2024. urtea gorabeheratsua izan da Realarentzat. Urte hasieran bi kolpe hartu zituen, astebetean Espainiako Kopatik eta Txapeldunen Ligatik at geratu baitzen. Baina kolpe horietatik ondo osatu zen, eta bosgarren urtez jarraian Europarako sailkatzea lortu zuen ligan. Uda ere ez zen lasaia izan. Izan ere, Imanol Alguacilek duela bost urtetik osatutako taldearen bizkarrezurreko bi pieza garrantzitsu joan ziren: Mikel Merino eta Robin Le Normand. Gainera, fitxaketa garrantzitsuetako bi, Orri Oskarsson eta Nayef Aguerd, azken unean iritsi ziren. Jokin Aperribai presidenteak adierazi zuen liburu berri bat idazten hasiko zela Reala sasoi honetan, eta hala berretsi zen azaroan, Roberto Olabe futbol zuzendariak iragarri baitzuen ekainean Reala utziko duela. Erik Bretosek hartuko du haren tokia. Emaitzei dagokienez, sasoia kaskar hasi ostean, Imanolek egoera bideratzea lortu du.
Urtea hasteko, bi kolpe: Kopatik eta Txapeldunen Ligatik at
Realak ilusioz ekin zion urteari. Urtarrilean, Espainiako Ligan ez zituen emaitza onak lortu, baina Kopan finalerdietara iritsi zen. Malaga (0-1), Osasuna (0-2) eta Celta (1-2) kanporatu zituen, etxetik kanpo jokatuta, eta Mallorca egokitu zitzaion finalerdietan. Joan-etorriko kanporaketa izan zen. Joanekoa Mallorcan jokatu zen, eta Realak eskura izan zuen kanporaketa bideratzea. Baina, Sadiqek hainbat gol aukera garbi huts egin ostean, 0-0 amaitu zen partida. Itzulerakoan, nahiz eta aurreko ligako partidan 1-3 galdu Vila-realen aurka, Reala faborito zen finalerako urratsa egiteko. Baina txuri-urdinek kolpea hartu zuten. Mallorca 0-1 aurreratu zen Gio Gonzalezen gol bati esker. Oiartzabalek berdindu zuen neurketa, eta azkenean penaltietan erabaki zen kanporaketa. Mallorcak guztiak sartu zituen, eta Realak bat huts egin zuen: Oiartzabalek berak. Hala, finaletik at geratu zen.
Imanolen aro arrakastatsuaren unerik gogorrenetakoa izan zen. Astebete geroago, gainera, beste kolpe bat hartu zuten txuri-urdinek. PSGk Txapeldunen Ligatik kanporatu zituen, Anoetan 1-2 irabazi ostean. Mbappek sartu zituen frantziarren bi golak.
Bosgarren aldiz jarraian, Europara
Bi kolpe horietatik ondo osatu Reala. Izan ere, Txapeldunen Ligatik kanpo geratu ondoren, Imanolen jokalariek sei garaipen, bi berdinketa eta hiru porrot pilatu zituzten. Hala, 37. jardunaldian, Betisen zelaian 0-2 irabazi ondoren, txuri-urdinek Europa ligarako sailkatzea lortu zuten. Sailkapen horrekin, klubaren historian beste mugarri bat ezarri zuten. 115 urtean lehen aldiz, Realak bosgarren urtez jarraian jokatuko zuen Europan: lau aldiz Europa ligan, eta behin Txapeldunen Ligan. Txuri-urdinek seigarren amaitu zuten Espainiako Ligan: 60 punturekin.
Le Normaden, Merinoren eta Olaberen agurrak
Uda ez zen batere lasaia izan Anoetako bulegoetan. Realak bi jokalari garrantzitsu saldu zituen: Le Normad eta Mikel Merino. Le Normad Atletico Madrilera saldu zuten. Espainiako taldeak 34,5 milioi ordaindu zituen erdiko atzelaria erosteko. Merino, berriz, Arsenalera joan zen. Nafarrak 2025ean amaitzen zuen kontratua, eta Londresko taldeak 32 milioi ordaindu zizkion Realari erdilariagatik.
Klubak taldea indartu beharra zuen, eta, salmentak orekatzeko, 45,5 milioi euroko inbertsioa egin zuen fitxaketetan. Garestiena Orri Oskarsson aurrelaria izan zen. 20 urteko islandiarra erosteko, 20 milioi euro ordaindu zizkioten Kopenhageri, udako merkatuko azken egunean. Azken egunean iritsi zen Nayef Aguerd erdiko atzelaria ere. Marokoarra Ingalaterrako West Ham taldetik iritsi zen utzita, Le Normand ordezkatzeko. Merino ordezkatzeko, berriz, Luka Sucic erdilari kroaziarra erosi zuten 10 milioi eurorengatik. Beste fitxaketak Sergio Gomez eta Javi Lopez izan ziren.
Baina azaroan beste agur sonatu baten iragarpena iritsi zen: Roberto Olabe futbol zuzendariarena. Beste denboraldi baterako kontratua geratzen zitzaion, 2026 arte. Baina datorren urteko ekainean talde txuri-urdina utziko du, sei urteren ondoren. Nekea aipatu zuen horretarako arrazoi nagusi gisa. Olabe talde txuri-urdinaren azken urte arrakastatsuetako arkitektoa izan da. Hark sinatu zituen Merino, Alexander Isak, Martin Odegaard, David Silva, Alex Remiro eta Takefusa Kubo, besteak beste. Gainera, Zubietako futbol egitura osoaren ardura hartu, eta eraberritu egin du. The Athletic egunkariak aurreratu zuen Olaberen agurra, eta Realak handik gutxira baieztatu zuen. Horrekin batera, haren ordezkoaren izena jakinarazi zuen: Erik Bretos, urte hauetan Olaberekin eskuz esku lanean aritu den pertsona.
Sasoi hasiera gorabeheratsua, bideratua
Merino eta Le Normand gabe, Realak nahiko gaizki hasi zuen denboraldia. Espainiako Ligako lehen zazpi partidetatik bakarra irabazi zuen, Espanyolen aurka: 0-1. Valentziaren aurka 3-0 irabazi zuen, baina etxean emaitza kaskarrak lortzen jarraitu zuen. Urtea txarra izan da Anoetan txuri-urdinentzat, zazpi partida bakarrik irabazi baititu 25etik. Gainera, Europa ligan ere ez zen fin hasi. Mingarriak izan ziren Anderlechten eta Viktoria Pilsenen aurkako porrotak.
Baina, ondoren, Bartzelonari irabazi zion ligan: 1-0. Garaipen hori, nahiz eta hurrengo jardunaldian Athleticen aurkako derbia galdu, mugarri izan zen. Izan ere, taldeak sei partida irabazi zituen segidan. Gainera, partida horietan ez zioten golik sartu. Bolada on horri esker, denboraldi hasiera txarra bideratu zuen Espainiako Ligan eta Europa ligan. Gainera, Kopan final-hamaseirenetarako sailkatu zen. Dena den, urte amaieran zapore okerragoa utzi dute Las Palmasen aurkako berdinketak eta Celtaren aurkako porrotak. Reala zazpigarren da Espainiako Ligan, eta 2025eko erronka nagusia beste behin Europarako sailkatzea izango da. Espainiako Kopan eta Europa Ligan, berriz, ahalik eta urrutien iristea da beste helburuetako bat.