Armstrongek zazpi Tourrak galduko ditu USADAren epaia onartzen badu UCIk

Dopin substantziak hartzeagatik epaitu behar zuten AEBetan, eta bere burua ez defendatzea erabaki du

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2012ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Bere bizitzan aurrenekoz, Lance Armstrongek amore eman du. Bizitzako zorigaitzen aurrean eta bizikleta gainean inoizko borrokalari sutsuenetakoa izandakoak ez ditu hortzak estutuko epaitegian. USADAk (AEBetako dopinaren aurkako agentziak) salaketa jarri zion bere ibilbidean dopin substantziak hartu zituela frogatu zezakeelako, eta txirrindulariak bere burua ez defendatzea erabaki du. Ondorioz, agentziak 1998tik aurrerako lorpen guztiak kentzeko eta diru irabaziak bueltatu ditzala eskatuko du. Orain UCIk (Nazioarteko Txirrindularitza Batzordeak) du zigorraren inguruko azken hitza, eta epaia onartzen badu Armstrongen palmaresa hustuko du.

Lance Armstrongek atzo publiko egindako ohar batean jakinarazi zuen ez zuela bere burua defendatuko USADAren aurrean. «Konstituzioaren aurkako sorgin ehizatzat» jo zuen, eta, horregatik, ez du epaiketarik ametituko. Era berean gogor kritikatu zuen bere herrialdeko dopinaren aurkako agentzia. «Agentziak ezin du kirol profesionala kontrolatu,eta nire zazpi Tourrak kentzen saiatu. Nik badakit nola irabazi nituen Tour horiek, eta nirekin lehiatu ziren txirrindulari guztiek ere badakite». Armstrongek 600 dopin kontrol baino gehiago pasatu zituen bere ibilbidean, eta ez zuen inoiz positibo eman.

USADAk, Travis Tygart zuzendariaren ahotsean, karguen «onarpentzat» hartu du Armstrongen ukoa. Dopinaren aurkako agentziak txirrindulariak 1998tik 2005era arte EPOa eta esteroideak hartu eta odol transfusioak egin zituela demostra zezakeela publiko egin zuen iragan ekainaren 12an, eta auzibidean sartuko zuela. «Probak» zituela esan zuen agentziak, eta Armstrongen hainbat taldekide ohi deklaratzeko prest zeudela aurreratu. Era berean, epaia irten arte, baina, proba horiek argira irtengo ez zirela azaldu zuen.

Armstrong behin baino gehiagotan saiatu da epaiketa gelditzen azken hilabeteetan, eta bere defentsa ukoarekin balizko proba horiek azaleratzea eragotzi du. Azkeneko saioa abuztuaren 20an gelditu zen bertan behera, Texasko (AEB) epaile batek ez baitzuen onartu azken helegitea. Helegite hori uztailaren 10ean jarri zuen Armstrongek, bere inguruko hiru espezialista dopin substantziak erabiltzeagatik zigortu zituzten egunean: Luis Garcia del Moraleta Michele Ferrari medikuak eta Pepe Marti prestatzailea.

UCI, proben zain

UCIri dagokio orain erabakitzea, eta, ezustekorik izan ezean, zigortuko du. Nazioarteko batzordea alde guztiekin hitz egiteko «zain» dago, eta «ordura arte» ez du ezer esango. Ikusteko dago, halere, UCIk zein jarrera hartzen duen, iragan uztailean auziaren jurisprudentzia eskatu eta USADAk eman ez ziolako. Ondo bidean, nazioarteko batzordeak herrialde guztietako agentzien erabakia berretsi behar du. ASOren jarrera ere ikustekoa izango da, Tourreko antolatzaileek ez baitute izarñoa gehiago nahi liburuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.