Hasten den guztiak dauka bukaera bat. Eta Jagoba Arrasatek Osasunaren aulkian izaniko aro historikoa aurten amaitu da. Teknikari bizkaitarrak martxoaren 26an eman zuen kluba uzteko erabakiaren berri, eta bi hilabete geroago zuzendu zuen talde gorritxoa azken aldiz. Sei denboraldiko ibilbide ahaztezina utzi zuen atzean. Zinez arrakastatsua izan zen entrenatzaile bezala, eta oso maitatua eta miretsia pertsona gisa. Hark alde egiteak zale askoren haserrea piztu zuen: Arrasate konbentzitzeko behar besteko ahalegina ez egitea leporatu zieten agintariei. Dardarka hasi zen zorua. Baina ez da pitzatu, Vicente Morenok bere onera ekarri baitu egoera. Talde lehiakorra eratu du entrenatzaile berriak, etxean batik bat. Ilusioa azkar itzuli da Sadarreko harmailetara.
MALENKONIAK JOTA
Garaipen aringarriak
Europatik begi kliska batean kanporatua izan ondoren, urteari bi erronka handirekin ekin zion Osasunak. Alde batetik, aurrenekoz jokatu zuen Espainiako Superkopa, 2023ko Kopako azpitxapeldun gisa. Bartzelonaren kontra jokatu zituen finalaurrekoak, eta bertan amaitu zitzaion ametsa: 2-0 nagusitu zen Kataluniako taldea. Espainiako Kopako bidea ere oso laburra izan zen gorritxoentzat. Izan ere, Superkopan galdu eta astebetera, Realak 0-2 garaitu zituen final-zortzirenetako kanporaketan.
Kolpe horien ondoren, nahiko emaitza onak eskuratu zituzten Ligan, eta Europako postuetatik bost puntura jarri ziren 30. jardunaldian Almeriari 0-3 irabazi eta gero. Hain justu, hori izan zen agurraren berri eman ondoren Arrasatek zuzendu zuen lehen partida. Bada, handik aurrera, garaipen bakarra lortu zuten nafarrek. Ez zen edozein garaipen izan: 1-4 irabazi zuten Atletico Madrilen zelaian, azken-aurreko jardunaldian. Bukaera malenkoniatsua izan zuen Arrasateren aroak, baina partida hartan gutxienez gozatu egin zuten zaleek. Otsailean, berriz, Osasunak aspaldiko madarikazioa puskatu zuen Anoetan: ia hogei urteren ondoren irabazi zuen bertan. Arrasateren iragarpenaren aurretik izan zen hori.
ALDAKETA LASAIA
Fitxaketa egokiak
Munduaren akabera zirudien bizkaitarrak alde egiteak. Baina ez da hala izan. Braulio Vazquez kirol zuzendariak Vicente Morenori eman zion lema, eta asmatu egin zuen, orain arte ikusitakoak ikusita. Sasoi bakarrerako kontratua sinatuta, ideia garbiekin iritsi zen Moreno Iruñera. «Jarraipena emango diegu Jagobaren agindupean egin diren gauza on guztiei», esan zuen aurkezpeneko prentsa agerraldian. Bada, esan eta egin. Azken urteetako jarduna eredutzat hartu, eta batasuna, lehiakortasuna eta bizitasuna ipini ditu ardatzean.
Debut txarra izan zuen, etxean Leganesen aurka berdinduta. Hortik aurrera, baina, gorritxoek distira egin dute Sadarren. Zaleek ez dute berehalakoan ahaztuko, adibidez, Bartzelonaren aurka lortutako garaipena. Haatik, Gironaren eta Real Madrilen zelaietan jasotako astinduak ere gogoan izango dituzte. Bisitari gisa etxean baino uzkurrago aritu dira. Hori bai, Realari Anoetan irabazi diote berriz ere. Sentsazio orokorrak oso onak izan dira. Horretan zerikusia du jokalari berrien ekarpenak: Bryan Zaragoza, Boyomo eta Abel Bretones oso garrantzitsuak izan dira hasieratik.
GOLEGILE BERBERA
Eta kapitain ezberdina
Aulkian ez ezik, zelaian ere buruzagi aldaketa izan da sasoi batetik bestera. Izan ere, David Garciak Qatarrera joatea erabaki zuen, Osasunan 10 denboraldi eta 305 partida jokatu ostean. Bada, besokoa Sergio Herrerak darama orain. Taldeetako ikurretako bat da, eta atepean erakustaldi handiak egin ditu aurten. Puntuak ematen dituzten atezain horietako bat da. Alabaina, Ante Budimirren golek dakarkiote etekinik handiena Osasunari. Sareratutako baloiei erreparatuz gero, 2024a kroaziarraren ibilbideko urterik onena izan da. Iaz ere oparo aritu zen: 16 gol sartu zituen. Aurten, ordea, hogei golen langa bota du.
Gehiago ere izango ziren, apirilean saihetseko lesioa izan ez balu. Valentziaren aurka hartu zuen min, aurpegiko maskara kendu zuen egunean. Izan ere, aste batzuk lehenago, aurpegian haustura izan zuen Las Palmasen zelaian, eta lau partida jokatu behar izan zituen babeskia jantzita. Ez zion eragotzi golak sartzea. Haatik, gelditu beharrean izan zen Valentziaren aurkako neurketaren ondoren. Egun hartan, min hartzeaz gain, penalti bat modu harrigarrian huts egin zuen. Haatik, partida hark ez dio arrastorik utzi, eta haren jaurtiketek behin eta berriz gainditu dute goleko arrastoa. Okerrik ezean, Lehen Mailan Osasunak inoiz izan duen golegilerik emankorrena bihurtuko da 2025ean, Sabino Andonegiri aurrea hartuta.
BULTZADA HARROBIARI
Hauteskundeak datoz
Berriki hamar urte bete dira Luis Sabalza Osasunako presidente izendatu zutenetik. Mugarri asko izan da zangozarraren agintaldi luzean, eta azkenak klubaren giltzarriarekin du zerikusia; harrobiarekin, alegia. Izan ere, irailean Taxoareko instalazioak handitzeko proiektua aurkeztu zuen Iruñeko klubak. Hainbat zelai egingo dituzte duela bi urte Nafarroako Gobernuari berrerositako orubean, eta horietako batek 2.800 pertsona hartzeko harmailak izango ditu. 18 milioi euroko inbertsioa egitea aurreikusten du klubak, eta proiektua 2027rako finiturik egotea.
Horrez gain, datorren urtean eserleku gehiago paratu nahiko lituzke Sabalzak Sadarren. Ikusteko dago, halaber, presidente aulkian jarraitzen duen ala ez, hauteskundeak egingo baitira. Zelaian, berriz, ilusioa hauspotzea izango da Osasunaren helburua. Salbazioa bideratua izanik, Europako postuen borrokan ahal den luzeen irauten saiatuko da.