Kontxako Bandera

Arraun Lagunak-ek ez du huts egin, eta Kontxako Bandera irabazi du

Estropada eta bandera irabazi ditu Juan Mari Etxaberen taldeak. Bigarren bandera dute jarraian, eta azken lau urteetako hirugarrena.

Arraun Lagunak-eko arraunlariak banderarekin, gaur, Donostiako kaian. JON URBE / FOKU
Arraun Lagunak-eko arraunlariak banderarekin, gaur, Donostiako kaian. JON URBE / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2024ko irailaren 8a
11:00
Entzun

Faboritoak ziren, eta joan den igandean lortutako aldea zeukaten. Eta ez dute huts egin. Arraun Lagunak-ek irabazi ditu Kontxako bandera eta bigarren estropada. Uda osoan erakutsi duten maila erakutsi dute gaur ere, eta nagusitasunez gailendu dira Lugañene ontzikoak. Donostiarra izan da estropadan bigarren, sei segundora, eta laugarren postutik bigarrenera salto egin du sailkapenean ere. Arraun Lagunak-ek bigarren urtez jarraian irabazi du Kontxako Bandera; gainera, azken lau urteotako hirugarrena dute.

Hasieratik sartu du branka aurretik Juan Mari Etxaberen taldeak. Lehen minutu erdian segundo bat atera die aurkari guztiei, eta bigarren minutuan bi segundorena zen aldea. Luze aritu dira arraunean, eta pixkanaka aldea handitu. Beste hiru ontziek lehia estua izan dute. Donostiarra, Tolosaldea eta Orio elkarren ondoan aritu dira, aurrea hartu ezinda. Tolosaldea kamuts hasi da, baina hobe aritu da lehen luzearen amaiera aldean, eta hobeto iritsi da ziabogara. 5.08an egin du lehen luzea Arraun Lagunak-ek, eta lau segundora iritsi da Donostiarra. Haiengandik segundo bakarrera heldu dira Tolosaldea eta Orio.

Poparean lanean hasi eta berehala lehertu du estropada Arraun Lagunak-ek. Iragan larunbatean lan bikaina egin zuten bigarren luzean, eta gaur ere berdin. Aurkariak atzean utzi, eta bakar-bakarrik egin dute itzulerako bidea. Denbora bikaina lortu dute, gainera, eguraldi petrala kontuan hartuta. 10 minutu eta 36 segundoan amaitu dituzte lanak.

Donostiako beste ontzia izan da bigarrena, Donostiarra. Haiek ere estropada bikaina egin dute, hirugarren kaletik, eta, hala, sailkapen nagusian aurrepausoa eman. Tolosaldea baino hiru segundo azkarrago aritu dira, eta sei segundo atera dizkiote Oriori. Laugarren ziren, eta bigarren amaitu dute azkenean. Orio laugarren izan da txandan, baina hirugarren amaitu du sailkapen nagusian. Segundo bakarraren aldea atera dio Tolosaldeari.

Astillero lehen txandan

Lehen txandan, oso berdinduta ibili dira ETE ligako eta Galiziako ligako ontziak. Astillerok, Chapelak eta Kaikuk parean egin dute lehen luzea, eta halaxe iritsi dira ziabogara. Astillero izan da azkarrena; 5.15ean egin dute lehen luzea. Chapela haiengandik segundo bakarrera iritsi da, eta Kaiku bira. Hibaika berehala gelditu da atzean. Ontzi hori maila gorenean lehiatzen den arren, estropada hasi denetik beretik galdu denbora. Hamar segundo galdu dituzte bost minutuko lanean.

Astillerok gozatu egin du poparean. Kantabriarrak lehen abisua eman dute kanporaketen aurretik egin duten azken estropadan. Irlaren ondo-ondotik egin dute itzulerako bidea. «Beroketan geure burua ondo sumatu dugu alde horretatik, eta bide beretik joatea erabaki dugu estropadan». Kaikuk eta Chapelak lehia estua izan dute estropadaren eremuaren erdi-erdian. Arraunak gertu izan dituzte tarte batean, baina ondo bideratu dute egoera. Markaketa zorrotza egin diote elkarri, baina, azkenean, Kaikuk aurrea hartu die galiziarrei. Hibaikak lehen luzean bezainbeste denbora galdu du bigarrenean ere: hamar segundo. Hogei segundo galdu ditu guztira.

Kontxako Bandera. Sailkapen nagusia

1- Arraun Lagunak. 21.04.42

2- Donostiarra. 21.25.08

3- Orio. 21.25.72

4. Tolosaldea. 21.26.60

5. Astillero. 21.45.10

6. Chapela. 21.56.08

7. Kaiku. 22.02.00

8. Hibaika. 22.17.14

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.