Arrasate: «Ez dut joatearen tristurarik, egon izanaren poza baizik»

Omenaldi hunkigarria egin diote sei urtez Osasunako teknikari izan denari. «Eskertuta» mintzatu da, eta egunen batean itzuliko dela esan du. Bertso batekin agurtu da.

Jagoba Arrasate zaleak agurtzen, omenaldia jaso eta gero. IDOIA ZABALETA / FOKU
Jagoba Arrasate zaleak agurtzen, omenaldia jaso eta gero. IDOIA ZABALETA / FOKU
ainara arratibel gascon
2024ko maiatzaren 25a
17:23
Entzun

Sei denboraldiren ondoren, Jagoba Arrasatek agur esan dio Osasunari. Duela aste batzuk iragarri zuen berria, eta gaur jaso du merezitako omenaldia, Sadarren, ligako azken partida jokatu eta gero. Jokalari guztiak bildu dira zelai erdian, eta orduan hasi da omenaldia. Guztien erdian Arrasate, eta zaleak hura omentzeko kantuan. Albo batean, berriz, koadro bat, 256 zenbakia zuen kamiseta barruan zuela; teknikariak talde gorritxoa zuzendu duen partida kopurua gogoratuz. Omenaldiak aurrera egin ahala, Arrasatek ez die malkoei eutsi, eta gutxiago etxekoak ikusi dituenean.

Ondoren irten dira haren bi laguntzaileak: Bittor Alkiza bigarren entrenatzailea eta Sergi Perez prestatzaile fisikoa. Haien omenez Agur jaunak jo dute txistulariek. Sanferminetako zapia ere jarri diete, eta aurreskua dantzatu. Haur batzuk, bitartean, Osasunako banderak mugitzen aritu dira.

Luis Sabalza presidentea eta Pedro Mari Zabalza teknikari ohia zelairatu dira horren ostean, eta haien eskutik jaso dute Alkizak eta Perezek oroigarri bana. Arrasateri, berriz, David eta Unai Garciak eman diote kamisetaren koadroa.

Ondoren hartu du hitza teknikariak. «Ez dut joatearen tristurarik, egon izanaren poza baizik. Sentimendu gorritxoa ezagutu izanaren zoriona dut. Sei urte zoragarri izan dira. Ni eta nire familia zoriontsu izan gara, eta hori zuei esker izan da: eskerrik asko. Bittorren eta Sergiren partez ere eskerrik asko. Jokalariei, klubeko langileei, eta batez ere zuei, zaleei, eskerrik asko. Asko maite zaituztet». Eta horren ostean, oharra: «Altxor bat dugu, eta hori Taxoare da. Zaindu dezagun». Eta agurra bukatzeko, ohiturari jarraituz, bertso batekin agurtu da Arrasate:

Eskerrik asko guztioi,
hau da txalo zaparrada.
Sadarren beti izan dut
nolabaiteko zirrara.
Sei urte pasatu dira,
konturatzerako jada.
Zorionekuak gu geu,
zorionik baldin bada.
Saiatu naiz defendatzen,
Osasuna eta euskara.
Gorritxo guztientzako
doa gure besarkada.
Agur, gu bagoaz, baina,
laster bueltatutako gara.

Hori amaituta, jokalariek airean hartu dute Arrasate, eta zelaitik bira egin du gero, emaztearekin eta hiru seme-alabekin, zaleak agurtuz.

Partida gutxienekoa izan da, ez baitzegoen ezer jokoan. Azkenerako, bana berdindu du Osasunak Vila-realen kontra. Bisitariak hobeto hasi dira, baina Sorlothen lesioak min egin die. Pixkanaka, jokoaren ekimena hartu du Osasunak, eta 30. minutuan Budimirrek gola sartu du. Peñak erdiraketa ona egin du lehen zutoinera, eta ederki baliatu du Kroaziako aurrelariak. Arrasaterekin ospatu du.

1-0 amaitu da lehen zatia. Bigarrenean, Vila-real hobeto aritu da, eta, pare bat abisuren ostean, Moralesek gola sartu du, Baenaren pase on baten ostean. Banakoarekin, bi taldeek izan dituzte gola egiteko aukerak, baina ez dute asmatu, eta hala amaitu da neurketa.

Athleticek irabazi, eta Realak galdu

Athleticek, berriz, amaiera bikaina eman dio denboraldiari, 0-1 irabazi baitio Rayori. Gainera, Unai Simonek Zamora garaikurra irabazi du, gol gutxien jaso dituen atezaina baita. Zuri-gorrien gola Nico Williamsek sartu du, 67. minutuan. Rayo hobeto aritu da lehen zatian. Baina gero talde zuri-gorriak estutu egin du, eta horrek eman dio garaipena. 

Galdu egin du, berriz, Realak. Hala, ezin izan du nahi zuen bezala amaitu sasoia etxean. Atletico Madril 9. minutuan jarri da aurretik, eta Realak jokoaren ekimena izan zuen arren, ezin izan du berdinketa lortu. Azkenean, 0-2koa sartu du Atletico Madrilek, 93. minutuan. Reinildok. Alavesek, berriz, bihar amaituko du denboraldia, Las Palmasen (16:15, La Liga).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.