Joseba Rodriguez 'Haito' eta Esti Velasco. Zubileta Evolution Zuazoko entrenatzailea eta kapitaina

«Argazkian irteteko gogo handia dago, eta gauzak egiteko, aldiz, oso txikia»

Urtetik urtera, handituz doa Zuazok jokalariekin eta entrenatzaileekin duen zorra. Haitok eta Velascok argi dute «kito» esan behar zutela: «Normaltzat jo dugu prekaritatea, eta ezin da onartu».

ARITZ LOIOLA / FOKU.
Julen Etxeberria.
Barakaldo
2023ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Hotza, euria eta haizea. Ez da giro Barakaldoko (Bizkaia) Lasesarre kiroldegiaren kanpoaldean. Ezta etxeko eskubaloi klubean ere: Zubileta Evolution Zuazon. Hala ere, animoari eusten diote Esti Velasco taldeko kapitainak (Barakaldo, 1997) eta Joseba Rodriguez Haito entrenatzaileak (Basauri, Bizkaia, 1980). Umoretsu egon dira argazki saioan, baina serio jarri dira elkarrizketa hasi bezain pronto. Barru-barrutik hitz egin dute.

Ia bi aste joan dira agiria atera zenutenetik. Hartan zenioten jokalariek eta entrenatzaileek «egoera larria» bizi duzuela. Ordutik, zerbait aldatu da?

JOSEBA RODRIGUEZ, 'HAITO': Batetik, klubak Bizkaialde fundazioaren, hau da, Bizkaiko Foru Aldundiaren, diru laguntza jaso du, eta, horri esker, agindu ziguna bete du: bi hilabeteko soldata ordaindu digu, irailekoa eta urrikoa. Bestetik, Barakaldoko hainbat lagunek dirua eman diote klubari. Azkenik, zenbait politikarik interesa azaldu dute klubaren egoeraren inguruan. Baina ez dute neurri jakinik proposatu egoera konpontzeko. Promes jakinak baino gehiago, haizezko dorreak dira.

ESTI VELASCO: Ordaindu dizkiguten bi hilabeteak ongi etorriak dira, baina guk egoera konpontzea nahi dugu; hilabetero kobratu nahi dugu, behar den moduan. Denboraldi honi dagokionez, azaroko eta abenduko soldatak falta zaizkigu kobratzeko. Batzuei, gainera, aurreko sasoietako dirua ere zor diete.

HAITO: Adibidez, niri. Zenbat eta urte gehiago eraman klubean, orduan eta diru gehiago zor digute.

Agiria aterata arreta bereganatu nahi bazenuten, lortu duzue.

HAITO: Bai; ohi baino askoz ere gehiago irteten ari gara komunikabideetan. Tristea da honengatik irtetea, eta ez gure kirol lorpenengatik. Baina elkarrizketaz elkarrizketa gabiltza azkenaldian. Horixe zen helburua agiria atera genuenean: egoera ikusaraztea. Zergatik? Eskubaloi munduan bazegoelako jendea ez zekiena ezer gure egoeraren inguruan, eta harritu egin dira nola gauden ikusita. Baina hau ez da oraingo kontua, azkeneko lauzpabost urteetakoa baizik; nik hemen nagoenetik bizi izan dut hau. Espero dugu hau konpon dezaketenen giharra ukitu eta kontzientziak astindu izana, eta egoera konpontzeko garaiz egotea; ikusteko dago hori.

Argi zenuten egoeraren berri eman behar zenutela?

VELASCO: Neurri bat baino gehiago jarri ziren mahai gainean: gehienak, agiria ateratzea baino gogorragoak; oso erreak ginen. Pixkanaka-pixkanaka, lasaituz joan ginen, eta gauzak zentzuz pentsatuz; zerbait gaizki egin eta guri kalte egiteko arriskua zegoen. Agiria aterata, zama bat kendu dugu; gure egoeraren berri eman nahi genuen, gure egoera salatu nahi genuen, ez baita normala.

Nola daramazue ez kobratzea?

VELASCO: Gaizki, noski; gogorra da. Etxetik kanpo bizi diren taldekideek gastu asko dituzte, eta horiek egunero ordaindu behar dira. Ez baduzu soldata jasotzen ez diezu gurasoei dirua eskatu nahi, ez zaudelako etxean. Ni etxean bizi naiz, eta ez nieke dirua eskatu nahi gurasoei. Inoren laguntzarik gabe egin nahiko nuke aurrera, duintasunez, baina, soldata jaso gabe, ezinezkoa da.

Zer animo duzue taldean?

VELASCO: Gureagatik borrokan segitzen dugu. Saiatzen gara diru kontuek ez dezaten eragin kirol jardunean, baina zaila da, egunero baitugu kontu hori buruan. Baina pentsatu behar dugu baditugula beste erronka polit batzuk esku artean. Adibidez, Kopa jokatuko dugu etxean [gaur, Gijonen aurka (19:30); Beti Onak-ekRo'Casa hartuko du (18:00)]. Gogotsu gaude jokatzeko. Egoera larria izan arren, beste xede batzuk lortzeko borrokan segituko dugu.

Partida bat jokatu duzue, etxean, eta berdindu egin zenuten Ro'Casa ahaltsuarekin; atzetik aurrera eginda berdindu zenuten. Mesede egin zizuen azken egunetan jasotako babesak?

HAITO: Ez. Talde honen espirituaren isla da: oso borrokalariak gara. Badakigu besteek baino gehiago egin behar dugula irabazteko. Banaka ez gara ez Bera Bera, ezRo'Casa; haiek badituzte lehiak erabaki ditzaketen jokalariak, baina guk ez; gure indarra taldea da, talde jokoa, azkeneraino borrokatzea. Gure helburua zen jendeari erakustea merezi duela gure alde apustu egitea; eta ez dago hori erakusteko toki hoberik pista baino. Eta egin genuen.

Zenbat aldiz pentsatu duzue bestelako egoera batean zer egiteko gai izango zineten?

HAITO: Eta baliabide gehiago bagenitu; adibidez, kirol material gehiago, taxuz entrenatzeko.

Zer falta zaizue?

HAITO: Baloiak, eta pista osoan entrenatzea; egunero ez dugu pista osoan entrenatzen.

VELASCO: Eta bidaiatzeko baldintza hobeak!

HAITO: Hori da! Bidaia ia guztiak partidaren egunean bertan egiten ditugu. Ez da aproposena Elxera iristeko [Herrialde Katalanak] hamar orduko bidaia egitea, furgonetatik edo autobusetik jaistea, eta lehiatzea; traba da. Nik neuk pentsatzen dut beste talde batzuek dituzten baliabideak edukiko bagenitu askoz gorago egongo ginela; ez naiz ari lehen sailkatuek dituzten baliabideez, baliabide duinak izateaz baizik.

VELASCO: Gutxieneko baliabideak. Normaltzat jo dugu prekaritatea, eta hori ezin da onartu.

HAITO: Erabat ados nago.

Etxekoak zarete biak. Gehiago eragiten dizue egoerak?

HAITO: Bai. Niri pena ematen dit, ikusten baitutetxeko edo inguruko beste kirol edo taldeen alde egin egiten dela.

Barakaldoko Udalak, adibidez, diru kopuru bera ematen dizue zuei, eta gizonezkoen eskubaloi eta futbol taldeari: 44.000 euro bakoitzari. Zuek Espainiako mailarik gorenean ari zarete; gizonezkoen eskubaloiko taldea, hirugarrenean; eta futbolekoa, bosgarrenean. Zer iritzi duzue?

HAITO: Egoera honek balio izan du hori ikusarazteko, baina ez du ezertarako balio politikariek gero hori ez badute aldatu nahi. Barakaldok dituen biztanleak [100.000 pasatxo] eta aurrekontua [ia 123 milioi euro] kontuan hartuta, Bizkaiko beste herri batzuek baino askoz gutxiago inbertitzen du bere taldean, nahiz eta herri horiek biztanle gutxiago izan eta taldea beherago lehiatu. Etxebarriz eta Ermuaz ari naiz. Hau da dagoen borondate politikoa. Ikusteko dago hori aldatzeko asmorik ote dagoen. Gihar ekonomikoa badago, baina beste kontu bat da politikariek nahi ote duten.

Zein harreman duzue klubeko zuzendaritzarekin?

VELASCO: Harreman ona dugu, baina jokalariok eta entrenatzaileak, honetara ezkero, ez diegu askorik sinesten haiei; gauza asko agindu dizkigute, eta batzuk haiek ere ez zekizkiten. Ulertzen dugu haien egoera, kudeaketa ez dela erraza, eta baliabideak eskasak direla. Gure agiria ez zen haien aurka; irtenbide bat bilatu nahi genuen.

Halere, uste duzue klubak gehiago egin dezakeela?

VELASCO ETA HAITO: Bai [segurtasun osoz esan dute biek].

HAITO: Autokritika egin behar da. Denok dugu egoera honetara iritsi izanaren errua: batetik, klubak ez du asmatu tekla egokia zapaltzen, edo ez du garai egokian zapaldu; bestetik, taldeak emaitza hobeak lortu izan balitu, errazagoa litzateke arreta bereganatzea. Baina, noski, horretarako baliabideak izan behar ditu taldeak, eta ez ditu. Sorgin gurpil bat da. Zoritxarrez, diruak bakarrik konpon dezake hau.

Itxaropenari eusten diozue?

VELASCO ETA HAITO: Bai [ozen esan dute biek].

HAITO: Hemen gaude uste dugulako hau konpontzeko esperantza dagoela. Hala ez bazen, denok arituko ginateke datorren sasoian jokatzeko beste talde baten bila. Hemen geratu nahi dugu, eta hau konpontzea ere bai. Baina laguntza behar dugu: bakarrik ezin dugu hau aurrera atera. Bizkaiko Aldundiak eta Barakaldoko Udalak honen alde benetan apustu egitea behar dugu.

Agirian zeniotenez, egoera hobetu ezean, edozein neurri hartzeko prest zaudete. Hala da?

HAITO: Bai, noski. Agiria ez da airera egindako mehatxu bat; sentitzen duguna islatzen du. Hasieran, Bera Beraren aurka ez jokatzea pentsatu genuen, baina, gero, pentsatu genuen ezin genuela etxea teilatutik hasi; ezin genuenez jokatu, eta Ro'Casaren aurka jokatzeko entrenatzera etorri. Baina ezin diogu egoerari denbora luzean eutsi. Benetan hobetzen ez badu, edo hau aurrera ateratzeko apustu serio bat egiten ez bada, ezingo gara entrenatzera etorriaurrerantzean. Ez da bakarrik ez dugula kobratzen edo ez digutela eman agindu zigutena; askodirua jartzen ari gara. Ni Castro-Urdialesen bizi naiz [Espainia], eta hona etortzeko gasolina ordaindu behar dut. Dirua jasotzen ez badut, nola ordainduko dut?

Hala ere, esan duzue lanean jarraituko duzuela.

'HAITO': Sekulako taldea dugu. Egoera oso zaila da, eta askok jada amore emango zuten. Are gehiago, jokalariei esan diegu norbaitek uzteko beharra badu utz dezala lasai, inork ez duela epaituko. Hala ere, egunero datoz entrenatzera, eta gogor borrokatzen ari dira helburuak lortzeko. Kanpokoak eragiten du, baina saiatzen gara giro ona eta jarrera baikorra izaten,elkarri trapu zahar guztiak ez aurpegiratzeko. Giro ona ez bagenu, egoera jasanezina litzateke.

Merezi du honek guztiak?

VELASCO: Eskubaloian, eta bereziki, talde honetan, inor ez dago diruagatik. Merezi du, gustura gaudelako eta eskubaloiaz gozatzen dugulako. Baina halako batean baliteke pentsatzea ez duela merezi. Oraingoz, bai, merezi du; horregatik gaude hemen.

Uste duzue Bizkaiak nahi duela emakumezkoen eskubaloi talde bat mailarik gorenean?

HAITO: Askotan pentsatu dut nik hori. Kartak mahai gainean jarri ditugu Bizkaian, eta ikusiko da ea jendeak zer egiten duen. Batetik, ikusleez ari naiz; izan zitekeenerako, ikusle gutxi etortzen da pabiloira; beharra dugu harmaila beteago ikusteko; benetan uste dut eliteko talde batek arreta handiagoa merezi duela, eta herriko jendeak atxikimendu handiagoa izan behar lukeela. Bestetik, erakundeez ari naiz. Bizkaiak jakin behar dueliteko talde bat nahi ote duen. Hori erabakitzeko garaia da. Bestela, Barakaldo eskubaloi taldearekin gertatu zena pasatuko da. Hogei urte dira ez dagoela Asobal ligan, eta oraindik entzuten duzu politikariren bat esaten zein ona litzatekeen gizonen talde bat izatea elitean. Emakumeena badago, eta haren alde egiteko garaia da. Beste kontu bat da ea jendeak egin nahi duen.

Parekidetasunean lan asko dago egiteko oraindik?

HAITO: Bai. Asko aurreratu da, lehen emakumezkoek ez zutelako ezer; nik Barakaldon jokatzen nuenean, guk baino gutxiago irabazten zuten, nahiz eta maila bat gorago egon. Berdindu egin da hori, baina berdintasuna ez dator berdin kobratzetik, merezi duzuna kobratzetik baizik. Barakaldoko aurrekontua ikusita, argi dago asko dagoela egiteko. Argazkian irteteko gogo handia dago, eta gauzak egiteko, aldiz, oso txikia.

VELASCO: Erabat ados nago. Berdintasuna ez da berdin kobratzea, baizik eta kobratzen dena bidezkoa izatea.

Baliteke taldea desagertzea?

VELASCO ETA HAITO: Bai [ozen esan dute biek].

HAITO: Aukera gehiago dago desagertzeko, jarraitzeko baino. Taldeak osatzen ari dira; agian, dirua maiatzean iritsiko da, eta ez da ez jokalaririk, ez entrenatzailerik egongo. Eta klubak erabaki beharko du lehiatzera atera edo ez.

Noiz arte itxarongo duzue?

HAITO: Ni prest nago itxaroteko, baina ez maiatzera arte. Ni honetaz bizi naiz. Ikusten badut hemen ez dudala etorkizunik, beste nonbait bilatuko dut. Ahal bezainbat itxarongo dut, eta jarri ditudan baldintzetako bat izan da jokalari hauek jarraitu ezean nik ez dudala jarraituko. Orain ditudan jokalariekin edo ahal bezainbesterekin jarraitu nahi dut.

VELASCO: Nik, ziurrenik, erretiroa hartuko dut. Beraz, ez dut beste inora joateko asmorik. Oso gustura nago hemen.

Zer mezu helarazi nahiko zenukete?

VELASCO: Bizkaiari esan nahi diogu eliteko emakumezkoen kirolak benetan axola badio orain dela garaia haren alde egiteko. Kluba egoera kritikoan dago, eta ikusleek, eta batez ere erakundeek, busti egin behar dute; haiek eragin dezakete aldaketa. Ez badute egiten, berandu izango da. Erabaki behar dute emakumezkoen eskubaloi talde bat nahi ote duten elitean, edo nahiago duten hiltzen utzi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.