Aro berri baten beharrean

Louis-Vicent Gave Miarritze errugbi taldearen jabea kluba euro baten truke saltzeko prest dago, Donostiara lekualdatzeko ezezkoa jaso ostean. Miarritzeko Herriko Etxea klubaren etorkizuna bermatuko duen erosle baten bila ari da.

Zaleak Miarritze animatzen Baionaren aurkako derbi batean. BOB EDME
Zaleak Miarritze animatzen, Baionaren aurkako derbi batean. BOB EDME
Iñaki Berastegi.
2024ko martxoaren 19a
05:05
Entzun

Miarritzeren historiako garairik zailenetako bat amaitzear da. Edo hori dirudi, behintzat. Louis-Vicent Gave enpresa gizon frantziarra buru duen Gavekal inbertsio multzoak 2018an erosi zuen Miarritze, baina ez du lortu kluba biziberritzea. Donostiara lekualdatzea zen klubeko ugazabaren eta Jean Baptiste Aldige presidentearen ustez hori lortzeko azken aukera, baina Anoetako miniestadioa berreraikitzeko ezezkoa jaso zuten, eta kluba berehalakoan saltzeko erabakia hartua dute jada. Lehenago ere kluba saltzeko zorian izan ziren, baina salmenta ez zen gauzatu azkenerako.

«Hasieran, bulegoetako jaitsiera eragotzi eta kluba bizirik atxikitzea lortu zuten. Hori horrela, jendeak asko eskertu zuen egindako lana, baina Jean-Baptiste Aldige presidenteak jendea banantzea lortu zuen. Sei urte hauetan Gave familia taldea mantentzen ahalegindu da, baina ez zuten pertsona egokia jarri presidente karguan. Postu horretan beste pertsona bat egon izan balitz egoera bestelakoa izango zatekeela uste dut». David Arrieta (Bordele, Okzitania, 1969) Miarritzeko jokalari ohiaren lehen hausnarketa da hori. «Aldigek haustura handia eragin zuen udalarekin, jokalari ohi eta zale talde batzuekin», gaineratu du 1989tik 1999ra bitartean taldeko jokalari izan zenak. Euskal Herrian bizi da gaur egun.

Aguilera estadioaren berrikuntza egitasmoarekin izan du arazo gehien Gave-Aldige bikoak. Egun, klubak 4,5 milioi euroko aurrekontua du gutxi-asko, eta horietatik 3 milioi euro Gavekalek jarriko lituzke, eta gainontzekoa Miarritzeko Udalaren, babesleen eta bestelakoen artean. Agiulera estadioaren berrikuntzari esker diru sarrerak handitzea espero zuten jabeek, urtero pilatzen zituzten galerak irabazi bihurtuz. Alabaina, estadioa berritzeko azken urteetan egindako ahaleginak ezerezean geratu dira. «Estadioa berritzearena oso garrantzitsua da, baina agian klubaren garairik onenetan egin behar zen hori, irabazten ari zarenean gauzak egitea errazagoa baita. Edonola, Aldige gauzak azkarregi egiten ahalegindu zen, eta udalak ezezkoa eman zion. Udalak inguru horretan etxebizitza ugari egiteko beharra dauka, eta aurkeztutako egitasmoa ezin zuen edonola onartu. Horrek tentsio handia eragin zuen udalaren eta klubeko zuzendaritzaren artean». Zelaia berritzearekin batera, Aguileraren inguruan entrenatzeko gune bat, etxebizitzak, luxuzko hotelak eta aisialdirako gune erraldoi bat egitea jasotzen zen klubak aurkeztutako proposamenean.

Behin baino gehiagotan ezezkoa jasota, deslokalizazioaren bidea jorratzen hasi ziren Gave eta Aldige. «Top14ra itzuli ostean, Aldigek udalarekin borrokan jarraitu zuen Aguilera berehala berritzeko, eta, egoera horretan, kluba Lillera lekualdatzeko asmoarekin egin zuen mehatxu». Baina, Top14n sasoi bakarra egin eta gero, berriro ere ProD2ra, Frantziako Bigarren Mailara, itzuli zen Miarritze. «Igoera ez zuten kluba indartzeko aprobetxatu».

«Agilera estadioa berritzea oso garrantzitsua da, baina agian klubaren garairik onenetan egin behar zen hori, irabazten ari zarenean gauzak egitea errazagoa baita. Edonola, Aldige gauzak azkarregi egiten ahalegindu zen». 

DAVID ARRIETAMiarritzeko jokalari ohia

Kluba Donostiara lekualdatzeko ahalegina izan da Gaveren eta Aldigeren azken mugimendua. «Burutik jota zeudela pentsatu nuen. Ez dut uste mesede egingo liokeenik, ez klubari, ezta Donostiari ere. Miniestadioan zelai berri bat eraikitzea utopikoa da. Miarritzeko zaleak ez lirateke asteburuero Donostiara joango, eta bertakoak edo ingurukoak ere ez dut uste maiztasunez joango liratekeenik Miarritze ikustera».

2018an, Gavekalek euro baten truke erosi zion kluba A-Team Sports Investments multzoari, eta beste horrenbeste eskatzen du orain kluba saltzeko. Egoera horretan, Maider Arostegi Miarritzeko auzapeza luzera begira klubaren etorkizuna bermatuko duen jabe baten bila ari da, eta, Rugbyrama aldizkarian jakinarazi zuenez, klubean «interes handia» duten erosle potentzial batzuekin bildu da jada. Irlandako enpresa multzo bat dago kluba erosteko interes handiena dutenen artean. «Ez zait asko axola euskal herritarra, irlandarra edo paristarra izatea jabe berria. Zera nahi dut, taldea kudeatzeko aukeratzen dituztenek ondo barneratua izatea kluba, hiria eta hemengo filosofia zein diren».

Jaitsiera eragotzi

Bien bitartean, Miarritzek ProD2 ligan segitzeko borrokan dihardu, eta klubaren salmenta iragarri zenetik jokatu dituen bi partidak irabazi egin ditu, Vannesen eta Montaubanen kontrakoak, hain zuzen ere. Hala, jaitsiera postuak hiru puntura ditu orain Lapurdiko taldeak. «Uste dut taldeak mailari eutsiko diola. Etxeko partida guztiak irabazita, lor lezake hori».

JEAN-BAPTISTE ALDIGE
Jean-Baptiste Aldige, Miarritzeko presidentea. GUILLAUME FAUVEAU

Kirol arloko bestelako helburuak oso urrun ditu orain Miarritzek. «Zaleek kluba egonkortzea nahi dute, eta jabe berriek hori egin beharko lukete aurrena. Ez dezatela promestu berehalakoan kluba Top14ra eramango dutela, hori gehiegi izango baita. Klubaren historiako garairik onenetara itzultzea oso zaila izango da. Luzera begirako egitasmo sendo batekin zaleak lasaitu behar ditu jabe berriak. Tira, egin behar den lehendabiziko gauza Agilerako aldagelak berriro margotzea da».

Miarritzeren historiako arorik zailenetako bat denak bat egin du Baionaren urte oso onekin. 2021eko ekainean elkarren aurkako finala jokatu zuten bi taldeek, non Miarritze mailaz igo zen eta Baiona Prod2ra joan zen. Ordutik, baina, pixkanaka «infernura» gerturatuz joan da talde zuri-gorria, eta Baiona, berriz, geroz eta indartsuago dago Top14n. Hamar urte atzera, Miarritzeko presidente Serge Blancok eta Baionako presidente zen Manuel Merinek bi klubak batzeko proposamena aipatu zuten, baina zaleek atzera bota zuten elkartzea, Arrietak gogoratu duenez. «Nire ustez, klub bakoitzak bere bideari jarraitu behar dio. Espero dut noizbait bi taldeak aldi berean Top14n aritzea. Gaur egun Baiona da bien artean indartsuena, baina hogei urte atzera kontrakoa zen egoera».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.