Javier Ruiz de Larrinaga

Arrasto luze eta sakona

Javier Ruiz de Larrinagak sasoi honen bukaeran hartuko du erretiroa, 39 urterekin, ziklo-krosean hamahiru urtez punta-puntan aritu ondoren. Garaipen zerrenda ederra osatu du.

enaut agirrebengoa
2019ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Bizikletatik jaitsi eta lokatz orbanak behin betiko garbitzeko garaia dela deliberatu du Javier Ruiz de Larrinagak. Aurreko astean eman zuen erabakiaren berri, Beasainen (Gipuzkoa), Euskadiko Txapelketa laugarren aldiz irabazi berritan. Denboraldia amaitzean itxiko du hamahiru urteko ibilbide oparoa. 2006an murgildu zen ziklo-krosean, errepidean jarraitzeko aukerarik gabe gelditu ondotik, eta ez da apustuaz damutuko. Izan ere, kirol horretan mito bilakatu da urteen joanean, guztira 76 garaipen lortuta. Besteak beste, lau aldiz izan da Euskadiko txapeldun—2006an, 2008an, 2014an eta iaz—, eta bost bider nagusitu da Espainiakoan —2009an, 2011n, 2012an, 2014an eta 2016an—.

«Aldaketa honi aurre egiteko garai aproposa da. Sasoi onean utziko diot lehiatzeari», azaldu zuen arabarrak erretiroaren berri ematean. Azken emaitzek haren hitzak berresten dituzte, Euskadiko Txapeldun bihurtu eta gero, herenegun irabazi egin baitzuen Ormaiztegiko (Gipuzkoa) ziklo-kros saria, Euskal Herriko egutegiko azken proba. Hots, modurik onenean agurtu ditu etxeko zirkuituak. «Garaipen polita izan zen, oso lasterketa berezia baita niretzat. Bederatzi aldiz irabazi dut bertan, eta han lortu nuen nire lehenengo Euskadiko Txapelketa».

Aurrez, abenduaren 9an, bere garaipen zerrenda ederrari beste ale bat gehitu zion Igorren (Bizkaia). Sekula irabazi gabea zen garai batean Munduko Kopako egutegian egondako proba, eta bere ibilbidearen hondarrean atera du arantza. «Egun, ez du garai bateko sona, baina beti da ederra garaipenen bilduma zabaltzea».

Txikitatik egon da txirrindularitzari lotua Ruiz de Larrinaga. Ziklista profesionala zuen osaba, Jesus Ibañez, eta haren urratsei jarraitzea erabaki zuen arabarrak. 4 urte eskasekin sartu zen Zuiako (Araba) txirrindularitza klubean, eta geroztik ez dio utzi pedalei eragiteari. Errepidean profesionaletara iristea lortu zuen, bide malkartsua gainditu ostean. Olarran, Euskaltel-Euskadiren harrobiko taldean jardun zuen afizionatu mailan, baina, emaitza onak lortu arren, ez zitzaion lehen taldera jauzi egiteko aukerarik iritsi. Kaiku taldearekin egin zuen debuta elitean, 2005ean, baina urtebete geroago taldea desegin, eta amaitu egin zen ametzagarraren ametsa. Saiatu zen beste talderen bat aurkitzen; alferrik, ordea.

Alabaina, ez zuen bizikleta ganbaran gordetzeko intentziorik, eta 2006an ziklo-krosean proba egitea erabaki zuen. Orduan, pentsaezina zen harentzat horren ibilbide arrakastatsua egingo zuenik. «Neure burua aldarrikatzeko hasi nintzen ziklo-krosean. Lehen neguan, gogoa oraindik errepidean neukan. Ordea, lokatzetan ondo molda nintekeela ikusi nuen, pixkanaka-pixkanaka teknika landuz joan nintzen, eta, azkenean, hamahiru urte eder izan dira». Atzera so eginda, egindako lan eta borrokarekin gelditzen da. «Gauzak beti izerdiaren bidetik lortu izan ditut. Ziklo-krosa oso diziplina gogorra da, oso laguntza gutxi dago, eta nik neuk atera ditut babak eltzetik. Garaipenei baino gehiago, nazioartean onenekin lehiatu izanari ematen diot garrantzia».

Azken urteetan, gutxiagotan altxatu ditu besoak. Horren zergatiak garbi ditu arabarrak: «Txirrindularien mailak gora egin du, ni zahartuz joan naiz, eta, gainera, nazioarteko egutegian jarri dut arreta. Alde horretatik, burugogorra izan naiz, eta pozten naiz. Atzerrian lehiatuta, garaipen gutxiago lortu ditut etxean, baina ez naiz inondik inora ere damutzen».

Azken txanpari so

Etorkizunari begira, oraindik ez daki zehatz-mehatz zer egingo duen. Dena den, aitortu duenez, ziklo-krosari lotuta jarraitu nahiko luke. Iazko irailean campus bat antolatu zuen urte hauetan guztietan ikasitakoa gazteei irakasteko, eta gustatuko litzaioke etorkizunean zeregin horretan jarraitzea. «Ez dago ezer gazteei laguntzeko, eta polita litzateke halako bultzada bat ematea. Gustuko dut lan hori».

Edonola ere, aurrera begira jarri aurretik, bere kirol ibilbideko azken hilabeteaz «gozatu» nahi du. Lehenik, igande honetan Pontevedran (Galizia) jokatuko den Espainiako Txapelketan hartuko du parte. «Lasai» iritsiko omen da, «beste urte batzuetako beharrik gabe». Gainera, «denboraldiko unerik onenean» dago. «Halako txapelketetan dena egun bakarrean jokatzen duzu, baina ez zaizkit konfiantza eta anbizioa falta». Irabaziz gero, seigarren garaipena luke, eta David Secoren eta Jose Luis Talamilloren marka berdinduko luke. Edonola ere, ez dago horrekin itsututa. «Gingarik onena litzateke, baina ez dut presiorik. Badakit pentsaezina dela kasik. Besterik gabe, ahalik eta gogo eta ilusio handienarekin korrituko dut».

Ondoren, Munduko Kopako bi probatan hartuko du parte, eta, bukatzeko, Bogenseko (Danimarka) Munduko Txapelketan izatea gustatuko litzaioke. Uste du badituela maila eta sasoia bertan lehiatzeko, baina, era berean, adina oztopo izan dezake. «39 urte ditut, eta niri gehiago exijitu beharko didate, Munduko Txapelketara banoa tokia kenduko baitiot gazteren bati». Nolanahi ere, bere ibilbideak sari hori merezi duela deritzo. «Agur paregabea» omen litzateke: «Emaitza aldetik, garbi dago oso zaila izango dela postu on bat lortzea, baina bertan izatea urte hauetan guztietan egindako lan eskergaren aitortza izango litzateke niretzat. Ez Espainiako selekzioarekin lehiatzeagatik, baizik eta onenekin borrokatuta amaituko nukeelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.