsi bitartean. Lan bikaina egin dute brankaz, eta ziabogara Oriorekiko zazpi segundoren aldearekin iritsi dira Juan Mari Etxaberenak. 

Estropadaren lehen erdia bikaina izan arren, burua hotz mantendu behar zuen Lugañene traineruak. Lehen bandera jokoan zegoen, eta txandakideekin ez ezik, bigarren txandakoekin ere bazeukaten lehia. Orio lau segundora ere gerturatu da ziaboga egin berritan, baina ameskeria hutsa izan da. Aldea gora eta gora joan da, eta, Mirotzek, brankaz galdu duten denbora bera galdu dute poparean ere. Maider Etxaniz patroi duen San Nikolas ontziak ezin izan die donostiarrei eutsi, eta, azkenerako, hamabi segundora amaitu dute estropada. Arraun Lagunak-en estropada bikaina izan da, eta gertu izan dute estropada eremu horretako errekorra. Oriok 2019an lortutako errekor hori lau segundora gelditu zaio Lugañene traineruari.

Galiziako bi traineruak, berriz, beste lehia batean aritu dira. Helburu argia dute aurten: mailari eustea. Iaz, azken bi postuetan sailkatu arren, ez zuten maila galdu, hala erabaki baitzen sasoia hasi aurretik. Elkarren arteko lehia bizia espero daiteke aurten, ez baitirudi Tiran iaz bezain apal arituko denik. Gaur, gipuzkoarrengandik urruti aritu dira hasiera-hasieratik. Cabok 21 segundo beranduago amaitu du ziaboga, eta haiek baino hiru segundo gehiago behar izan ditu Tiranek. Poparean, ordea, bestelakoa izan da Tiranen lana, eta alde egin dio Cabok. Azkenerako, Arraun Lagunak-ek baino 38 segundo gehiago behar izan ditu Cabok, eta 54ra iritsi da Tiran.

Tolosaldea, atzetik aurrera

Bigarren txandan aritu dira Hibaika, Tolosaldea, Hondarribia eta Donostiarra. Berehala hartu dute aurre Donostiarrak eta Tolosaldeak. Bi horiek dira udan ohorezko txandan egoteko hautagai nagusiak, Arraun Lagunak-ekin eta Oriorekin batera, eta gaur erakutsi dute hautagaitza hori. Mokoka aritu dira txandako bi oilarrak. Donostiarrak segundo baten aldea izan du, gehienez, ziabogara bitartean. Hala ere, albisteak ez ziren onak batentzat zein bestearentzat. Ziabogara segundo baten aldearekin iritsi da Donostiarra, baina biak ari ziren Orioren atzetik: bost eta sei segundo motelago, hurrenez hurren. 

Poparean, aldiz, Tolosaldea Donostiarra baino hobeto aritu da. Parean egin dute joaneko bidea, baina ziaboga egin eta berehala hartu du aurrea Ramon Erostarbek zuzentzen duen eskifaiak. Hiru segundoren aldea lortu du Tolosaldeak, baina Donostiarra ere ondo ari zen. Izan ere, lehen txandako bigarrenak, Oriok, bost segundoren aldea zeukan ziabogan. Baina segundo bakarrera gerturatu da Tolosaldea estropada amaitzeko bi minutu falta zirela. Arraun Lagunak-ek ziurtatuta zeukan bandera, baina bigarren posturako lehia handia zegoen. Saiatu, saiatu dira tolosarrak bigarren postu hori lortzen, baina, azkenerako, Oriok baino segundo bat gehiago behar izan dute estropada amaitzeko. Haiek baino hiru segundo beranduago amaitu ditu lanak Donostiarrak. 

Txandako beste bi ontziak lehia desberdinetan aritu dira. Hondarribiak erlojuaren kontrako lana egin behar izan du; aurreko biengandik urrun, baina Hibaikari alde nabarmena aterata. Ziabogan zazpi segundoren galera zeukaten txandakideekin, eta, amaieran, hamaseikoa izan da aldea. Hibaikak, berriz, azkenean libratu du sailkapen nagusiko azken tokia. Lehen txandako azken sailkatua baino hiru segundo makalago ari zen Madalen trainerua ziaboga garaian, baina, azkenerako, galiziarrak baino hiru segundo azkarrago amaitu dituzte lanak.

Bueun, bost urteren ostean

Bihar ere Galizian ariko dira Eusko Label zein Euskotren ligetako traineruak; Bueun. Herriko arraun taldea aurten ari da estreinakoz Eusko Label ligan, iaz kanporaketetan bigarren postuan sailkatu ostean. Hala ere, estropada eremua ez da berria. Duela bost urte bertan aritu ziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.