Ados Pilota klubak beste erronka bat gainditu du: bere ibilbideko txapelketarik luzeena antolatu du. Datuek islatzen dute ondoen lorpena zenbatekoa den: lau hilabete pasatxo iraungo du bi binakako txapelketen hirugarren aldiak; 22 pilotari aritu dira; 58 partida jokatuko dituzte; eta 36 frontoitan jardungo dira. Inoiz ez zen egin halakorik emakumezkoen pilotan. Ados izan da hori egiten lehena. Ez da bakarrik aritu, hainbat udal, elkarte, enpresa eta norbanakoren babesa izan baitu, tartean BERRIArena.
Egindakoa ospatzeko eguna izango da larunbata. Lehen Mailako eta Promozio Mailako finalak jokatuko dituzte Antzuolako frontoian (Gipuzkoa). 18:00etan hasiko da jaialdia, eta Hamaika telebistan eta Ados klubaren Youtube kanalean ikusi ahal izango da zuzenean. Lehenbizi, Promozio Mailako finala jokatuko dute. Aizane Ibarrola eta Naia Bertiz ariko dira, Natale Aranbururen eta Amaia Arrastiaren kontra. Jarraian, maila nagusiko finala jokatuko dute. Maddi Barrokal eta Naroa Agirre Ainhoa Ruiz de Infanteren eta Leire Galeanoren aurka lehiatuko dira.
«Txapelketa oso luzea, gogorra eta parekatua izan da. Partida gehienak 22-20 eta 22-21 amaitu dira».
LEIRE GALEANOPilotaria
Deigarria da, baina maila nagusiko finala ez dute jokatuko ligaxka lehen bi postuetan amaitu zuten bi bikoteek: Goiuri Zabaleta eta Irati Zabala izan ziren lehenak, eta Iera Iturriaga eta Oihana Orbegozo bigarrenak. Ruiz de Infantek eta Galeanok kanporatu zituzten Zabaleta eta Zabala, finalerdietan, eta Barrokalek eta Agirrek Iturriaga eta Orbegozo.
Lau finalistak «oso pozik» daude. Ez zuten espero halakorik, eta finala jokatzea «saritzat» jo dute. Gogotik bota behar izan dute izerdia. «Txapelketa oso luzea, gogorra eta parekatua izan da. Partida gehienak 22-20 eta 22-21 amaitu dira», azaldu du Galeanok. Gauza bera esan dute beste hirurek. Ados daude beste honetan ere: bikote guztiak «oso ondo» aritu dira. «Inoiz ez genuen hain txapelketa luzea jokatu, baina sekulako maila erakutsi dugu partida guztietan», azpimarratu du Barrokalek.
«Luxua da halako txapelketa bat jokatzea. Lanean aritu direnei asko diegu eskertzeko. Emaitza oso ona izan da».
NAROA AGIRREPilotaria
Pilotarien aspaldiko eskaera da txapelketa luzeak jokatzea, ez bizpahiru kanporaketa eskasekoak. Beraz, «asko» eskertzen dute Ados klubaren jarduna, lau hilabete baino gehiagoan asteburuero jokatzeko aukera emateagatik. «Luxua da halako txapelketa bat jokatzea. Lanean aritu direnei asko diegu eskertzeko: Maiteri [Ruiz de Larramendi Mujika], Ierari [Agirre Iturriaga], partidak zuzenean ikusteko baliabideak jarri dituztenei... Boluntario lan handia dago. Emaitza oso polita izan da», esan du Agirrek.
Ruiz de Infanteren ustez, Adosek halako txapelketa bat eskaintzeak «beste maila batean» jartzen ditu pilotariak. «Kalitatezko txapelketa bat jokatzen ari garela sentitzen dugu». Barrokalek ere goratu egin du Adoseko ordezkarien konpromisoa. «Maite eta Iera sekulako lana egiten ari dira kluba aurrera eramateko. Adosi esker, gero eta txapelketa gehiago jokatzen ari gara, eta gero eta neska gehiago animatzen dira pilotan jokatzera. Plazera da hori ikustea». Hori guztia kontuan hartuta, Galeanok «merezi duen amaiera» eman nahi dio txapelketari. «Ea finala parekatua eta polita den. Polita litzateke pilotariontzat eta zaleentzat».
«Oso ondo moldatzen gara. Leirek oso huts gutxi egiten ditu, eta horrek segurtasun handia ematen dit».
AINHOA RUIZ DE INFANTE Pilotaria
Final estua espero dute
Itxura du desio hori beteko dela. Lau finalistek uste dute «lehia gogorra» izango dela. Bitan jokatu dute elkarren aurka ligaxkan: aurreneko aldian, 22-21 irabazi zuten Barrokalek eta Agirrek; bigarrenean, ordea, 22-5 nagusitu ziren Ruiz de Infante eta Galeano. Laurek esan dute finalak aurrenekoaren itxura izango duela. «Bigarren partidan Maddik eta biok oso gaizki genituen eskuak. Ez du balio erreferentzia gisa. Askoz estuago egongo da finala. Edozeinek irabaz dezake», adierazi du Agirrek.
«Gogotsu» daude, eta «sasoiko». Azaldu dutenez, «behetik gora» egin dute txapelketan: zenbat eta gehiago jokatu elkarrekin, orduan eta gusturago aritu dira. «Oso ondo moldatzen gara, batez ere defentsan. Leirek oso huts gutxi egiten ditu, eta horrek segurtasun handia ematen dit, baita askatasun osoa ere, hari laguntzeko edo tantoa bukatzeko», esan du Ruiz de Infantek. Barrokalen ustez, haiek ere «seguruak» dira. «Zaila da guri tanto egitea. Nik bizitasuna ematen diot pilotari, eta Naroak astindu egiten du». Aurkariez galdetuta, adjektibo bera aipatu dute biek: «Indartsua». Baina biek berehala zehaztu dute eurena ematen badute irabaz dezaketela.
«Zaila da guri tanto egitea. Nik bizitasuna ematen diot pilotari, eta Naroak astindu egiten du».
MADDI BARROKAL Pilotaria
Finalari ondo ekitea eta adi-adi aritzea azpimarratu dituzte irabazteko gakoen artean. «Ahalik eta gehien eutsi behar diot Naroari, eta, aurrean, Ainhoak asmatu egin behar du», zehaztu du Galeanok. Ezkerra da bera, eta, hain zuzen, berezitasun horri erreparatu dio Agirrek. «Horrek aldatu egiten du egitekoa. Atzean eutsi behar diogu, eta haiek mugitu, zuloren bat sortzeko eta tantoa egiten saiatzeko».