«Argi dut nire egitekoa»

Osasunako erdilariak aitortu du hobera egin duela, baina hasieran kosta egiten zitzaiola lan saioen erritmoari eustea

2013ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Iruñean igarotako lehen egunen inguruan hitz egin zuen atzo Francisco Silva, Gato-k, Taxoaren. Txiletarra orain bi aste inguru iritsi zen taldera, eta bihar Celtaren aurkako partidan jokatu zuen, lehenengoz, Osasunaren elastikoarekin. Ez da erraza izaten Europako futbola ezagutu ez duen jokalari batentzat hango erritmo gogorrera egokitzea, eta hortaz ere jabetu zen Silva: «Txileko lan saioetako erritmoa zertxobait lasaiagoa da. Lehen egunetan kosta egin zitzaidan arren, hobera egiten ari naizela esango nuke».

Celtaren aurka egindako debutaren inguruan balorazioa egiteko tartea ere izan zuen jokalariak. «Partidan parte hartzeko zortea izan nuen, eta jokora ongi egokitu nintzen». Ez zuen denbora askorik izan bere dohainak erakusteko, baina bere egitekoa zein zen bazekiela nabarmendu nahi izan zuen. Gainera, Sadar futbol zelaian jendeak taldea nola bultzatzen duen jabetzeko aukera ere izan zuen: «Berria den jokalari batentzat giro hori aurkitzea oso pozgarria da. Espero dugu hurrengo partidetan ere azken partidako giro berdina egotea harmailetan. Guretzat ezinbestekoa da».

Azken jardunaldian etxean lorturiko garaipenari esker, nafarrek jaitsiera postuetatik kanpo jarraitzen dute, eta bihar Mallorca izango dute aurrez aurre. Handik esku-hutsik itzultzea, ordea, azken postuetan bizi den lehia areagotzea adieraziko luke. Gainera, behe aldean aurkitzen diren beste bi taldeek —Deportivo eta Celta—, etxean jokatuko dituzte euren partidak. Mallorcan, dena den, ez da giro onik. Realaren aurkako porrotaren ondoren, Gregorio Manzanok Joaquin Caparros ordezkatu zuen aulkian, eta larunbatean izango du estreinako partida. Entrenatzaile berri bat klub batera iristen denean, ilusioa piztu ohi da zaleen artean. Egoera aldatuko duelako itxaropena nagusitzen da. Manzano, berriz, sobera ezagutzen dute Palma aldean —hirugarren aldia du taldea zuzentzen—, eta jendeak ez du begi onez ikusi hura fitxatzea. Lehenengo entrenamenduan, adibidez, irainak jaso zituen. Egoera horri probetxua ateratzeko helburuarekin, hiru puntuen bila eta partida on bat egitera joango direla adierazi zuen atzo Silvak. «Talde batek entrenatzaile berri bat fitxatzen duenean, hamaikakoan egoteko dena ematen saiatzen dira jokalariak. Hala ere, horrek ez du esan nahi egungo aldaketa izango dutenik egun batetik bestera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.