Bazebilen zurrumurrua, eta Realak baieztatu du: Gonzalo Arkonadak ez du aulkian segituko. Bi denboraldi eta erdiren ostean, agur esan dio karguari. Teknikariak, ordea, beste eginkizun batzuetan jarraituko du Zubietan. Arkonadaren zuzendaritzapean bi titulu irabazi ditu taldeak: Espainiako Kopa eta Euskal Herria Kopa. «Eskerrak eman nahi dizkiot klubari, esperientzia hau bizitzeko aukera eman didalako», adierazi zuen agurreko eskutitzean.
Esker hitzak izan zituen jokalarientzat. «Asko ikasi dut haiengandik. Entrenatzaile eta pertsona hobea izaten lagundu didate». Agindu zien haien partidak ikustera joango dela, eginkizun berriek uzten dioten neurrian: «Beste zale bat izango naiz». Halaber, eskatu zien jarraitzeko «hazteko eta hobeak izateko» lanean. «Ez diezaietela mugarik jarri euren buruei».
Bi denboraldi eta erdi hauetan berarekin entrenatzaile taldean aritu direnak ere izan zituen gogoan. «Babes handia eman didate», nabarmendu zuen. Garbiñe Etxeberria Kirol zuzendariari «emandako konfiantza» eskertu zion. «Futbolaz izan ditugun solasaldiak oso aberasgarriak izan dira». Zaleengandik jasotako babes «nekaezin eta sanoa» ez duela sekula ahaztu ere berretsi zuen.
Eskutitzaren azken lerroetan etorkizunari begira jarri zen. «Ilusioz ekingo diot erronka berriari, eta zirraragarria izatea espero dut».
2017ko azaroaren 21ean hartu zuen entrenatzaile kargua, Juanjo Arregi ordezkatuta. Ligako zazpi jardunaldiren ondoren Arregik taldea utzi zuenean, taldea punturik gabe zegoen. Hamabi gol sartuak zizkioten, eta bi bakarrik zituen berak sartuak. Arkonada iritsi bitartean, Gorka Alvarezek egin zituen entrenatzaile lanak behin-behinean.
Izendapenak dudak piztu zituen. Izan ere, aurretik Realean egon bazen ere, ez zuen eskarmenturik emakumeen futbolean. Baina aurkezpenean argi esan zuen: «Egokitu beharko dut, baina ikasteko ilusio handiarekin nago».
Zaragozaren aurka egin zuen debuta, modu ezin hobean, gainera. Realak 6-2 irabazi zuen. Partidako izarra Nahikari izan zen, bost gol sartu baitzituen. Arkonadaren jokatzeko era barneratu ahala, taldeak gora egin zuen, eta sailkapenaren erdialdean amaitu zuen liga, zortzigarren, 38 punturekin.
Hurrengo denboraldia izan zen, ordea, gogoangarriena. Taldeak modu ausart eta erakargarrian jokatu zuen erasoan, eta serio aritu zen defentsan. Ligan, taldeak zazpigarren bukatu zuen, aurreko denboraldian baino bederatzi puntu gehiagorekin: 47.
Baina balentria Espainiako Kopan egin zuten txuri-urdinek, txapeldun izan baitziren. Valentzia, Rayo eta Sevilla kanpoan utzi eta gero, finalean Atletico Madril hartu zuten mendean: 2-1. Granadan jokatu zuen finala, iazko maiatzaren 11n. Espainiarrak aurreratu ziren, baina Realak buelta eman zion, Kiana Palaciosen eta Nahikariren golei esker.
Beste titulu bat irabazita abiatu zuten amaitu berri den denboraldia: Euskal Herria Kopa. 3-0 azpiratu zuten Athletic, Garmendipen (Azpeitia, Gipuzkoa). Maddi Torrek, Nahikarik eta Leire Bañosek sartu zituzten golak.
Ligari ere ondo ekin zioten. Baina azaro-abenduetan txakalaldi txiki bat izan zuten. Hori gainditu, eta bederatzi hilabetean bigarren finala jokatzeko sailkatu ziren otsailean: Espainiako Superkopakoa. Baina bizkarrekoa hartu zuten, 10-1 galdu baitzuten Bartzelonaren kontra. Kosta egin zitzaion taldeari porrot hori gainditzea eta, besteak beste, Madrilek Kopatik kanpo utzi zuen. Koronabirusaren pandemia zela-eta liga eten zenean, Reala seigarren zegoen, 33 punturekin.
Jokalariek beti nabarmendu izan dute Arkonadaren izaera didaktikoa, eta akatsei beldurrik ez izateko behin eta berriz eman dien mezua. Haren eskutik harrobiko hainbat jokalarik egin dute debuta lehen taldean: Adriana Nanclaresek, Ceciliak eta Mirarik, adibidez.
Jokalarien geroa
Etxeberriak hartutako lehen erabakia da Arkonadak datorren denboraldian ez jarraitzea. Entrenatzaile berria nor izango den argitzearekin batera, beste hainbat delibero hartu beharko ditu. Izan ere, zortzi jokalariri kontratua amaitzen zaie: Marta Cardonari, Kiana Palaciosi, Maddi Torreri, Nuria Mendozari, Sara Olaizolari, Iraia Iparragirreri, Manu Lareorieta Claudia Blancori.
Ikusteko dago zer jokalari ekartzen dituen taldea indartzeko. Azken egunetan zabaldu da Realak ia lotua duela Nuria Rabano Deportivoko aurrelaria, eta Amaiur Sarriegi Athletic B-koa fitxatzeko interesa duela. Sarriegik hamahiru gol sartu ditu hamazazpi lehiatan sasoi honetan.
Arkonadak ez du aulkian jarraituko
Espainiako Kopa eta Euskal Herria Kopa irabazi ditu bi sasoi eta erdian. Hemendik aurrera beste lan batzuetan arituko da Zubietan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu