Lugañene-k ezin hobeto hasi du denboraldia. Gipuzkoako, Euskadiko eta Espainiako txapelketak irabazita, Arraun Lagunak sasoi betean heldu da denboraldi hasierara, eta hala erakutsi du Euskotren ligako lehen bi estropadetan, Galizian, atzo Coruñan eta gaur Bueun.
Bigarren jardunaldian, hasieratik amaierara arte izan dira buruan donostiarrak. Ohorezko txandan, Juan Mari Etxabek prestatutako neskek Tolosaldeak baino zortzi segundo gutxiagoan amaitu dituzte lanak; bederatzi atera dizkiote atzo bigarren izan zen Oriori, eta hamasei Donostiarrari. Hiru traineru horiek gogotik egin beharko dute lan banderak astintzeko.
Baldintzak egokiak ziren gaur arraunerako. Lehen txanpan parean ibili ostean, ziabogara heltzerako bost segundoren tartea zuen Lugañene-k, eta areagotu egin du bigarren luzean. Tolosaldearen eta Orioren arteko lehia izan da estropadako zirraragarriena: segundo bakarrean helmugaratu dira bi ontziak. Atzetik aurrerakoa egin dute tolosarrek.
Lehen txanda Hibaikak irabazi du, Hondarribiarekin lehia estua izan ostean. Tiran eta Cabo galiziarrak sailkatu dira azken postuetan.