Leire Landa

Argazkitik desagertu da

Belauna hiru aldiz txikitu ondoren, Bartzelonako jokalariak gertu dauka erretiroa. 2006-2007ko denboraldian egin zuen debuta Lehen Mailan, Realarekin, eta Atletico Madrilen eta Athleticen ere jokatu du ordutik.

BARTZELONA.
unai zubeldia
2016ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Izaera, lehiakortasuna, ausardia eta sakrifizioa» galduko ditu futbolak. Bartzelonak pisuzko lau hitz horiekin dauka eginda Leire Landaren deskribapena, eta bakar bat ere ez dago sobera. Besteren artean, bederatzi urterekin minbiziari aurrez aurre begiratu zion eguna eta belauneko lotailu gurutzatua hirugarrenez hautsi zitzaion partida daude hitz horien atzean. «Dena zor diot Bartzelonari, momentu zailean egin zuelako nire alde». Irundarrak hala adierazi zion iaz BERRIAri, 2014ko ekainaren 21ean, Athleticeko jokalaria zela, Bartzelonaren aurkako Espainiako Kopako finalean eskuin belauneko aurreko lotailu gurutzatua hautsi, finala penaltietan galdu, Bartzelonak fitxatu zuela baieztatu, eta hilabete gutxira.

«Zorretan nago klubarekin, eta den-dena emango dut zelaian». Landa 2015eko otsailaren 2an hasi zen barrua askatzen, zazpi hilabete luzeko osatze lanaren ondoren Bartzelonaren elastikoa jantzi eta Santa Teresaren aurka azken ordu erdia jokatu zuenean. Kanadako Munduko Kopari begira zegoen ordurako, eta beroketa lanetan ederrena izan zen ligako titulua. Ospakizunak igarota, Espainiarekin hasieratik jokatu zuen Costa Rica, Brasil eta Hego Korearen aurka, Espainiako Ligako ezker hegaleko atzelaririk onentsuena izaten jarraitzen duela berretsita.

«Gogorra izan da denboraldia, eta gogotsu nago ligari hasieratik ekiteko». Lesioak ahaztu, Munduko Kopako esperientzia gazi-gozoa barneratu —lehen fasean kanporatu zuten Espainia, eta arazoak izan zituzten hautatzailearekin—, eta Landak egurrean ekin zion 2015-2016ko sasoiari. Espainiako Liga, Txapeldunen Liga eta Espainiako Kopa. Hiru erronka zeuzkan parez pare. Baina 2016ko martxoaren 13an deuseztatu ziren hirurak, Valentziaren aurkako ligako partidan iraganera jauzi egin zuenean. Eskuin belauna txikituta berriz ere. Aurreko lotailu gurutzatua. Zazpi hilabete pasatxo —ordura arteko hemeretzi partidetatik hemezortzi jokatu zituen irundarrak—. Hamar egun eskas falta ziren Paris Saint Germainen aurkako Txapeldunen Ligako kanporaketa jokatzeko.

Bartzelonak irailaren 26an atera zuen 2016-2017ko denboraldiko argazki ofiziala, lehen aldiz Josep Maria Bartomeu presidentea tartean zela, eta irudi hartan ez zen agertu irundarra. Belauneko azken lesio larria zela tarteko, osatze lanean ari zela pentsa zitekeen hasiera hartan. Zazpi hilabete eta hamabi egun behar izan zituen aurreko lesio larria ahaztu eta berriz jokatzen hasteko, eta datorren ostiralean beteko da epe hori Valentzian min hartu zuenetik. Baina jokalariak berak mezu argigarria bidali zuen joan den ostiralean sare sozialetan, baloi baten irudiaren aurretik Fin hitza gehituta [amaiera].

Jokalari zerrendatik kanpo

Landak kontratua dauka, oraindik, Bartzelonarekin, baina, ezusterik ezean, Kataluniako klubak datozen egunetan jakinaraziko du albistea. 30 urte betetzear dela, lesioek eta futbolaren bilakaerak berak bultza egin diote irundarrari. Urrutira joan gabe, Andressa Alves (Montpellier), Leila Ouahabi (Valentzia), Andrea Gimenez (Espanyol) eta Line Roddik (Olympique Lyon) fitxatu ditu taldeak denboraldi honetan, eta Aitana Bonmati igo du bigarren taldetik. Txapeldunen Ligako final-laurdenetan sartuta, gero eta talde lehiakorragoa sortzen ari da Bartzelona.

«Ez zait gustatzen jendea sufritzen ikustea; gaizki pasatzen dut». Bizitzaren ikasgaia barneratuta, sufrimenduari amaiera eguna jartzea erabaki du irundarrak. Bizitzen jarraitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.