Aitor Etxaburu. Anaitasunako entrenatzailea

«Argi utzi dugu goiko aldean egoteko merituak egin ditugula»

Zazpigarren amaitu du Anaitasunak Asobal Liga. Kontent da Aitor Etxaburu taldeak egin duen lanarekin. Orain atseden hartu nahi du.

edurne elizondo
Iruñea
2013ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Asobal Liga amaituta, hurrengo denboraldia buruan du jada Anaitasunako entrenatzaile Aitor Etxaburuk (Eibar, Gipuzkoa, 1966). Bost jokalarik utziko dute taldea, eta bat Alejandro Garza etorriko dela iragarri dute Anaitasunako arduradunek oraingoz. Atseden hartzeko eta lan onaz gozatzeko gogoz da Etxaburu.

Amaitu da Asobal Liga, baina oraindik ez da amaitu denboraldiko lana zuentzat.

Lehiaketa amaitu eta gero, lasaitasuna berreskuratzeko ordua dugu orain. Atsedenaldia prestatzeko garaia da. Bizpahiru entrenamendu saio arin eginen dugu gorputza atsedenaldirako prestatzeko.

Zazpigarren amaitu duzue Liga. Kontent?

Bai. Hagitz kontent gaude. Taldearen helburua zen mailari eustea, eta zazpigarren amaitzea kontent egoteko modukoa da. Ligaren azken txanpan hagitz eroso aritu gara, sailkapenaren goiko aldean. Azken unera arte egin dugu lan hor egoteko, eta lortutakoak ase egiten gaitu.

Seigarren postua ere eskura izan zenuten. Etsita, azkenean ihes egin zizuelako?

Ez, ez, inondik inora. Alderantziz. Denboraldiaren azken txanpan helburua jada beteta genuen. Argi dago kirolariek beti irabazi nahi dutela, baina zerbait behar da, bertze helburu bat, lehiaketari eusteko. Seigarren izateko aukera izan genuen, eta horrek on egin zigun lehiaketaren tentsioari eusteko. Ez dugu lortu, baina ez da deus pasatzen. Garrantzitsuena izan da azken unera arte pistan aritzeko motibazioa izan dugula, eta gogor egin dugula lan.

Zorte txarra izan duzue ere. Hainbat partida gol bakar batengatik galdu duzue.

Bai. Zorte txarra izan dugu. Azken unean ihes egin digu garaipenak hainbat partidatan. Baina nik ez diot horri garrantzia eman nahi. Denboraldi osoan egindako lanari egin behar diogu so, eta kontent egoteko modukoa da, zalantzarik gabe.

Uste duzu taldeak Asobal Ligan dagokion tokia lortu duela jada?

Badirudi baietz, baina taldeak hori egunero erakutsi behar du, urtero. Bukatu berri dugun denboraldian argi utzi dugu goiko aldean egoteko merituak egin ditugula. Eta hori sumatzen da pistan. Aurkarien jarreran sumatzen da gora egin dugula. Errespetu handia digute, gero eta gehiago.

Asobalen orain arte egin duzun lanaz, zer nabarmenduko zenuke?

Ni hagitz kontent nago. Hagitz gustura nago. Taldeko kide guztieekin hagitz harreman ona dut, eta eroso nago lanean, ondorioz. Ildo berean jarritu, bertzerik ez dut nahi.

Hurrengo denboraldian bost jokalarik utziko dute taldea, eta oraingoz Alejandro Garza etorriko dela iragarri duzue. Zer erran daiteke hurrengo denboraldiko taldeari buruz?

Zuhurtasunez jokatu behar dugu, eta lehendabiziko kontua da argi izatea zer aurrekontu izanen dugun hurrengo denboraldirako. Bost jokalari badoaz, baina ez dira bost etorriko. Hori argi dugu. Garza dator Ion Latorrek ez duelako jarraituko. Antzeko jokalariak dira. Hemendik aurrera, egoera aztertu beharko dugu, eta ahal dugun neurrian taldea sendotu.

Egoera ekonomikora moldatuta, baina hurrengo denboraldian sailkapenean gora egiteko gogoz?

Bai, bai. Egoera ekonomikoa ezin dugu bazter utzi. Eta zuhur jokatu beharra dago. Baina argi dago urtetik urtera hobera egiteko gogoz garela. Ikusi beharko dugu aurkariak nola dauden hurrengo denboraldian. Hala ere, guk bertze jokalari bat edo bi fitxatzeko aukera izanen dugu, gehienez ere. Hori argi izan behar dugu denok.

Taldea prestatzen hasi baino lehen, atseden hartzeko garaia duzue oraingoa. Gogoz?

Bai. Behar dugu. Denboraldiaren amaiera gogorra izan da, eta badugu atseden hartzeko gogoa. Taldea osatzea da orain nire lehentasuna. Ahalik eta azkarren amaitzea lan hori, eskubaloia tarte batez bazter utzi ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.