Arrauna. San Miguel liga

Aro berri baten hasiera

Portugaletek beste aro bati ekin dio, eta taldean ere aldaketak daude, hamabost arraunlari baitira iaz ez zeudenak.Angel Gomezi eman diote egitasmoa gidatzeko ardura

Portugaleteko trainerua, ziaboga egiten, iaz, San Miguel ligan jokatutako estropada batean. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2015eko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Portugalete zarata handia ateratzen ibili zen iazko denboraldia amaitu bitartean. Javi Gonzalez presidentearen aroa izanak lau urte iraun zuen, eta bereak eta bi egiteko sortu zuen hark; hala zioen, behintzat. Fitxatu zituen fitxatu beharreko arraunlariak, eta Joxean Olaskoaga Aizperro-ri eman zion arrakastaz arrakasta ibiltzeko ardura. Baina kontuak ez zitzaizkion ondo-ondo atera Gonzalezi, eta 2013ko Kontxako estropadan egin zuen distira gehien Jarrillera-k. Gutxitxo hainbeste zaratarentzako.

Sasoi berri hau prestatzen hasterako joan egin zen Gonzalez, eta Carlos Belaskok hartu zion lekukoa, aurreko egitasmoan ibilia hura ere. Arraunlari pila bat ere joan egin ziren: hamabost denera. Aizperrorekin batera joandako kanpotar bat bera ez dago orain. Zuzendaritza berriak lan handiak izan zituen agintera heldu orduko: entrenatzailea eta arraunlariak aurkitu behar. Angel Gomez izendatu zuten entrenatzaile, urteetan Pedreñan teknikari lanetan jarduna eta azken denboraldian Astilleroko arraunlari izana. Gomezek berak esan du nola hartu zuen Portugaleteren gidaritza: «Aurkeztu zidaten egitasmoa, eta ondo-ondo aztertu nuen. Baiezkoa eman nien, eta orduan hasi zen lana. Arraunlariak behar genituen».

Hamabost dira berriak, eta telefonoa majo astindu behar izan zuen entrenatzaile berriak aurreko udazkenean: «Hala behar zuen izan, eta, tira, azkenean, osatu nuen taldea». Telefono dei haiek ez ziren itsu-itsuan egindakoak izan: «Banekien nolako arraunlariak nahi nituen, eta horien bila joan nintzen. Nire lan egiteko erara moldatuko zirenak nahi nituen». Taldea aipatzen du behin eta berriz bere gustuko oinarrietako baten gisan: «Izenek ez dizute gauza handirik ematen luzera begira. Taldeko arraunlariak gustatzen zaizkit, taldera egokitzen direnak, eta halakoxea da Portugalete hau».

Gehiago zehaztu du gero nolako taldea osatu duen: «Fitxaketekin eta harrobikoekin osatu dugu, eta talde sendoa da, batua eta lotua». Horrekin ekingo dio etzi San Miguel ligari, eta oso garbi dauka zein duen helburua: «Mailari eutsi nahi diogu. Horretarako, indartsu hasi nahi dugu, eta ea ahalik eta azkarren lortzen dugun lasaitasuna».

«Zortzi ontzi oso berdintsu»

Neguko estropadetan, goian ibili zuen taldea, baina ez die batere fidagarritasunik ematen emaitza horiei: «Denok erabiltzen ditugu probak egiteko, eta ez dute balio udako erreferentzia gisa». Benetako kontuak etzitik argituko dira, eta horretara jarria dago buru-belarri entrenatzaile lanetan esperientzia handia duen hori: «Ikasi egin dut gauzak lasaiago hartzen. Lehen gutxiago hausnartzen nuen, eta, denborarekin, ikasi dut denboraldia luzea izaten dela, eta lasaitasuna ere behar duela entrenatzaile batek».

Mailari eusteko helburuan talde asko ikusten ditu. Gutxi batzuei soilik eman die goian ibiltzeko aukera: «Urdaibai, Hondarribia, Kaiku eta Orio izan ezik, gainerakoak ariko gara borrokan, eta huts txikiena garesti ordainduko da gure multzoan, berdintasun handia egongo delako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.