Laugarren denboraldia du Arkoteko entrenatzaile lanetan Aitor Gilek (Santurtzi, Bizkaia, 1974). Aurrenekoan, Peio de Vegaren laguntzaile izan zen, eta, harrezkero, bakarrik dabil. Arkote ondo aritu zen 2000. hamarkadako hasieran, eta Bizkaiko txapelketa ere irabazi zuen 2005ean; TKE ligan ere aritu zen 2005etik 2009ra. Gozatu zuen urte haietako batzuez Gilek, eta, orain, eta beste helburu batzuekin ari da.
Entrenatzaile eta arraunlari ere bai. Zenbateko eragina dauka horrek entrenatzaile baten lanean?
Ondo etortzen da, gauza guztiak ez direlako kanpoan egonda ikusten. Barruan dena kontrolpean izateko aukera handiagoa da.
Zer ari zara ikusten Arkoteren traineru barruan?
Hor ari gara borrokan hiru talde atzean uzteko. Igo berriak gara, eta iaztik bost arraunlari falta zaizkigu. Ia zerotik hasi behar izan dugu. Ondo ari gara, arraunean ongi, eta lehiatzen. Baina hain da liga gogorra aurkarien mailarengatik... Gainera, lau edo bost talde gabiltza segundo baten barruan, eta hutsa behar da postu batzuk gorago edo beherago geratzeko estropadetan. Lan biribilak egitera behartzen gaitu horrek, okerrik txikienaren eraginez atze-atzean geratzeko arriskua dagoelako lauzpabost taldeen arteko lehia horretan.
Akuilu bezala ondo erabiltzeko egoera ere bada hori, ezta?
Uste dut azkeneko estropadara arte ez dela erabakiko azken postuetako borroka. Gaur, jaisteko lekutik kanpo gaude, eta kanporaketa jokatzeko bi tokietatik ere bai. Baina, bihar, agian, zuloan sar gaitezke, sekulako berdintasuna dagoelako.
Sailkapenean, azken-aurrena Orio da, eta aurretik zaudete Portugalete, zuek eta Pedreña. Espainiarrak ere kanporaketari ihes egiteko lehian ikusten dituzu?
Bai, sartu egiten ditut hor. Azkeneko estropadan irabazi egin diegu, eta ibaiko estropadak izan dira. Berez, gu talde arina izanik, ez da guretzat leku egokiena, baina, hala ere, haien aurretik ibili gara. Itsasoan ere ez dabilela ondo erakutsi du, eta orain datoz itsasoko estropadak. Ea bost puntuko aldea murrizten diegun, eta beste talde bat ere sartzen dugun gure borrokan.
Ligaren hasieran, zuen helburua mailari eustea zen. Orain, zein da, kanporaketa ere ez jokatzea?
Hori da. Jokatu behar bada, jokatu egingo dugu. Ez dugu inolako arazorik, ezta presiorik ere, beste talde batzuek izan dezaketen bezala. Guk garbi izan dugu beti zein den gure lehia, eta lasai gabiltza gurean lanean. Burua ondo daukagu, ez gaude estututa eta larri.
Arkote azkenaldian gora eta behera dabil KAEn, eta izango duzue gogoa behingoagatik lehen mailan egonkortzeko, ezta?
Nire nahia hori zen, taldea KAE 2an hartu nuenean. Helburua zen mailaz igo eta hor egonkortzea. Baina garbi neukan ez dela helburu erraza, klub hau berezia delako: urtetik urtera taldeari eustea gauza zaila izaten da, eta blokea egitea gaitza da. Jarraitutasuna izatea nahi nuen, baina ez da erraza izaten ari. Pixkanaka-pixkanaka joan behar dugu. Ea ez garen jaisten aurten, eta hurrengo urtean beste pauso bat ematen dugun. Garbi daukat iaztik hona trainerua hobetoxeago dabilela, eta hori da bidea.
Arraunlariei urtetik urtera eustea leku askotako buruko mina ez al da?
Gure inguruan Lekeitio eta beste talde batzuk dauzkagu, esate baterako. Talde asko leku txikian egonda, zaila da denentzat nahikoa arraunlari edukitzea. Gainera, entrenatzeko itsasgora eta itsasbehera zaindu behar izaten ditugu ibaian, eta beti ezin dugu Plentzian entrenatu. Bilbora joan behar dugu, eta atzera-aurrera handia da azkenean. Gainera, arraunlari batzuk Ezkerraldekoak dauzkagu, besteak ibaiaren beste aldekoak, eta, azkenean, gorabehera asko dira. Beste talde batzuek erraztasun handiagoak dituzte alde horretatik.
Nola zabiltzate harrobiarekin?
Badaude arraunlariak, baina gazte mailan oso gutxi. Hortik behera gehiago daude, eta infantilak nahiko ondo ari dira. Gertatzen dena da hortik aurrera jarraitzea kosta egiten zaiela.
Ez da urte asko Arkote TKE ligan ibili zela, eta zu bertan zinen arraunean. Nola lortu zen hain goian ibiltzea? Diruagatik izan al zen?
Dirua bazen orduan, baina guk gutxi kobratzen genuen beste talde batzuekin alderatuta. Arraunlarien maila zen ona. Plentziako zazpi bat arraunlari on elkartu ziren, eta inguruko tokietatik ere jende ona heldu zen. Talde ona osatu zen, eta ondo ibili ginen. Bi osagaiak behar dira, azkenean: etxekoak onak eta kanpokoak ere maila onekoak.
Asko oroitzen zara urte haietaz?
Aitona zaharrak bezala ibiltzen naiz burua iraganera joanda [barrezka]. Tira, oroitu bai, baina garaian garaikoa bizi behar da, eta, 43 urterekin, ez naiz hasiko orain garai haietako kontuen bila ez dakit nora joanda arraun egitera. Une guztietan daude gauza onak; iaz, esaterako, KAE 2an, bandera batzuk irabazi genituen, eta mailaz igo. Hori ere polita da. Aurten, mailari eustea ederra litzateke.
Plentzian zenbateko zaletasuna dago?
Herri txikia da, eta arraunak badu tradizioa. Beteranoen bi talde daude, adibidez. Herriko estropada ikustera herritar asko joaten dira, eta egunerokoan animo asko ematen dizkigute. Ez da beste tokietan bezalako zaletasuna, baina ezin gara kexatu.
Aitor Gil. Arkoteko entrenatzailea
«Arkote KAE 1 ligan egonkortzea da nire nahia»
Arkote igo berri da KAE 1 ligara, eta, oraingoz, jaisteko arriskutik kanpo dago. Lan ona egiten ari dira, baina Gilek uste du azken estropada arte ez dela erabakiko beheko postuetako lehia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu