Asier Villalibre. Athleticeko jokalaria

«Arlo guztietan hobetu dut, baina batez ere konfiantzan»

Baliteke Athletic berriro ere Europarako sailkatzeko borrokan sartzea gaur, San Mamesen Betis mendean hartuta. Villalibrek argi du, azken bi berdinketen ostean, garaipena behar dutela.

ATHLETIC.
haritz gallastegi
2020ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Athleticen lekua egiten ari da Asier Villalibre (Gernika, Bizkaia, 1997 ). Beheko mailetan gol asko sartu arren, gorengo mailan gutxi agertu da orain arte. Pauso bat atzera egin behar izan zuen, bi aurreratzeko. Aukerak baliatzen ari da orain.

Denbora asko zeneraman jokatu barik, eta Ipuruan ukitu zenuen lehen baloia sareetara bidali zenuen. Pozik al zaude?

Konfiantza berreskuratzeko lagungarria da oso. Atletico Madrilen kontra ezin izan nuen jokatu, lesio txiki bat nuelako. Eibarren minutu batzuk jokatzeko aukera eman zidaten, eta lehen errematean asmatzeak indarra eman dit.

Zer iruditzen zaizu normaltasun berriko futbola?

Estadioetara joan eta zalerik ez ikustea arraroa da oso, ezberdina.Bestalde, aldaketa gehiago egiteko aukerak talde dinamika hobea sortzen du. Aukera gehiago ikusten ditugu, eta jokalariok aktiboago gaude. Dena dela, ezohiko egoera da, eta jakin egin behar dugu dagoenari aurre egiten.

Baldintza berezi hauetan txapelketa amaitzea ez jokatzea baino hobea dela uste duzu?

Ni neu jokatzeko gogoz nengoen. Neurri zorrotzak bete behar ditugu. Ez dut arriskurik ikusten. Babestuta gaude.

Zer ari zarete egiten ohiz kanpo futboleko baldintza berriei aurre egiteko?

Kontzentrazioa landu behar da. Lan saioak oso antzekoak dira. 40.000jarraitzaileren aurrean jokatzetik harmailak hutsik daudela jokatzera alde handia dago. Harmailetan zaleak daudela lortzen dugun kontzentrazioa lortu behar dugu harmailak hutsik daudela. Hori izango da arrakastaren giltza.

Zale zuri-gorria fidela eta beroa da.Zuek antzemango omen duzue gehien zale gabe jokatzea.

Ez nago ados. Jarraitzaileek asko laguntzen digute, duda barik. Baina gu egoera berrira egokitzen ari gara, eta gai gara harmailak hutsik izanda lehiatzeko. Oso motibatuta zelairatzen gara.

Europarako sailkatzea duzue helburua. Aurkariak, sailkapena ikusita, gaitza dirudi. Zer iritzi duzu zuk?

Ez da egoera erraza. Baina Athletic ordezkatzen dugu, eta ez daukagu amore emateko asmorik. Gu prest gaude.

Zuretzat sasoi ona ari da izaten. Hazi egin zarela uste duzu?

Bai. Denboraldia hasi zenean jokatzeko aukera gutxi ikusten nuen. Baina sasoiak aurrera egin ahala lekua egin dut taldean. Urrats handia egin dut. Arlo guztietan ari naiz ikasten, baina, batez ere, konfiantza hartu dut. Oso pozik nago.

Konfiantzak ekarri du zure rol aldaketa?

Arrazoi nagusia konfiantza da. Konfiantzaz dagoen jokalariak ondo egiten ditu gauzak. Hala ere, argi daukat arlo askotan ari naizela hobetzen: taktikoki, teknikoki... Eguneroko lanak hobetzeko aukera ematen du.

Aritz Adurizek erretiroa hartu du. Askoren ustez zu zara haren lekukoa hartuko duen futbolaria. Zama handia da hori?

Ni ez naiz hurrengo Aritz izango. Ni Villalibre naiz. Ahalik eta Villalibre onena izaten saiatuko naiz. Baina horretarako, denbora eta konfiantza behar ditut. Egun batetik bestera ezinezkoa da norberak daukan onena erakustea. Hobetzen ari naiz.

Denbora eskatu duzu. Etaegia da erdiko aurrelari askori kosta egiten zaiela onena ematen hastea: Aduriz, Llorente... Golegileek gainerakoek baino denbora gehiago behar al duzue?

Ez dut uste gainerakoek baino denbora gehiago behar dugunik. Kontua da oso gazte garenetik eskatzen zaigula gure onena emateko. Denbora, konfiantza eta eskarmentua behar dira jokalari gisa egiteko.

Aholku asko ematen al dizkizu Adurizek?

Bai. Mugimenduak, errematatzeko teknika, erdiko atzelariengandik mantendu beharreko distantziak... Eta, apur bat makurtuta ibiltzen naizenez, gorputza zuzen eramateko eskatzen dit.

Tronpeta eskolakondo al doaz?

Oso pozik gabiltza taldean.

Athleticeko taldekide batzuekin batera musika talde bat osatu duzu, eta sarri elkartzen zarete ensaiatzeko. Zaletasun horrek zuen arteko lotura estutu egin du?

Futbolarekin zerikusirik ez duten aktibitateak egitean indartu egin da gure arteko harremana. Gustura ari gara.

Zaleen kuttun bihurtzeko bidean zoazela dirudi.

Tronpetak famatu egin nauela ikusi dut. Jokalari batek tronpeta jotzea ez da ohikoa. Gustuko dudalako egiten dut. Lagun batek elektrotxaranga batean jotzen du, eta berarengatik hasi nintzen. Txarto jotzen dut. Jendeak uste du ondo aritzen naizela, ez duelako tronpeta ezagutzen. Ea denborarekin hobetzen dudan.

Tronpetagatik ezaguna izatetik golak sartzeagatik ezagun izatera pasatzea da hurrengo helburua?

Espero du golak sartzeagatik tronpeta jotzeagatik baino ezagunagoa izatea.

Gaur Betisek bisitatuko du San Mames. Sevillako taldean ez da giro.

Ez daude sasoi onean, ez. Baina guk berdindu egin ditugu azken partida biak, eta hiru puntuak behar ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.