Arrakastaren adierazle

21 lagun ariko dira aurtengo gizonezkoen pentatloian. Haietako hamahiruk jokatuko dute kanporaketa aurrekoa, gaur, Tolosan. Lau onenek egingo dute aurrera; finalaurrekoak eta finala irailean jokatuko dituzte.

Xabier Zaldua, harriari tiraka. Zumarragakoak irabazi egin du aritu den aldiro; aurten itzuliko da lehiara. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Herri kirolen jiran, ekitaldirik garrantzitsuenen sailean sartu da euskal pentatloia. 2018an aro berria abiatu zutenetik, txapelketa hori hazi egin da urtetik urtera, hala kopuruari, nola mailari dagokienez. Aurtengo aldiak ere bide beretik segitu du; guztira, 24 herri kirolari ariko dira txapelketan, hiru ekitalditan banatuta. Izan ere, iraileko lehiari maiatzekoa gehitu zaio aurten.

Arrakastaren adierazle da hori. Sona handiko txapelketa bilakatu da pentatloia, eta kirol bakoitzeko espezialistek bost jardun uztartzeko jauzia egin dute, pentatloia beren-beregi prestatzeraino.

Hala, gaur jokatuko dute lehendabiziko kanporaketa aurrekoa, Tolosako zezen plazan (18:00). Hamahiru lagun ariko dira lehian —Patxi Mindegiak min hartu du, eta ez da ariko—. Tartean, proba horretan zaildutako kirolariak eta lehen aldiz jardungo direnak.

Esaterako, Xabier Zalduak lehen kanporaketan parte hartuko du. Aro berriko lau alditatik hirutan txapeldun izan da; iaz, ordea, ez aritzea hobetsi zuen, eta hutsetik hasiko da aurten. Aitzol Atutxa ere izango da gaurko jaialdian. Bost aldiz Euskal Herriko aizkolari txapelduna izandakoak lehen aldia izango du pentatloian.

Lehiak hartu duen bilakaera ikusita, gustura mintzatu da Garikoitz Etxeberria antolatzailea: «Gero eta jende berri gehiago sartzen ari da. Arrakasta handia du; kirolari berriak batzen dira, eta hori da garrantzia eta pisua duena».

Bilakaera horrek «antolatzeko lan izugarria» ekartzen duen arren, aurten aro berriko bosgarren aldia egingo dute gizonezkoetan, eta ondorio onak izan ditu horrek: «Publikoaren aldetik, hasieratik igarri zen. Kirolari berri asko erakarri ditu, eta lehengo kirolariak beste lan batzuetan jarri, horixe da honek ekarri duen iraultza».

Harri jasotzea, giza proba, aizkora, txinga eroatea eta korrika uztartzen dituen proba izaki, kirol bakoitzeko espezialisten pentatloia modu osoago batean ulertzen dutenak batu zaizkie azken urteotan.

Alde horretatik, kirol horien elkargune bat izan daitekeela azpimarratu du Etxeberriak: «Uste dut begiak ireki dizkiela kirolari askori. Nork pentsatu behar zuen Aitzol Atutxa, urte askoan aizkorako txapeldun izandakoa, harri jasotzen ikusi behar genuenik? Hor bide bat zabaldu zaie kirolariei, ohartzeko beste gaitasun batzuk ere badituztela». Horrez gain, antolatzaileak dio kirolari berrien sorburu izan dela: «Lanaren zailtasunak duen morboak izan du eragina horretan».

Orain bost urtetik hona, pentatloiak orraztu berritzaile bat eman die herri kirolei. Ez alferrik, ohiko eredutik kanpoko moldean jokatu baitira finalak: larunbat gauez, argiteria bereziarekin, eta soinuari eta teknologia berriei tartea eginez. «Hasieratik, formatu ezberdin bat eman zitzaion. Ikuskizun moduan hartu zen, eta uste dut asmatu egin zela. Eta zezen plazak ere badu berotasuna, lanak ere bai... Dena da, azkenean».

Distira horren ondorioz, kirolariek garrantzi handikotzat hartu dituzte bai pentatloia, baita haren prestaketa ere. Zenbait kirolarik asko prestatu ohi dute txapelketa. Etxeberriak Andoni Iruretagoiena Izeta VI.aren, Iñaki Errazkinen eta Joseba Otaegiren adibideak jarri ditu: «Azken horrek urte osoan ez du beste txapelketarik jokatuko, eta pentatloian ariko da». Bigarren izan zen aritu den bi urteetan: 2019an eta iaz.

Parte hartzaile gehiago izateak lehiaren maila hobetzea ere badakar. Horrekin bat etorri da Etxeberria, eta zera gaineratu du: «Oso denbora gutxiren barruan sartzen dira kirolariak. Aurten, maila izugarria ikusiko dugu». Antolatzaileak gaurko proba jarri du horren adibidetzat. Hamahirutik lauk soilik egingo dute aurrera: «Erdiak baino gehiago sailkatzera joango dira, eta bizitasun handiko txapelketa izango da».

Zalduaz eta Atutxaz gain, 11 kirolari ariko dira lehen fasean: Ioritz Gisasola, Aratz Mugertza, Gorka Etxeberria, Haritz Goenaga, Oussmane Drame, Ibon Garaiburu, Iñigo Landa, Jagoba Otaegi, Jokin Urretabizkaia, Mikel Agirre eta Joseba Arakama. 100 kiloko bola zortzi aldiz jaso, giza proban plaza bat osatu, aizkoran kana-erdiko bat ebaki, txingekin hiru plaza osatu, eta korrika kilometro bat egingo dute. Lan laburrak eta biziak izanda, hutsik txikiena egiten duena lehiatik kanpo geratuko da. Hori du xarma.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.