FUTBOLA

Argentinak hamaseigarrenez irabazi du Amerika Kopa

Finalean 1-0 garaitu du Kolonbia. Lautarok sartu du gola, luzapenean, 112. minutuan. Jende pilaketak izan dira partida hasi aurretik, eta norgehiagoka atzeratu egin da.

Argentinarrek garaikurra jaso zuten unea. CRISTOBAL HERRERA / EFE
Argentinarrek garaikurra jaso zuten unea. CRISTOBAL HERRERA-ULASHKEVICH/EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2024ko uztailaren 15a
12:34
Entzun

Espainia eta Ingalaterraren artekoa ez da izan bart jokatutako final bakarra. Eurokopaz gain, Amerika Kopa ere amaitu berri da. Euskal Herriko ordu txikietan jokatu dute Argentinak eta Kolonbiak norgehiagoka, Miamiko (AEB) Hard Rock estadioan. Luzapenera arte, ez da golik izan. Azkenean, 112. minutuan, Lautaro Martinezek egin du argentinarrei garaikurra eman dien gola.

Berandu hasi zen partida. Estadioko ateak ireki ostean, zenbait zale sarrerarik gabe sartzen saiatu ziren. Horregatik, zelaiko ateak itxi behar izan zituzten. Eta berriz ere ireki zituztenean, pilaketak egon ziren. Sarrera guztiak zeuden salduta, 65.000, eta partida atzeratu behar izan zuten zaleak zelaira sartu bitartean. Azkenean, ia ordubete berandu hasi zen partida.

Aurretik ere salatu dute Conmebol Amerika Koparen antolatzailea, txapelketan gertatutako istiluengatik. Marcelo Bielsa Uruguaiko hautatzaile eta Athleticeko entrenatzaile ohiak gogor egin zuen antolakuntzaren aurka joan den astean. Izan ere, zenbait segurtasun arazo izan dituzte Amerika Kopan. Istilu larriak gertatu ziren Kolonbia eta Uruguairen arteko finalerdian, eta bart, pilaketak zirela medio, zenbait zale zauritu ziren. Gertatutakoek kezka eragin dute, batez ere kontuan hartuta herrialde horretan, AEBetan —Mexikon eta Kanadan ere bai— jokatuko dela hurrengo Munduko Kopa, 2026an.

Partida atzeratuko zela iragartzen zuen pantaila. CJ GUNTHER/EFE
Partida atzeratuko zela iragartzen zuen pantaila. CJ GUNTHER/EFE

Atzerapenaren ostean, behin partida hasita, Kolonbiak indartsu ekin zion. Sendoago aritu ziren lehen zatian argentinarrak baino. Zelai erdian nagusi izan ziren, eta horrek asko zaildu zion Argentinari Kolonbiaren atera iristea. Halere, markagailuak 0-0 erakusten zuen 45. minutuan.

Messi, min hartuta

Lehen zatian, Lionel Messi Argentinako izarrak min hartu zuen orkatilan, baina partidan jarraitu zuen. 65. minutuan, ordea, Argentinako kapitaina lurrera jausi zen: orkatilako minagatik zelaia utzi behar izan zuen azkenean. Argentinarrek ez zuten amore eman, eta hamar minutu geroago, gola egin zuen Nico Gonzalezek, baina jokoz kanpo zegoen. 90. minutura 0-0ekoarekin iritsi ziren.

Luzapenean edo penaltietan erabakiko zen txapelketa. Argentinak ez zeukan Messi; ezta Kolonbiak James Rodriguez ere. Kolonbiarren izarra luzapena hasi aurretik aldatu zuten, eta Juan Fernando Quintero sartu zen haren ordez. Bi selekzioek izan zituzten aukerak. Azkenean, 112. minutuan, penaltietara iristea eragotzi zuen Lautarok. Horrela, Argentinak hamaseigarren aldiz irabazi du Amerika Kopa, eta garaipena kateatu du jokatu dituen azken hiru txapelketetan: 2021eko Amerika Kopa, 2022ko Munduko Kopa eta 2024ko Amerika Kopa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.