«Aro berri bat hasi nahi dugu»

Eusebio Sacristan eta Lorenzo Juarros 'Loren' kargutik kenduta, Realak ziklo aldaketa gauzatu nahi du. Kirol zuzendari posturako Roberto Olabe da hautatua, baina «zail» izango da hura fitxatzea

Jokin Aperribai Realeko presidentea eta Imanol Alguacil behin-behineko entrenatzailea, atzo, Anoeta estadioan egindako prentsaurrekoan. GORKA RUBIO / FOKU.
jon eskudero
Donostia
2018ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Denboraldi honetako «emaitza txarrek eraginda» eta «dinamika aldatzeko helburuarekin», azken urteetan hartutako erabakirik sakonena argitu behar izan zuen atzo Jokin Aperribai Realeko presidenteak, Anoetako prentsaurrekoan. Imanol Alguacil taldeko entrenatzaile berria alboan hartuta, Lorenzo Juarros Loren etaEusebio Sacristan kargutik kendu izana azaldu zuen, eta ez zen ezkutatu. Lorenen kasuan, erabakia duela hilabete inguru hartuta zegoela esan zuen, eta klubaren alde ia hamar urtean «goraipatzeko lana» egin duen pertsona batek «ez zuela sufrimendurik merezi». Besteak beste, kirol zuzendari ohiak txistuak entzun baitzituen joan den larunbatean, Realak Getaferen aurka galduta. Eusebiori dagokionez, berriz, aulkitik botatzeak «emaitzekin lotura zuzena» duela nabarmendu zuen. Bi urte eta erdian «lan duina» egin arren, aspaldiko bolada txarra «luzeegia» izaten ari dela iritzi zion. Aro berriari begira, kirol zuzendari lanetarako Roberto Olaberen izenak ahotik ihes egin zion presidenteari, baina hura fitxatzea «oso zaila» izango dela aitortu zuen. Entrenatzaile postuan, berriz, Alguacilek soilik azken bederatzi partidak zuzenduko dituela argi geratu zen.

Inork mikrofonoa eskuan hartu aurretik, esker oneko hitzak adieraziz abiatu zuen prentsaurrekoa Aperribaik. Bereziki Loren hartu zuen gogoan. «Umetatik Realari lotua egon da, umila eta langilea izan da, profesional ona. Reala Bigarren Mailan zegoela hasi zen lanean, eta aintzat hartu behar da hamar urtean noraino eraman duen». Besteak beste, azken bost denboraldietan hirutan sartu izan du taldea Europan. «Denborarekin balio gehiago emango diogu haren lanari. Noski, gauza asko hobeto egiteko modua egongo zen, baina oso pozik gaude eman digun guztiarekin. Ezeren gainetik, Loren laguna izan da». Horregatik, erabakia mahaiaren bueltan hartu zutela esan zuen presidenteak. Baina ez orain, duela hilabete baizik. «Aro baten amaieran geundela sumatzen genuen. Getaferen kontrako txistuak gogorrak izan ziren, eta hobe zen aldaketa orain egitea».

Aperribairen esanetan, aurreikuspenetatik oso urrun ari da taldea, denboraldia «oso txarra» izaten ari baita, eta tentsioa gero eta nabariagoa zen azken denboran. Lorenek ere «onartua» zuen amaitzear zegoela bere aroa. «Duela bi urte aldaketa batzuk egin genituen Zubietan —David Moyes entrenatzailea fitxatuta—, eta ez ziren ondo atera. Sufritu genuen. Iragan sasoian ere posible ikusten genuen ziklo aldaketa etortzea, baina Europako ligan sartu ginenez, bide berari eustea pentsatu genuen». Dena den, ia hamarkada bateko bideak ezin zuen gehiago iraun. Aperribaik hala aitortu ez arren, uste izatekoa baita jarraitzaileen txistuek prozesua azkartu dutela. «Taldearen joko eskasagatik etorri ziren txistuak, eta denoi eragin ziguten berdin. Denontzako kritikak izan ziren. Denborarekin, ohartuko gara bikaina izan dela Lorenen lana, eta zati bat osatuko du klubaren historian».

Klubaren irudia jokoan

Eusebio ere luzaroan izango dute gogoan jarraitzaile askok, haren esanetara futbolean distiratsu jokatu izan baitu Realak denbora honetan. Aperribaik ere ez zuen kontrakorik esan. «Klubaren filosofia kontuan izanik, entrenatzaile onenetakoa zen guretzat. Asko eman digu, baina dinamika eta irudi txarra aldatzea ezinbesteko baldintzak ziren». Pazientzia iraungita zegoen, presidentearen esanetan. «Azken bolada oso-oso txarra izaten ari zen, eta Espanyolen eta Getaferen aurkako porrotekin ezin genuen gehiago itxaron. Oraindik asko falta da liga amaitzeko, eta ezin ginen maiatzera begira egon. Realak ahalik eta ondoen sailkatuta amaitu behar du». Horregatik, ez ote dator beranduegi Eusebioren kargugabetzea? «Hori jakitea ezinezkoa da. Asteak izan ditugu aste barruan ere partidak jokatu dituguna, eta hobea zen itxarotea. Orain, bi asteko etenaldia daukagula baliatuta, nahiago izan dugu gauzak ongi egin. Eusebiok ulertu du erabakia, ez du inolako oztoporik jarri, eta eskertzen diogu».

Horiek hala, Alguacilengan konfiantza osoa du orain presidenteak. Nahiz eta behin eta berriro errepikatu soilik bederatzi partidetarako igo dutela lehen taldera eta gero berriro ere bigarren taldeari heldu beharko diola, oriotarrarengan sinesmen osoa du zuzendaritza batzordeak. «Badirudi jokoan ez dugula ezer izango sasoia amaitu bitarte, baina ez da hala. Klub honek berarekin daramatza harrotasuna, irudia, lehiakortasuna... eta Alguacilek lagundu egingo digu. Energia handiko pertsona da, baikorra, eta horixe da behar duguna».

Datorren denboraldiari begira buruan entrenatzailerik ez dutela esan zuen Aperribaik, eta pausoz pauso joango direla. Bada, kirol zuzendaria fitxatzea izango da lehen zeregina. Olaberen izenak ihes egin zion agintari nagusiari. Futbol zuzendari moduan, sasoi honetan egun batzuez Zubietan aritu zen Olabe, baina «arrazoi pertsonalengatik» kargua utzi zuen. Zurrumurruek argitaratu zuten ez zuela harreman onik Loren eta Eusebiorekin. «Bere ideiak gauzatzeko eremu falta sumatu zuen, eta klubari gauza gutxi eman baino nahiago izan zuen dimisioa aurkeztu. Gainera, orduan osasun onean geunden, joko distiratsua eginez, eta ez genuen behar aparteko aldaketarik. Realetik aldentzea hobe zuela iritzi zion».

Bada, Olabe fitxatzeko garaia orain izan daitekeela badaki presidenteak, baina eginkizun «zaila» jotzen du. Izan ere, gasteiztarrak kontratua du Independiente del Valle Ekuadorko taldearekin. «Olaberekin harremanetan jarri ginen aste batzuk atzera, gure intentzioen berri eman genion, baina zaila izango da Donostiarako bidea hartzea, kontratu kontuengatik. Ondorioz, beste ate batzuk ere irekita dauzkagu. Geure buruari ez diogu denborarik jarri nahi, gauzak ongi egingo ditugu». Hori bai, nolako kirol zuzendaria eta entrenatzailea fitxatuko dituzten garbi du klubak. «Zubietako harrobiarekin bat egiten dutenak izan beharko dute. Gure nortasunari eutsi behar diogu, orain eta beti».

Alguacil, «ilusioz gainezka»

Eginkizun horretan aurreikuspenei bikain erantzungo die Alguacilek, Realean hazitako entrenatzailea baita. Orioko behe mailetan abiatu zuen ibilbidea, Zarautzera joan zen gero, eta Realeko beheko mailetan lan aparta egin du. Besteak beste, Realaren bigarren taldea igoera fasean baitago Bigarren B Mailan. Sekulako erronka dauka orain. «Bilera batera deitu ninduten, eta erabakia hartuta zegoen. Klubeko pertsona bat naiz, eta neure buruari baino taldeari begiratzen diot. Ezin nion aukerari muzin egin, eta ahal dudan guztia egingo dut». Eguneroko lanean sinestuko du. «Hamaikakoak egiteko lan saioei begiratuko diet, eta espero dut nik dudan ilusio berarekin egotea jokalariak. Lehiakortasuna eman nahi diot taldeari. Kluba nik bezala senti dezaten nahi dut». Alguacilek Mikel Labaka azpeitiarra izango du laguntzaile lanetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.