Arrastoa utzi dute

Azken urteetan punta-puntan ibilitako zenbait ziklistak erretiroa hartu dute edo hartuko dute aurki: Vincenzo Nibalik, Alejandro Valverdek, Philippe Gilbertek eta Tom Dumoulinek.

Tom Dumoulin. BERRIA.
Julen Etxeberria.
2022ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Amaitzear dago txirrindularitza denboraldia, eta hura amaitzean hartuko dute erretiroa azken urteetan punta-puntan ibili diren zenbait txirrindulari handik. Garaipenen zerrendari erreparatuta, lau nabarmentzen dira: Vincenzo Nibali (Messina, Italia, 1984), Alejandro Valverde (Las Lumbreras, Espainia, 1980), Philippe Gilbert (Verviers, Belgika, 1982) eta Tom Dumoulin (Maastricht, Herbehereak, 1990). Nibali eta Valverde gaur ariko dira azkenekoz goi mailako proba batean, Lombardiako Giroan. Gilbert, berriz, bihar lehiatuko da azkenekoz, Paris-Toursen. Dumoulinek, ordea, abuztuan utzi zuen bizikleta betiko.

VINCENZO NIBALI
'Marrazoaren' goseaz

Marrazoa deitzen diote Nibaliri (Astana). Aukeran datorkio, hozkadaka ibili baita profesionaletan aritu den hemezortzi urteetan: 53 garaipen eskuratu ditu. Bederatzi txirrindularik bakarrik irabazi dituzte hiru itzuli handiak, eta horietako bat da Nibali: bitan nagusitu da Italiako Giroan (2013an eta 2016an), behin Frantziako Tourrean (2014an), eta beste behin Espainiako Vueltan (2010ean).

Beste zazpi aldiz igo da podiumera: lautan Giroan, bitan Vueltan, eta behin Tourrean. 11 aldiz sailkatu da aurreneko hiruren artean. Lau txirrindularik bakarrik egin dute hori gehiagotan: Jacques Anquetilek, hamahirutan; eta Eddy Merckxek, Bernard Hinaultek eta Felice Gimondik, hamabitan. Itzuli handi guztietan irabazi du etaparen bat Nibalik; guztira, hamabost eskuratu ditu.

Baina itzuli handietan ez ezik, bikain moldatu da monumentuetan ere, klasiko handienetan: bitan irabazi du Lombardiako Giroa, eta beste behin Milan-Sanremo.

ALEJANDRO VALVERDE
Irabazle peto-petoa

Aseezina izan da Valverde (Movistar) profesionaletan lehiatu den 21 urteetan; aseezina, eta irabazle peto-petoa. Haren palmaresari erreparatu besterik ez dago: 133 garaipen lortu ditu. Denetarik dago horien artean: batetik, hemezortzi etapa irabazi ditu itzuli handietan —hiruretan nagusitu da—; bestetik, bost aldiz gailendu da Fleche Wallonen —inor baino gehiagotan—, lautan Lieja-Bastogne-Liejan, eta bitan Donostiako Klasikoan; eta behin izan da errepideko munduko txapeldun, 2018an. Horrez gain, bederatzi aldiz igo da podiumera itzuli handi batean: zazpi aldiz Vueltan —2009ko ekitaldia irabazi zuen—, eta behin Tourrean eta Giroan. Ondo moldatu da itzuli laburragoetan ere: hiru aldiz nagusitu da Kataluniako Voltan, bitan Dauphinen, eta behin Euskal Herriko Itzulian.

Badu alde ilunik ere. Izan ere, bi urteko zigorra bete zuen 2010etik 2012ra, Puerto auzian nahastuta egon eta gero. Zigor horren ondorioz, hainbat garaipen kendu zizkioten. Bestela, are eta beteagoa izango litzateke haren palmaresa.

World Tourreko txirrindulari helduena izan arren (42 urte), sasoiari eusten dio oraindik. Azken egunetan, garaipenaren usainean ibili da. Ez harritu gaur ere irabazteko lehian badabil. Agur esateko modu ederra litzateke.

PHILIPE GILBERT
Klasikozalea, hizki larriz

Gilbertek ere (Lotto-Soudal) ibilbide luze eta oparoa eginda hartuko du erretiroa: hogei urtez aritu da profesionaletan, eta 82 garaipen lortu ditu. Inoizko klasikozalerik onenetakoa izan da: irabaz daitezkeen klasiko ia guztiak irabazi ditu. Monumentuen artean, Milan-Sanremon bakarrik ez da nagusitu —bitan izan da hirugarren—; bitan irabazi du Lombardiako Giroa, eta behin Flandriako Tourra, Paris-Roubaix eta Lieja-Bastogne Lieja. Beste makina bat klasikotan ere gailendu da: lautan Amstel Gold Racen; hirutan Fleche Brabanzonen;bitan Paris-Toursen eta Omloop Het Nieuwsbladen; eta behin Strade Bianchen, Fleche Wallonen eta Donostiako Klasikoan. Urte berean Ardenetako Hirukoa irabazi duten bi txirrindularietako bat da; Davide Rebellin da bestea. Errepideko munduko txapeldun ere izan da (2012an), eta 11 etapa irabazi ditu itzuli handietan: zazpi Vueltan, hiru Giroan eta bat Tourrean.

TOM DUMOULIN
Bere burua izan du aurkari

Dumoulinek ez du sasoia bukatu arte itxaron nahi izan erretiroa hartzeko. Nahi, nahi zuen, baina iritzia aldatu zuen, argudiatuta «hustuta» zegoela eta hankek «pisatu» egiten ziotela. Ez zen jota zegoen lehen aldia. 2021ean, urte eta erdiz egon zen lehiatu gabe, buruari atseden emateko; estresak eta presioak jota zegoen. Itzuli egin zen, baina urtebete baino ez zuen iraun. Nahi eta ezin ibili ondoren, kito esan zuen. Nibalirekin, Valverderekin eta Gilbertekin alderatuta, oso gazte hartu du erretiroa: 31 urte besterik ez du.

Halere, garaipen zerrenda ederra osatuta joan da. Behin irabazi du Giroa (2017), eta bitan sailkatu da bigarren Giroan eta Tourrean (2018). Bederatzi etapa irabazi ditu itzuli handietan: lau Giroan, hiru Tourrean, eta bi Vueltan. Erlojupekoan moldatu da ondoen: behin izan da munduko txapeldun (2017), eta bitan olinpiar txapeldunorde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.