Traineruen lehia desiratua hemen da. Etzitik bertatik hasiko da borroka, eta ondo prestatuta dago Bou Bizkaia ontzia. Urdaibai da, aurten ere, faboritoen multzo preziatuko kideetako bat. Ez da berrikuntzarik alde horretatik. Bere lekuan dauzka jarriak arma guztiak, eta epaileak bandera zuria jaisten duenerako, kontrarioak hondoratzera joango da.
Iazko eskifaian ezagun egin ziren arraunlari zenbait ez daude aurten, eta kapitaina ere berria da: Juan Mari Etxabe. Ezaguna, esperientziaduna, eta makina bat borrokalditan garaile izandakoa beste leku batzuetan. Falta direnen artean, izen potoloak daude: Mikel Portularrume, Miguel Angel Millares, Luis Pazos, Bersaitz Azkue, Sergio Montenegro, Javier Polo eta Lur Uribarren patroia. Zazpiko dotorea, alajaina! Traineru bikain baten erdia, hain zuzen.
Borrokarako prestatu behar izan zuen klubak aurreko uda amaieran, arraunlari berriak ekartzeko beste borroka hori eginez. Zazpi lortu zituen. Izenez ez dira falta direnak adina izango, baina izenak ez du izana egiten. Etxabek berak aitortu duenez, izugarri ondo ari dira moldatzen hain ezagunak ez diren horiek, eta Urdaibairi aukera emango diote dena irabazteko lehian sartzeko.
Etorri berriak ondo ari dira, baina ezin da ahaztu geratu direnak zein diren: Fernando Rua, Iker Zabala, Alain Colunga, Jon Elortegi, Toni Montenegro... Ez dira gaur goizekoak. Izena eta izana bat eginda doaz horien kasuan ere. Bi multzoen arteko nahasketak itxura ona dauka, eta puntan ibiliko da Bou Bizkaia.
Itxura baino zerbait gehiago dela ere esan daiteke. Izan ere, neguko traineru jaitsieretan eta udaberriko estropadetan dotore moldatu da taldea. Emaitzak hor daude ikusi nahi dituenarentzat. Arraun munduan ezustea eragin zuten hain emaitza onek, hainbeste aldaketa izanda zalantzaz betea zegoelako jendea. Baina klubaren barruan haserretu egiten dira besteen harridurarena aipatzen zaienean.
Horrek esan nahi du ondo baino hobeto dakitela zertarako gai diren. Beraiek bezain ongi inork ez daki nola dabilen ontzia entrenamenduetan. Halako ziurtasunez hitz egiteko, gauza ondo joango da.
San Miguel ligan, berdintasuna espero da aurten ere, baina azpiko sailkapenari jartzen zaio gehiago berdintasunarena. Baina goialdean ere estu joango dira estropadak. Urdaibai prest da borrokarako.
Arrauna. San Miguel ligako taldeak: Urdaibai
Arma, tiro eta pun!
San Miguel ligako taldeen artean indartsuenetakoa izango da aurten ere Urdaibai, aldaketak izan dituen arrenJuan Mari Etxabe da 'Bou Bizkaia' traineruaren entrenatzaile berria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu