Kayak surfa

Argentinan ere txapeldun

Kayak Surfeko Munduko Txapelketetan nagusi da Euskal Selekzioa, nabarmen gainera. Azken urteetan txapelketa gehienak irabazi ditu, azkena barne.

KAYAK SURF
Euskal Selekzioko palistak Mar de Platan, Argentinan. BERRIA
inaut matauko rada
2024ko maiatzaren 21a
05:00
Entzun

Euskal Selekzioa 26 dominekin itzuli da Munduko Kayak Surf Txapelketatik. Mar de Platan (Argentina) egin zen txapelketa, eta, han lortutako dominei esker, munduko txapeldun tituluarekin itzuli dira Euskal Herrira. Txema Carreto Euskal Selekzioaren Kayak Surfaren arduraduna da, baina beterano kategorian ere parte hartu du, modalitate motzean. Lepotik zilarrezko domina bat zintzilik itzuli da Euskal Herrira. Munduko Txapelketan parte hartzea «zail» izan du Carretok, logistika aldetik batez ere; baina, azkenean, dena «espero baino hobeto» atera dela onartu du.

Izan ere, ez da erraza dozenaka kayak Argentinara bidaltzea; are gutxiago, jakinda kirol «txiki» bat dela. Hala ere, lortu dute ahalik eta kirolari gehien hara joan eta parte hartzea; hein handi batean, Mar de Platan bizi diren Carretoren familiakideen laguntzagatik. «Kirol txikia denez, Munduko Txapelketetan saiatzen gara ahalik eta kirolari gehienek parte hartzen». 16 urteko palistak izan dira lehiatzen gazteenak, baina 60 urtetik gorakoak ere izan dira. Horrek, gainera, giro ona sortzen laguntzen duela azaldu du Carretok: «Urte asko daramatzagunok saiatzen gara esperientzia hori gazteenei transmititzen, eta guk haiengandik ere asko ikasten dugu».

Olatz Garmendia urrezko domina irabazi duten euskal palista horietako bat da, modalitate motzean, eta modalitate luzean ere ondo aritu zen, zilarrezko domina etxeratu baitzuen. Emaitzekin «pozik» dago, baina oraindik jet lag-ak erasanda. Aurreko Munduko Txapelketetan, modalitate bakarreko finalean aritu izan da, baina oraingo honetan bietarako sailkatu zenez, bi finaletan zentratu behar izan du. Bere ibilbidearen hasieran, modalitate luzean ibili zen hobeto, eta gero motzean; baina, aurten, bietan bikain aritu da.

«Kayak surfean munduko potentzia nagusia izateak, hain zuzen, egin dudan lanarekin harro sentiarazten nau».

TXEMA CARRETOEuskal selekzioko Kayak Surf arduraduna

2015ean hartu zuen parte, lehenengoz, Munduko Txapelketa batean, Galizian; ordutik, Ipar Irlandan, Perun, Ingalaterran eta Argentinan izan da lehiatzen. Hamabi urte zituela hasi zen Garmendia kayak surfean

Baldintza bikainak

Instituzioen eta federazioaren laguntza izateaz gain, goi mailako entrenatzaileak izatea ere bada euskal selekzioaren arrakastaren arrazoietako bat. Edu Etxeberria da entrenatzaileetako bat, «munduko onena», Carretoren hitzetan. Beste entrenatzaile batzuk ere badaude, teknika aldetik eta entrenatzaile figura gisa «oso onak», Garmendiaren ustez. 2007tik hona bederatzi Munduko Txapelketa egin dira, eta horietatik zortzi irabazi ditu Euskal Selekzioak. Dudarik gabe, munduko talderik onena da kayak surfean.

Gimnasioan alor fisikoa asko lantzen dute, aerobikoa eta indarra, eta uretan ere asko aritzen dira. Garrantzi handia ematen diote uretako entrenamendu horiek prestatzeari, eta mota ezberdinetako olatuetan aritzen dira txapelketetarako prest egoteko. Garmendiak nabarmendu du baldintza onak dituztela euskal palistek, gehienak itsasotik gertu bizi direlako; beste selekzio batzuei gertatzen ez zaien moduan. «Kayak surfean munduko potentzia nagusia izateak, hain zuzen, egin dudan lanarekin harro sentiarazten du», azaldu du Carretok.

2007an egin zen, azkenekoz, Munduko Txapelketa Euskal Herrian, eta Carretok eta Garmendiak esperantza dute hori errepikatzeko. Baina nabarmendu dute ez dagoela kirolarien esku. «Euskal Herrian baldintza bikainak ditugu, eta horrek asko egiten du. Baina ez dago kirolarien esku; instituzioen eta federazioaren lana da. Horren arabera baloratuko da Munduko Txapelketa berriro hemen egitea», esan du Carretok.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.