Arratek bizirik jarraitzen du

Eibarko taldeak zuzendaritza berria du, eta aldundiaren laguntzak etorkizuna ziurta diezaioke

Erredakzioa
Donostia
2011ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Arrate ez da desagertuko, ez oraingoz. Herenegun Eibarren eginiko ezohiko batzar orokorrean zuzendaritza batzorde berria osatu zuten, eta orain Gipuzkoako Aldundiaren esku dago taldearen etorkizuna. Taldeak 400.000 euroko diru laguntza eskatu dio, eta, lortuz gero, Arrateren etorkizuna ez da hain iluna izango. Halere, argia oso urrun dago, behin laguntza jasota taldearen egitasmo profesionala bideragarria dela sinetsarazi beharko baitio Asobal ligari.

Arrateren inguruko hiru pertsona ezagunek osatuko dute batzorde berria: Juan Bergara Kamiño presidente ohi eta jokalari ordezkariak, Jose Mari Usatorre jokalari ohiak eta Koldo Goenagak. Aurreko batzordeak dimisioa eman zuen herenegun, eta egitasmoa zuzenduko zuen beste talde bat osatzea ezinbestekoa zen Arrate ez desagertzeko. Orain, giltza aldundiak du, Natasha Bergara kudeatzaileak batzarrean azaldu bezala. «Batzorde berriarekin, orain gehiago saiatu behar dugu. Aldundiaren erabakia hurrengo asterako espero da, eta hori da garrantzitsuena orain». Gipuzkoako Aldundiko aurreko agintariek ukatu egin zioten azken laguntza, baina badirudi hautatu berriek begi onez ikusi dutela eskaera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.