Zesta-punta

Aritz Erkiaga: izarra izan nahi ez duen izarra

Winter Serieseko finala jokatuko dute igandean (12:00): Erkiaga eta Ibarluzea Ladutxeren eta Manziren aurka. Erkiagak hirugarren txapela nahi du, eta onena dela berretsi. Haren umiltasuna eta kalitatea nabarmendu dute anaia Aitzolek eta Goikoetxeak.

Aritz Erkiaga. ERAMAN JAI ALAI
Aritz Erkiaga, pilota jotzear, Winter Series txapelketako partida batean. ERAMAN JAI ALAI
Julen Etxeberria.
2025eko otsailaren 14a
05:10
Entzun

Igande eguerdian itzali egingo da argia une batez Gernika-Lumoko (Bizkaia) Jai Alai frontoian, eta fokuek Winter Series zesta-puntako txapelketako finala jokatuko duten lau puntistak argituko dituzte: Aritz Erkiaga (Ispaster, Bizkaia, 1987) eta Ion Ibarluzea ariko dira, batetik, eta Ludovic Ladutxe eta Mikel Manzisidor, bestetik. 

Erkiaga ohituta dago distira egitera; hura da aspalditik onena. Igandean, hirugarrenez irabaz dezake txapela; bigarrenez jarraian Ibarluzearekin. Sekulakoa da hori, kontuan hartuta laugarren ekitaldia dela, eta, txapelketa garrantzitsuena izanik, puntista onenak aritzen direla. 

Baina Ispasterko aurrelariari ez zaio gustatzen fokuen argipean ibiltzea. Izarra izan nahi ez duen izarra da. Nabari zaio hori, eta halaxe berretsi dute hura ezagutzen dutenek. «Aritzek ez dauka bere burua izartzat. Beti izan da umila, eta inoiz ez zaio gustatu nabarmentzea», azaldu du haren anaia eta puntista ohiak, Aitzol Erkiagak (Ispaster, 1982). Iritzi bera du Iñaki Osa Goikoetxeak (Zumaia, Gipuzkoa, 1980), puntista ohi eta Eraman Jai Alai enpresako kirol zuzendariak. «Aritzi ez zaio inoiz gustatu kantxatik kanpo arreta bereganatzea. Oso ondo jakin izan du ezberdintzen kantxako Aritz Erkiaga eta kantxatik kanpokoa».

Ados daude biak: «izaerak» lagundu egin dio. «Lagunen lagun handia da, eta eskuzabala; beti dago laguntzeko prest. Hala ere, norbait gustatzen ez bazaio, akabo. Ez du ezer nahiko harekin», azaldu du anaiak. «Pertsona ona da, naturala», baieztatu du Goikoetxeak.

«Herrikoia eta familia girokoa» ere badela diote. «Ahal duen denbora gehien egoten da Ispasterren. Han ibiltzen da inon baino gusturago. Lasai egotea gustatzen zaio, familiarekin eta lagunekin. Eta familia aipatuta, ahalegin guztia eta gehiago egiten du haiengatik», esan du anaiak. «Izugarri maite ditu etxekoak», gehitu du Goikoetxeak. Dagoeneko ezaguna egin da haren seme zaharrena, aitaren eskuari helduta joaten baita igogailuan partida bukatu ondoren puntistak ETBren elkarrizketa gunera joaten direnean.

Goikoetxea eta Erkiaga anaiak hamar urte baino gehiago egon ziren elkarrekin Miamin (AEB). Biek gogoan dute nolako herrimin handia zuen Aritzek. «Han, lagunartean egotea gustatzen zitzaion: barbakoak eta halakoak egitea. Behin eta berriro esaten zidan erotuta ere ez zela han biziko bakarrik», gogoratu du anaiak. «Hasieran, herrimin handia zuen, baina, denbora pasatu ahala, gero eta gusturago egon zen», aitortu du Goikoetxeak. Barrez gogoratu du nola ibiltzen zen hondartzan. «Gu kolorea hartzera joaten ginen, baina Aritz, hondartzara iritsi bezain pronto, eguzkitakoaren azpian jartzen zen, eta hantxe egoten zen; ez zuen elastikorik ere kentzen. Eta, gero, kentzen zuenean, segituan jartzen zen gorri-gorri. Ez zen batere hondartzazalea».

«Aritzek ez dauka bere burua izartzat. Beti izan da umila, eta inoiz ez zaio gustatu nabarmentzea»

AITZOL ERKIAGAAritz Erkiagaren anaia eta puntista ohia

Hantxe, Miamin, egunero jokatuta egin zuen jauzi. «Miamira iritsi zeneko lehen urteetan gorabeheratsu aritu zen, baina ulertzekoa zen: gaztea zen, eta esperientzia hartzen ari zen. Gu beteranoak ginen; nik neuk hamar urte neramatzan AEBetan jokatzen. Baina, urteen poderioz, Aritzek esperientzia hartu du, eta, horri esker, konfiantza ere bai kantxa barruan; jokoz ere gora egin du, AEBetan egunero jokatzen baikenuen. Horri esker, nabarmen ari da azken urteetan».

Hain zuzen, hamar urte luzez egunero jokatzearen garrantzia azpimarratu du haren anaiak. «Ekinaren ekinaz hobetzen da, eta gu Miamin egunero aritzen ginen. Zaila da hemen bi entsegu eta partida bat jokatuta ikastea. Han, ordea, egunero jokatzen genuen. Derrigor ikasten duzu, nahi gabe ere. Aritzi asko igartzen zaio buruz jokatzen duela».

Txiki-txikitatik abila

Biok ados daude: Erkiagak zerbait badu, berezkotik du. «Txiki-txikitatik ikusten zitzaion abilezia zuela: oso ondo heltzen zion zestari. Beste kiroletan ere oso ondo moldatzen zen; kirolari hutsa zen. Zesta-puntan, lan egin du, baina ez zaio askorik kostatu, asko baitu berezkotik». Azken horri heldu dio Goikoetxeak. «Berezkoa du trebezia. Hain erraz egiten ditu gauzak, ezen bere lehentasuna ez dela izan haiek bete-betean lantzea. Nagusiki, teknika landu du, ondo egiten duena fintzeko».

Bakoitzak Erkiagaren dohain bat nabarmendu du. «Beti daki nola jokatu aurkariei, baita nola lagundu bikotekideari ere. Ezin hobeto daki nola aritu behar den kantxan», azpimarratu du anaiak. Goikoetxeak, berriz, haren «esperientzia eta tantoa bukatzeko erraztasuna» goraipatu ditu. «Ez du piloteroaren beharrik, edozein tokitatik bukatzen baitu tantoa; errebotez eta saihetsez errematatzeko abilezia handia du».

«Grina bizia du, baina lasaia da aldi berean. Tanto artean oso makal dabil, baina pilota jokoan dagoenean ez dago geldi»

IÑAKI OSA GOIKOETXEAPuntista ohia eta Eraman Jai Alai enpresako kirol zuzendaria

Estetikoki «ederra» dela gaineratu dute. «Errebesez, alboz eta errebotez oso postura polita eta naturala du; erraz egiten du», azaldu du Goikoetxeak. Anaiak ere gozatu egiten du hura ikusten. «Oso postura politak ditu, eta erremate ikusgarriak egiten ditu. Gainera, egiten dituen jokaldi ia guztiak ezin hobeto ateratzen zaizkio. Zaleak erakartzeko amu ederra da Aritz».

Batzuetan, badirudi gogorik gabe ari dela. Ez da horrela. «Grina bizia du, baina lasaia da aldi berean. Tanto artean oso lasai eta makal dabil, presarik gabe, baina pilota jokoan dagoenean ez dago geldi; oso bizia da, eta hankak oso arinak ditu. Jokatzen duenean bete-betean aritzen da, eta tanto artean patxadatsu, hausnartuz eta hurrengo jokaldian zer egingo duen pentsatuz», esan du Goikoetxeak. Horri eutsi dio anaiak. «Lasai jokatzen du, badakielako zer egin behar duen. Badaki alferrik dela urduri egotea. Beti jardun da horrela».

Hori dela eta, «seguru» daude «bete-betean» ariko dela finalean. «Besteek egiten dutenaren mende egongo da partida», iritzi dio Goikoetxeak. Anaiak ez du dudarik. «Aritz da faboritoa. Guretzat beti da faboritoa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.