Ligari ekiteko bi egun falta diren honetan, «sabelean tximeletak» dituela dio Carlos Vicentek (Zaragoza, Espainia, 1999). Alavesek Ferrolgo Racingetik fitxatu zuen hegalekoa, urtarrilean, eta jokalari garrantzitsua bilakatu zen hasieratik Luis Garcia Plaza entrenatzailearentzat. «Aurreko sasoiari jarraipena eman nahi diot, konfiantza handiz amaitu bainuen», nabarmendu du. Etzi egingo du debuta ligan Arabako taldeak, Balaidosen, Celtaren aurka (19:00).
Bost asteko denboraldiaurrea egin duzue, eta jokatu dituzuen zortzi lagunartekoetatik bakar bat ere ez duzue galdu. Nolakoak izan dira lehiaketa hasi aurreko aste hauek?
Ahal bezainbat jokatzea eta behar den erritmo hori hartzea da garrantzitsuena, eta baita jende berria taldera eta jokatzeko modura egokitzea ere. Sentipenak onak izan dira, eta emaitzak ere bai, nahiz eta azken horiek orain ez diren hain garrantzitsuak. Oso pozik gaude, eta ilusio handia dugu. Prestaketa ona egin dugu.
Lehiaketa astean sartu zarete jada. Beste giro bat nabaritzen da entrenamenduetan?
Bai, erabat bestelakoa da. Denboraldiaurrean ahalegintzen zara intentsitate berbera izaten, baina oso ezberdina da. Denboraldiko lehendabiziko hiru puntuak dira, eta uste dut aldagelan nabaritu egiten dela hori.
Zure lehendabiziko denboraldi osoa izango da Alavesen eta Lehen Mailan. Zer moduz zaude erronka horri aurre egiteko?
Oso ondo. Aurreko sasoia konfiantza handiz amaitu nuen, eta horri jarraipena ematea da nire asmoa. Ondo nabari dut neure burua, sasoiz ondo nago, eta uste dut lagunartekoetan ondo aritu naizela. Denboraldi ona izango dela uste dut; dena emateko prest nago.
Urtarrilean iritsi zinen taldera, eta jokalari garrantzitsua bilakatu zinen berehala Luis Garcia Plazarentzat. Arlo pertsonalean, zer erronka dituzu denboraldi honetarako?
Anbizio handikoa naiz, eta aurreko denboraldiko joko mailari eusteaz gain, nire emaitzak hobetu nahi ditut. Nire postuan garrantzitsua da golak sartu eta asistentziak ematea. Buruan daukadan arren, ez dut kopuru zehatzik aipatu nahi. Alavesera iritsi nintzenetik, taldekideek eta talde teknikoak asko erraztu zidaten egokitzapen prozesua, oso erraza izan zen. Taldeak ere iazko sendotasun bera erakutsi nahi du.
«Anbizio handikoa naiz, eta aurreko denboraldiko joko mailari eusteaz gain, nire emaitzak hobetu nahi ditut»
Gasteizera ere ongi egokitu zara?
Bai, oso ondo. Aurreko denboraldian anaiak [Dani Vicente] Mirandesen jokatu zuen, eta asko egon nintzen harekin. Orain, ordea, Murtziara joan da jokatzera, eta ni bakarrik bizi naiz. Hiria oso erosoa da, oso ondo hartu naute, eta egokitzapena taldekoa bezalakoa izan da, oso erraza. Gainera, Zaragoza ere gertu daukat. Oso pozik nago hemen, eta ea urte askoan hala den.
Bigarren Mailatik igo diren taldeentzat, maiz zailagoa izaten da gorengo mailan egiten den bigarren denboraldia. Horren beldur zarete?
Ohartzen naiz horretaz, taldekideren batekin-edo aipatu dut, baina taldean, orokorrean, ez dugu horretaz hitz egin. Gertatu izan dira halakoak, baina ez da kontu matematikoa. Alde horretatik, lasai gaude, eta konfiantza handia dugu. Aurreko denboraldiak eman zigun indar eta energia hori erabili behar dugu.
Helburua mailari eustea izanik, zein izango dira aurkari zuzenak, zure ustez?
Sekula ez da jakiten zer talde egongo diren sailkapenaren behealdean. Dena den, uste dut borroka horrek ez duela zerikusirik izango aurreko denboraldikoarekin, hiru talde oso atzean geratu baitziren, beste guztien mesederako. Argi dago helburua zein den, une oro jakin behar dugu hori, baina hobetzen jarraitzeko anbizioa ere izan behar dugu: ezin gara konformistak izan.
«Oinarri ona dauka taldeak, eta etorri berri den jendeak ere maila ona dauka. Uste dut erraz egokitu direla gure jokatzeko modura, eta hori da garrantzitsuena»
Ruben Duarte, Rafa Marin, Javi Lopez, Andoni Gorosabel eta Samu Omorodion jada ez daude taldean. Jokalari garrantzitsuak izan dira, ezta?
Bai, argi dago aurreko sasoian oso jokalari garrantzitsuak izan zirela aipatu dituzun guztiak. Edonola, iaz ikusi zen ezinbesteko aldaketak egin genituenean jokalari guztiek maila ona eman zutela. Oinarri ona dauka taldeak, eta etorri berri den jendeak ere maila ona dauka. Uste dut erraz egokitu direla gure jokatzeko modura, eta hori da garrantzitsuena. Alde horretatik lasai gaude. Urtero izaten da jokalarien joan-etorria.
Luis Rioja ere hainbat talderekin lotu dute udan. Nola ikusi duzu zuk?
Oso harreman ona daukat haiekin. Lasai ikusi dut, eta denboraldiaurrean asko eta ongi jokatu du. Horrelako egoerak normalak dira, baina gu profesionalak gara, eta eguneroko lanean zentratuta gaude. Lasai eta konprometituta ikusi dut.
Celtaren aurka ekingo diozue ligari, ostiralean, Vigon. Zer-nolako partida espero duzue? Atzeko lerroan jokalari ugari falta izango dituzue neurketa horretarako.
Denboraldiaurrean, ahalegintzen zara aurkari guztiei zertxobait erreparatzen, baina aste hau bereziki baliatuko dugu aurkariaren analisia egiteko. Claudio Giraldezek gidatuta, baloiarekin gustura ari da Celta, luzaz edukitzen du baloia. Oldarkorrak izan beharko dugu, eta ea partidaren aginte makila har dezakegun. Aurreko urtean izan genuen joko ideiari eutsiko diogu, eta entrenatzaileak dioen horren arabera egingo dugu aurrera. Falta diren jokalariei buruz, iaz erakutsi genuen hainbat jokalarik postu batean baino gehiagotan jokatu dezaketela.
Zer esan dizue Luis Garcia Plazak liga hasi aurreko egun hauetan?
Denboraldiaurre osoan helarazi digu zer nahi duen. Lanean jarraitu behar dugula nabarmendu digu, aurreko sasoian bezala talde langilea izan behar dugula, eta intentsitate handian jokatzea funtsezkoa dela guretzat, ligako talde gutxi baitira gai gure intentsitatea berdintzeko. Asko esateko beharrik ere ez dago halakoetan, denok baitugu ilusio handia eta denok baititugu tximeletak sabelean.