Arratek batzarra egingo du 15ean, eta baliteke taldea desagertzea

Azken orduko diru sarrera batek Arrate salbatzen badu, etxetik kanpo hasiko du liga, San Antoniok bezala

Erredakzioa
Donostia
2011ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Helburua irautea denean, beste xehetasun guztiek garrantzia galtzen dute. Atzo egin zen Asobal ligako 2011-2012ko denboraldirako egutegiaren zozketa, baina Eibar aldean ez zioten askorik erreparatu. Klubaren iraupena jokoan dauka Arratek. Hurrengo asterako, ostiralerako, ezohiko batzarra dago iragarrita (19:30ean hasiko da), eta kluba likidatzeko aukera ere aztertuko dute bertan. Halere, jakinekoa da dagoeneko azken hilabeteetan lanean aritu den kudeatzaile batzordeak dimisioa emango duela. Une honetan zor handia dauka pilatuta Arratek—1,9 milioi euro ingurukoa—, eta presidentetzarako hautagaitza aurkezteko epea joan den astelehenean amaitu zen, eta inor ez zen aurkeztu. Taldeak 400.000 euro eskatu dizkio Gipuzkoako ahaldun nagusi berriari, eta jaso ezean, aurrera egitea ezinezkoa da.

Hala, bada, Arratek ez zion jaramon askorik egin Asobal ligako zozketari. Baina aztertzen hasita, ez zaio egutegi samurra egokitu. Amaya Sport San Antonioren moduan, eta arazo ekonomikoei aurre eginez gero, etxetik kanpo ekingo dio ligari Arratek, Granollersen pistan, irailaren 10ean. Hasi bezala, amaitu ere etxetik kanpo amaituko du liga Arratek, Ciudad Encantadaren pistan, 2012ko ekainaren 2an.

San Antoniok liga hasiera erosoagoa izango du. Izan ere, Huescaren pistan jokatuko dute nafarrek lehen partida, Antequeraren bisita jasoko dute bigarren jardunaldian, Academia Octavioren pistara joango dira gero. Liga amaiera gogorra izango du, halaere, San Antoniok, azkenaurreko jardunaldian Atletico Madrilen aurka ariko delako —orain arteko Ciudad Real—, eta azken jardunaldian Valladoliden aurka, etxetik kanpo. Denboraldiko bi derbiak azaroaren 19an eta 2012ko apirilaren 21ean jokatuko dira. Lehenengoa, Iruñean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.