Vicente Morenok 11 jokalariko oinarri sendoa osatu du. Izan ere, ia hamaikako berbera erabili du Osasunaren lema hartu zuenetik. Soilik lesioek edo unean uneko erabaki taktikoek eraginda egin ditu aldaketak. Bestela, konfiantzazko jokalarien alde egin du beti: ligan 1.000 minutu baino gehiago jokatu dituzte hasieratik aritu ohi direnek. Txanponaren beste aldean, ordezkoak daude. Muga bat, edo are gehiago, arrakala bat dago haien eta titularren artean. Izan ere, aulkian izaten diren jokalarietatik bik bakarrik gainditu dute 500 minuturen langa. Beste batzuei, bi partida osori dagokien denbora ere ez zaie eskaini, eta bada ligan oraindik jokatu ez duenik. Horiek horrela, baliatu beharreko aukera bat izango dute gaur Kopan, Teneriferen zelaian.
Horren atzean, batetik, Morenoren jarduteko modua dago. Multzo finko bat hautatu du neurketak hasieratik jokatzeko, eta aldaketak azken orduan egin izan ditu orain arte. Teknikari bakoitzak jokaera jakin bat izaten du aulkiko jokalariak zelairatzeko orduan, eta Morenok nahiago du azken txanpara arte itxaron. Horren ondorioz, ordezkoei asko kosta zaie zelairatzea. Juan Cruz da salbuespenetako bat: lehia irekia du Abel Bretonesekin atzeko ezker hegalean, eta zortzi aldiz izan du aukera titular gisa jokatzeko. Ligan 657 minutu jokatu ditu guztira. Pablo Ibañezek, berriz, 529 minutu eman ditu zelaian orain arte. Hasieratik aritu izan da Moncayola jokatzeko moduan izan ez denean, eta ondo ibili da, oro har. Ordezko gisa ere ekarpen ona egin izan du.
Aulkian egon ohi direnen artean, Raul Garcia de Haro da orain arte partida gehien jokatu duena: hamazazpi izan dira guztira. Kontrara, hiru bider bakarrik izan da titular, eta partiden hondarrean jokatu izan du eskuarki. Aurrelari fina da, eta eragina du areatik kanpo. Area barruan, ordea, lehiakide zitala du: Ante Budimir. Kroaziarra oso eraginkor aritu da lehen itzulian, eta haren erritmoari jarraitzea ezinezkoa izan da Raulentzat. Jorge Herrando, berriz, Boyomoren itzalean gelditu da. Harrobikoaren estatusa aldatu egin da kamerundarra fitxatu zutenetik. Hori bai, aukerak nahiko ondo baliatu ditu.
Kike Barjari eta Iker Muñozi dagokienez, berriz, arazo fisikoengatik jokatu dute gutxi. Muñozek bigarren jardunaldian hartu zuen min, eta bi hilabete pasa eman zituen zelaietatik at. Anartean, Torro guztiz finkatu da euskarri postuan, eta bidea itxi dio Muñozi. Barjak, berriz, osatze prozesu gogorra eta luzeagoa izan du, eta abenduan hasi zen ligako partidak jokatzen –titular izan zen Athleticen aurka–. Baliteke jokalari oso baliagarria izatea aurrerantzean, Bryan Zaragoza min hartuta egonik.
Moi Gomezen ekarpenak, ordea, zalantzak piztu ditu. Funtsezkoa izan zen Osasunan egin zuen lehen denboraldian; zelai erdiko jokoa sofistikatu egin zuen, baloiarekin talentu berezia baitu. Geroztik, baina, behera egin du nabarmen, eta sasoi honetan apenas eman duen bere kalitatearen berri. Ruben Peñak ere distira galdu du, eta Arnaiz oharkabean gelditu da Morenok orain arte eman dizkion aukera apurretan —ligan 35 minutu jokatu ditu bakarrik—. Ordezkoek pizgarri gisa jardun beharko lukete bigarren zatietan, baina kontrakoa gertatu da zenbaitetan. Aldaketek, orokorrean, ez diote mesede handirik egin taldeari. Oso lausoa izan da zelairatu berriek utzitako arrastoa, eta horren ondorioz, are gehiago finkatu da Morenoren ohiko hamaikakoa.
Ceutako agonia gogoan
Espainiako Kopa tranpolin gisa baliatu dezakete ligan orain arte aukera gutxi izan dituztenek. Chiclana erraz kanporatu zuten lehen kanporaketan (0-5); haatik, gorriak ikusi behar izan zituzten Ceuta garaitzeko. Azken hamar minutuetan, 2-0 galtzen ari ziren, eta larrialdia konpondu ahal izateko, Aimar Oroz, Budimir, Ruben Garcia eta Areso zelairatu beharrean izan zen Moreno —Barja ere sartu zuen—. Hots, ohikoenak atera behar izan zituen bi maila beherago dabilen talde baten aurka deskalabrurik ez gertatzeko. Ordezkoak ezbaian gelditu ziren.
Beste aukera bat izan dezakete gaur, Teneriferen kontra, Kopako final-hamaseirenetan (16:30, Movistar). Iker Benito ez da ariko, Mirandesera joan baita, utzita. Baliteke Javi Martinezek ere bide bera hartzea aurki. Unai Garciak, berriz, oraindik ez du zapaldu zelaia txapelketa erregularrean. Ekainean bukatuko zaio kontratua; egoera berean daude Arnaiz, Peña, Ibañez eta Nacho Vidal. Jada hitz egin dezakete beste klub batzuekin.
SUPERKOPAREN AURRETIK, KOPAN KoNPLITU NAHI DU ATHLETICEK
Athleticek gaur ekingo dio Kopako ibiliari, Logroñesen zelaian (21:30, Movistar). Ez du lehen bi kanporaketak jokatu beharrik izan; salbuetsiak izan dira Espainiako Superkopa jokatuko duten lau taldeak. Txapelketa hori datorren asteazkenean abiatuko dute zuri-gorriek, Bartzelonaren aurka. Finalean sartzeko ilusioz ariko dira. Lehenago, baina, Kopan aurrera egin beharko dute. Logroñes Espainiako Federazioko Bigarren Mailan ari da; beraz, Athleticek aparteko arazorik gabe gainditu beharko luke kanporaketa. Dena den, hobe du argi ibili, Lehen Mailako zenbait talde bidean gelditu baitira jada. Zuri-gorriak dira egungo txapeldunak. Txapelketa kutuna dute, eta anbizioz dakusate oraingoan ere.