Gaur hasiko da lehia Bartzelonan, Munduko Igeriketa Txapelketan. Estreinako jardunaldia, eta estreinako proba Ophelie Aspord baionarrarentzat. Ur irekietako bost kilometrokoan ariko da (10:00), Bartzelonan lehiatuko den lehen proban. Datorren asteartean, berriz, hamar kilometrokoa du zain.
Aspordek 22 urte besterik ez du, baina eskarmentu handia du jada. Garaipen sorta polita ere pilatu du: azken lau urteetan Frantziako txapeldun izan da bost kilometroko lasterketan, eta beste hiru aldiz hamar kilometrokoan.
Asporden helburu nagusia podiumera igotzea izango da. Parte hartu duen azken bi lehiaketa handietan ez du oso urrun izan helburua. Orain bi urte, Shanghain (Txina), Munduko Txapelketan seigarren izan zen. Iaz, Londresko Olinpiar Jokoetan postu bera lortu zuen, hamar kilometroko lasterketan. Podiumera igotzeko koska bat falta izan zaio orain arte, baina gaur jauzi hori ematen saiatuko da. Hala ere, aurkari gogorrak izango ditu, eta ez du erraza izango helburua lortzea.
Mediterraneo itsasoan barrena jokatuko da proba, zaleengandik inoiz baino gertuago, normalean itsasoan barrena lehiatzen baitira. Igerilariak Fustako kaiaren inguruan ikusteko aukera izango dute bertaratutako zaleek.
Arrainak uretan bezala
Podiuma helburu duela lehiatuko da gaur Ophelie Aspord ur irekietako bost kilometrokoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu