Arrate eskubaloi taldea bere azken orduetan dago kirol erakunde moduan. Egungo zuzendaritzak ez du lortu Gipuzkoako Foru Aldundiak behar adinako diru laguntzarik ematea, eta dimisioa emango du aurki deituko duten ezohiko bazkide bileran. Zuzendaritzak 400.000 euro gehiago behar ditu bere bideragarritasun plana abian jartzeko, eta epeak murrizten ari dira, hilaren 22rako erakutsi behar baitio Asobali jokalariekin duen zorra kitatzeko moduan egongo dela.
«Guk ez dugu lortu aldundia sentsibilizatzerik, eta horregatik emango dugu dimisioa. Miraririk ez badago, Arratek desagertzeko duen arriskua %90ekoa da», hala azaldu zuen atzo Juan Bergarak, egungo zuzendaritzako buruak, taldearen egoera. Bergarak Gipuzkoako Aldundiarekin izandako azken bileraren ondoren hitz egin zuen, eta diru gehiago ez zegoela entzun berritan.
Arratek 700.000 euro behar ditu bizirik irauteko, bai behintzat zuzendaritzak diseinaturiko bideragarritasun planaren arabera. Arratek 400.000 euroko ezohiko diru laguntza eskatu zion aldundiari —300.000 eman izan balizkioteEibarko Udala beste 100.000 jartzeko prest zegoen—, eta heldu den urteko ohiko laguntza aurreratzea. Aldundiak, baina, 300.000 euroko hurrengo urterako ohiko laguntza aurreratzea baino ez zuen onartu, haren lehentasuna ez delako «kudeaketa txarrarengatik galera handiak dituzten taldeak salbatzea».
Zuzendaritzako kideak atzo berriz ere bildu ziren aldundiarekin agiri berri batzuk aurkezteko, baina erantzun bera jaso zuten. «Dirurik ez dutela esan digute, eta emango diguten bakarra ohiko diru laguntza dela. Egoera honetan dimisioa ematea baino ez zaigu gelditzen», aurreratu zuen Bergarak. Zuzendaritzak bazkide batzarra antolatuko du, eta emaniko pausoak azalduko dituzte karguak utzi aurretik. Ekaineko ezohiko bileran, aurreko zuzendaritzak dimisioa eman zuenean, egun dagoena bakarrik agertu zen taldea hartzeko prest, eta ez da espero beste hautagairik.
Zuzendaritzarik gabe eta zor handiarekin, 1947an sortutako elkarte honek une oso gogorrak bizi ditu. Aurretik ere jaitsi izan da mailaz, baina oraingoan elkartea desager daiteke. Arratek, Asobal taldeaz gain, hamasei talde ditu behe mailetan, eta Bingo baten jabe da Eibarren.
Arrate, desagertzear
Zuzendaritzak dimisioa emango du ez dituelako lortu taldea bideragarri egiteko behar dituen 400.000 euroak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu