Aro bati amaiera emanez

Realeko lehen taldean 11 denboraldi egin ostean, David Zurutuzak talde txuri-urdina uztea erabaki du. Gipuzkoarrekin Bigarren Mailan aritu zen talde hartako jokalaririk ez da geratzen dagoeneko

David Zurutuza bere agur prentsaurrekoan, atzo, alboan Jokin Aperribai presidentea duela, eta inguruan taldekideak. REALA.
inigo lasa fresneda
2020ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Aro bat itxi da Realean. David Zurutuzak agur esan dio Realean eginiko ibilbideari, eta, harekin batera, agur esan dio Realeko belaunaldi oso batek, 1980koak. Talde txuri-urdineko lehen taldean 2009az geroztik aritu da Rochefortekoa. Bere agur prentsaurrekoan, «pribilegiatutzat» jo du bere burua Realeko elastikoarekin lehiatu izanagatik. Izandako ibilbidearekin gustura da: «Atzera begira, bizi izan dudan guztia amets bat izan da». Zurutuzaren agurrarekin, aro berri bat ireki da.

13 urterekin iritsi zen Zubietara David Zurutuza. Donostiako Lengokoak taldean aritu eta gero, Realera eman zuen saltoa. Talde txuri-urdineko harrobian prestakuntza aldia pasatu ostean, Reala B-rekin Bigarren B Mailan jokatzeko aukera izan zuen 2005-2006 denboraldian. Realeko bigarren taldean bi sasoi on osatu,eta Eibarrera joan zen utzita denboraldi baterako, Bigarren Mailan jokatzera. Zubietara itzuli, eta, sasoi bat Reala B-n pasatu ondoren, 2009-2010eko lehen taldeko dinamikan sartu zen, Martin Lasarteren eskutik. Denboraldi hartatik, Realeko elastikoarekin bakarrik jokatu du.

Hainbat egoera bizitzea suertatu zaio urte hauetan Realean. Bigarren Mailan jokatzetik Txapeldunen Ligan aritzera. Taldea Lehen Mailara bueltatzea eta Txapeldunen Ligarako sailkatzea lortu arren, ez du lorpen puntual bat nabarmendu: «Igoerarekin, taldeak pisu handia kendu zuen gainetik; Europarako bidea oso polita izan zen. Baina, orokorrean, izandako ibilbide guztia nabarmenduko nuke».

Zurutuzak berak ere izan ditu bere garai txarrak; lesioak izan ditu Realeko erdilariak zama. Hamaika lesio izan ditu bere ibilbidean zehar. Azken denboraldietako partida askotan, taldetik kanpo geratu da min hartuta egoteagatik. Halere, talde txuri-urdinarekin bizi izandako guztiaz harro dago: «Ez nuke nire ibilbideko ezer kenduko, ezta lesioak ere. Lesioetatik asko ikasi dut».

Gipuzkoarrekin 300 partida baino gehiago jokatzeagatik, oso maitatua izan da zaleen artean. Lehen taldean aritu denetik, jendearen babesa eta maitasuna sentitu ditu: «Zaleei eskerrak eman besterik ezin dut egin. Jokalari maitatua izan naiz. 'Zuru, Zuru' entzutea zirraragarria izan da».

Zurutuzaren agurrarekin, ez da geratzen Realarekin Bigarren Mailan aritutako jokalari txuri-urdinik. Zubietako 80ko hamarkadako belaunaldi hark eman du eman beharreko guztia. Jokin Aperribai Realeko presidenteak eskerrak eman zizkien belaunaldi hori osatu zuten jokalariei: «Realarengatik asko egin du Daviden belaunaldiak. Orain dela hamabi urte, Bigarren Mailan geunden, norabide argirik gabe, eta azken zortzi urteetan, lau aldiz sartu gara Europan».

Belaunaldi berrien garaia

Zurutuzaren belaunaldiaren parte izan eta Realeko lehen taldean aritu diren jokalarien zerrenda zabala da; besteak beste: Dani Estrada,Eñaut Zubikarai, Gorka Elustondo, Mikel Gonzalez, Jon Ansotegi, Iñigo Diaz de Zerio, Imanol Agirretxe eta Carlos Martinez. Zubietan trebatutako jokalari multzo hark beste belaunaldi gazteago bati eman dio bidea. Zurutuzaren ustez, zaleek gozatu egingo dute Realeko belaunaldi berriarekin: «Datozen denboraldiak oparoak izango dira Realarentzat». Lekukoa beste belaunaldi bati ematea tokatu zaio Rochefortekoari. Lasai asko utzi du Reala, taldea «esku onetan» uzten duela argudiatuz. Gaur egungo Realaren ahalmena zein den argi eta garbi utzi zuen Zurutuzak: «Aro bat osatu behar duen Real baten aurrean gaude. Gazte hauek oso gogor zapaltzen dute azeleragailua».

Deskonexiorako tartea

Aurreko denboraldian ez bezala, Zurutuzak garbi zuen Reala utziko zuela sasoi amaieran: «Konfinamenduaren aurretik argi nuen erabakia. Nire Realeko garaia amaitu da». Denbora batez futbolaz ahaztu, eta deskonektatu egin nahi du: «Sakrifizio handia da; asko exijitzen du futbolak. Ez dakit jendeak badakien zer den futbol jokalaria izatea». Urte luzez disfrutatu ezin izan dituen bizitzako plazer txikiez gozatu nahi du orain: «Nire emaztearekin eta semeekin igandeetan raba batzuk jan ahalko ditut».

Realeko jokalariei azken mezu bat bidaltzeko ere baliatu zuen agerraldia: «Hemen urte asko pasatzea espero dut. Beste gauza batzuk proba ditzakezue, baina, hemen, gustura bizi daiteke. Ni bezain zoriontsu izatea opa dizuet hemendik aurrera ere». Bizitzaren legea horretan datza: aro ezberdinak osatu eta bidean zoriontsu izatean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.