Arnasa gehiago hartu dute

Etxeberria-Rezustak bigarren puntua lortu dute binakakoan, Urrutikoetxea-Albisuri irabazita

Beñat Rezusta pilota jotzen, alboan Jon Ander Albisu duela. G. ARANBURU / FOKU.
ainara arratibel gascon
2022ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Lehen hiru neurketak galdu eta gero, egoera zailean ziren Peio Etxeberria eta Beñat Rezusta Binakako Txapelketan. Aspeko bikoteak, baina, irabazi egin ditu azken bi neurketak, eta arnasa hartuz doa. Atzo, Arrasaten (Gipuzkoa), 22-19 hartu zituzten mendean Mikel Urrutikoetxea eta Jon Ander Albisu. Hala, garaipen kopuru berarekin dira bi bikoteak: bina dituzte.

Partida hasieran hobeto aritu ziren Urrutikoetxea-Albisu, txapelketa hasieran emandako itxura ona berretsiz. Aurrean ondo aritu zen Urrutikoetxea, eta atzean sendo Albisu: 9-7. Dena den, norgehiagoka parekatua izan zen, eta are gehiago berdindu zen lehen atsedenaldirako: 12-11. Oraindik ere Urrutikoetxea-Albisuk zuten abantaila.

Batzuetan gertatzen da atsedenaldiek neurketen norabideak alda ditzaketela. Atzo hala izan zen. Izan ere, haren ostean, Peio Etxeberria-Rezusta nagusi izan ziren. 7-2ko partziala egin zuten, eta lau tanto aurretik jarri ziren: 18-14. Urrutikoetxeak eta Albisukez zuten amore eman, eta azkenerako uste baino gehiago kostatu zitzaien irabazleei 22ra iristea.

Irunen (Gipuzkoa) arituko dira bihar Ezkurdia-Martija eta Jaka-Aranguren. Bi bikoteek puntu bakarra daukate, eta garaipena behar dute atzean ez gelditzeko. Beste lehia batean arituko dira, ordea, igandean Eibarren (Gipuzkoa). Altuna III.a-Tolosa hirugarren garaipena eskuratzen ahaleginduko dira, bigarren sailkatuen aurka: Peña II.a-Mariezkurrena II.a. Baikoko bikoteak partida bakarra galdu du orain arte, baina, Aspekoek irabaziko balute, harrapatu egingo lituzkete sailkapenean.

Astelehenean, berriz, liderren txanda izango da. Elordi-ZabaletaTolosan (Gipuzkoa) arituko dira, Laso-Imazen aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.