Koronabirusak guztia astindu du. Baita kirola ere. Makina bat txapelketa geratu dira bertan behera, eta horien artean dago Asobal liga: oraingoz, bi astez eten dute. «Atzo [herenegun] arte normal entrenatzen aritu gara, neurri batzuk hartuta: adibidez, eskuak maiz garbitzea. Hala ere, gaur [atzo] esan digute ez garela gehiago entrenatuko», dio Ander Izquierdok (Iruñea, 2000), Helvetia Anaitasunako erdikoak. Ez jokatu, ezta ikasi ere. Marketina ikasten ari da Iruñean, baina gutxienez bi astez ez du klaserik izango. «Pixka bat arduratuta nago. Ea dena azkar pasatzen den».
Lehiari helduta, ez da denboraldi ona izaten ari Anaitasunarentzat. Txakalaldia izan zuen aurreko sasoian, eta suspertzea zuen helburu denboraldi honetan. Baina ez du lortu, eta pattal ari da: hamahirugarren da Asobal ligan, eta hiru talde besterik ez ditu atzetik. Bi puntura baino ez du jaitsiera. «Sailkapenari begiratuta, egoera ez da ona, baina talde askok dugu bizpahiru punturen aldea. Egoera asko alda daiteke bolada on bat harrapatuta. Hori egin nahi dugu lehiari berriz ere ekitean. Taldea ondo dago, egoera iraultzeko gogoz».
Tantaka iritsi dira taldearen inguruko berri onak, eta, horregatik, iritsi direnak gogoz ospatu dituzte. Harrobiko jokalariak egiten ari diren lan ona ospatu dute gehien, eta horien artean, bereziki, Izquierdorena. Bere jarduna eguzki izpia da hodei artean. Egonkortu egin da lehen taldean, eta oso ondo ari da. Bere dohainen berri eman du jada: erasoan, zentzu handiz zuzentzen du jokoa, goleko paseak ematen ditu, baita golak sartu ere —ia hiru partidako—; defentsan, berriz, iaioa da 5-1 defentsan jokalari aurreratu gisa arituta. Ados daude guztiak klubean: harribitxia dute. Horrexegatik, 2023ra arte lotu dute.
Nolako zura, halako ezpala dio esaera zaharrak, eta Izquierdoren kasuan, bete egin da; bitan, gainera, zeren aita (Nacho) eta aitona bat (Jose Luis) Anaitasunan aritu baitziren. Haiek sartu zioten «eskubaloiaren harra». «Futbolean hasi nintzen Paz de Ziganda ikastolan, eta, gero, eskubaloian. Baina kirol bat aukeratu behar izan nuenean, eskubaloia hautatu nuen. Zerikusi handia izan zuen familia eskubaloizalea izateak».
12 urterekin heldu zion baloi txikiari, Anaitasunan, non bestela. «Nire bigarren etxea da. Orduak eta orduak pasatu ditut klubean: pabiloian, igerilekuan... Izugarri maite dut klub hau. Familia bat bezalakoa da».
Maila guztiak igaro eta guztietan nabarmendu ostean, 2018ko azaroan egin zuen debuta. Ezin izan zuen egun hoberik aukeratu: etxean, eta Bartzelona ahaltsuaren aurka. Gol bat sartu zuen. «Ikaragarria izan zen. Ez dut inoiz ahaztuko. Asko diot eskertzeko Iñakiri [Iñaki Aniz entrenatzailea], bai aukera hori emateagatik, baita apustu horri eusteagatik ere, lehen taldera igota. Ez nuen halakorik espero. Iñakik beti erakutsi dit konfiantza handia. Eman didan aukera hau aprobetxatu nahi dut».
Partida dezente jokatu ditu jada, eta oso argi geratu zaio non duen gehien hobetzeko. «Indarrez, koska bat beherago nago; indarra falta zait. Kontrarioek badakite, eta gogorrago defenditzen naute. Baina gogor ari naiz lanean hobetzeko».
Argi izpi bat hodei artean
Ander Izquierdo Helvetia Anaitasunako erdiko gazteak duela urte eta erdi egin zuen estreinakoa Asobal ligan, eta denboraldi honetan jada egonkortuta dago lehen taldean. Klubean bat datoz: harribitxia dute esku artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu