Oriok Gipuzkoako traineru txapelketa irabazi zuen herenegun eguerdian Hondarribian, eta ez zen ezustea izan Nadeth Agirre patroia bandera astintzen ikustea. Hautagaietako bat zen Patxi Francesek zuzentzen duen taldea, eta aurreikuspenak bete ez zituenik ezin esan, beste hautagai gehiago ere bazeuden arren.
Traineru horiak atzean utzi zituen, baina, Tolosaldea, Arraun Lagunak eta Donostiarra. Aurreneko estropada ofiziala izan zen igandekoa, eta aro berri baten hasiera ere bada Orion. Lehen sasoia du Francesek taldea zuzentzen, eta balioa eman dio bi hasierak paregabeak izateari: «Oso ona da ondo ekitea. Gainera, txapelketa zen, eta estropada horiei ere berea eman behar zaie».
Irabaztea zerbaiten ondorio izaten da beti. Gauzak ondo egin behar izaten dira garaipenaren jabe egiteko. Eta Oriok «lan ona» egin zuen. Horrela aztertu du, behintzat, bere arraunlarien lana entrenatzaileak: «Astean lan bat egin genuen txapelketara begira. Arraun paladei eustea zen landu genuen gauzetako bat, eta onak izan zitezela». Taldearen lanak ikaragarri pozik utzi zuen arduraduna: «Erraz egin zuten aurrez landutako hori guztia». Aitortu du bigarren eginda ere «gustura» geratuko zela lanarekin: «Oso ona izan zen».
Aurreko sasoian Orio ez zen talde irabazlea izan txapelketetan eta Kontxako banderan. Garaipenak arrantzatu zituen traineru barrura Euskotren ligan, baina ez duela bi urte bezainbat. Horregatik ere, igandekoak «konfiantza» emango diela esan du Francesek. Baina berehala jarri ditu gauzak bere lekuan. Lehendabizi, denboraldiaren garaiari begira jarrita: «Txapelketa ia denboralditik kanpo jokatu da, eta oraindik asko falta da uda betean sartzeko». Bigarrenik, aurkariei begira egin du analisia: «Konfiantzarena ondo dago, baina ezin dugu lo hartu. Oso garbi daukagu zaila izango dela udan irabaztea». Igandean, 11 segundo atera zizkion Tolosaldeari, 11 Arrauni, eta 12 Donostiarrari, eta bada koska. Baina Francesek ez du horrelakorik aurreikusten udako: «Gogorra izango da lehia. Herenegungoa ez da argazki zehatza».
Aro hasiera paregabea
Oriok dotore ekin dio traineru sasoiari, Gipuzkoako txapelketa irabaziz. «Lan oso ona egin genuen», esan du Patxi Frances entrenatzaileak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu