Munduko Kopa

Argentina eta Messi munduko txapeldun

Argentinak penaltietan irabazi dio Frantziari finala (4-2), eta hirugarrenez bihurtu da munduko txapeldun. Alferrik galdu du bi golen errenta, eta luzapena 3-3 bukatu da. Azkenean, Messik altxatu du garaikurra.

jarraia222173.jpg
enaut agirrebengoa
2022ko abenduaren 18a
20:07
Entzun

Bukaera apoteosikoa izan du Munduko Kopak. Inoizko finalik ikusgarrienetako bat jokatu dute Argentinak eta Frantziak, eta, penaltietan, zuri-urdinak bihurtu dira txapeldun. Merezita gailendu dira, baina baita ondo sufrituta ere. Gezurra dirudi, lehen 80 minutuetan goitik behera nagusitu baitira. 2-0 ari ziren irabazten, baina, bat-batean, dena dar-darka jarri dute frantziarrek, minutu batean bi gol sartuta. Luzapenean, Messik aurretik jarri du berriz ere Argentina, baina gutxi iraun die pozak, Mbappek hirunako gola egin baitu. Penalti jaurtiketetan, erraldoi bihurtu da berriro Emiliano Martinez atezaina, eta Montielek sartu du gol erabakigarria.

Argentinarrek hirugarren izarra josi dute paparrean. 1986an zuten irabazia azken titulua. Bada, bukatu da itxaronaldia. Era berean, 2014an galdutako finalaren arantza atera ahal izan du Messik. Urte luzez gozakaitz ibili da selekzioan, baina iaz Amerika Kopa irabazi zuen, eta, orain, munduko txapeldun bihurtu da. Falta zitzaion garaikurra da. Zirkulua itxi du.

Esperotako hamaikakoarekin aritu da Frantzia, sistema eta jokalari aldetik. Lionel Scalonik, ordea, aldatu egin du Kroaziaren kontra erabilitako estrategia arrakastatsua: Paredes zelai erditik kendu, eta Di Maria ezker hegalean ipini du. Hala, 4-3-3 eskemarekin jardun dute argentinarrek. Baita ondo jardun ere. Partidaren zatirik handienean, frantziarrak baino gehiago izan dira jokoaren zentzu guztietan.

Lehen zatian erakutsi dute nagusitasun handiena. Presio lerroak zelai erdian paratu dituzte bi taldeek, txapelketa osoan egin bezala. Ez dute itsu-itsuan aurrerantz egin. Aldea jarreran egon da: askoz ere oldarkorragoak izan dira zuri-urdinak. Baloi bakoitzarengatik borrokatu dira, azkena balitz bezala. Lehietan jaun eta jabe izan dira, eta horrek urrea balio du final batean. Bizitasunak apurtu du partidari ustez zegokion berdintasuna.

Jokoari gatza eta piperra eman dio Argentinak. Baloia erraz berreskuratu eta bizkor mugitu du. Sutsu aritu da kontraerasoan. Lerro artean min handia egin du Mac Allisterrek; eta zer esanik ez Di Mariak. Scaloniren hamaikakoko berritasun nagusia izan da, eta lehen zati txundigarria osatu du. Deabrukeriak egin ditu Messirekin batera. Nahieran aritu dira.

Hain justu, Di Maria eta Messi izan dira lehen goleko protagonistak. Batak penaltia behartu du –zangotraba egin dio Dembelek, batere beharrik gabe–, eta besteak, gola sartu. Messi ez da urduri jarri hamaika metroko jaurtiketan: Lloris nora, beste aldera bidali du baloia. 23. minutuan, 1-0 aurretik jarri da Argentina.

Golak ez du gidoia aldatu. Estutzen jarraitu dute Scaloniren mutilek, eta bigarrena egin kontraeraso ikusgarri batean. Paseak bizi kateatu dituzte Messik, Julian Alvarezek eta Mac Allisterrek, eta Di Maria izan da artelanari sinadura jarri diona. Atsedenerako hamar minuturen faltan, finala poltsikoan zuen Argentinak.

Frantzia, berriz, guztiz desitxuratuta zegoen. Hainbeste, ezen atsedenera heldu aurretik Giroud eta Dembele kendu baititu Deschampsek, Thuram eta Kolo Muani zelairatzeko. Hasieran, ezer gutxi aldatu da. Frantziarrak burumakur joan dira aldageletara.

Iraultza begi kliska batean

Aurrerapausoa egin nahi izan dute bigarren zatian, baina Argentinak eroso jarraitu du, eta abagune onak izan ditu neurketa guztiz erabakita uzteko. Lehen ordua beteta, bederatzi gol aukera zenba zitzaketen argentinarrek; frantziarrek, ordea, bat bera ere ez dute sortu. Erdiraketak egiten hasi dira ezkerretik, eta arrisku sentsazio apur bat sortu dute. Dena den, egoera guztiz kontrolpean zuten zuri-urdinek.

Alabaina, teknikarien erabakiek aldatu egin dute partidaren noranzkoa. Lehenik, Scalonik Di Maria kendu du, ordura arteko jokalaririk onena. Geroago, Deschampsek beste aldaketa bikoitz bat egin du, eta marrazkia moldatu: bi aurrelarirekin jokatzen hasi da Frantzia. Hortik gutxira, Otamendik penaltia egin dio Kolo Muaniri, eta Mbappek murriztu egin du markagailuko aldea. 80. minutua zen. Bada, argentinarrak konturatzerako, beste gol bat ospatzen ari zen PSGko izarra. Bat-biko itzela egin du Thuramekin, eta lehen ukituan finitu du jokaldia, boleaz. Messiren baloi galera batean egon da golaren jatorria.

Frantziak etekina atera dio nagusitasun fisikoari, eta partida irabaztear izan da. Haatik, Martinezek ezerezean utzi du Rabioten jaurtiketa. 96. minutuan, berriz, Llorisek gelditu egin dio Messiri areaz kanpotik egindako jaurtiketa.

Zoramena ez da eten luzapenean. Lautarok oso bi aukera on huts egin ditu, eta 108. minutuan, 3-2koa egin du Messik. Area ertzean jokaldi bizkorra egin du Argentinak, eta kapitainak ate barrura bidali du baloia. Atepetik atera du Koundek, baina marra igaroa zuen jada. Zale argentinarrak garaipena ospatzen hasiak ziren berriro, baina, luzapena bukatzeko hiru minuturen faltan, Montielek eskuarekin gelditu du jaurtiketa bat area barruan. Penaltia. Mbappek ez du huts egin.

Hori gutxi ez, eta Martinezek hanka miragarri batez galarazi du Frantziaren laugarren gola. Hurrengo jokaldian, Lautarok oker errematatu du buruz, dena alde zuela. Kirioak airean ziren, eta penalti jaurtiketetan, Argentinak egin du dantza. Bigarren eta hirugarren jaurtiketan kale egin dute frantziarrek. Comanek Martinezekin egin du topo, eta Tchouameniri kanpora joan zaio. Montielen golak estasia eragin du argentinarren artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.