Aretxabaletak bigarren azterketa du

Ladis Galarzaren ordez ariko da, bigarrenez, Urrutikoetxearen alboan. Irribarria-Merino izango dituzte aurkari Urretxuko santalutzietan

Andoni Aretxabaleta, iragan astean Arrigorriagan jokaturiko partidan. M. D. V. / ARP.
Imanol Magro Eizmendi.
2017ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Urretxuko Santa Luzia jaietako jaialdia pilota egutegiko egun berezi horietako bat da. Ederrena pilotalekua bete egingo da gaur (17:30), eta giro ona ziurtatuta dago. Azken bi urteetan, gainera, txapelketa partidak jokatu dira bertan, eta aurten ere binakakoaren ligaxka eraman dute bertara. Irribarria eta Merinok laugarren jardunaldiko lehen partida jokatuko dute Urrutikoetxea eta Aretxabaletaren aurka. Markinako atzelaria Ladis Galarzaren ordez ariko da bigarren astez jarraian.

«Nire maila ematen ez badut, badakit enpesak berehala kenduko nauela», adierazi zuen zintzo Andoni Aretxabaletak iragan asteko partidaren aurretik. Badaki txapelketak partida handien erakusleihoa ireki diola berriz urte oso gogor baten ondoren. Sorbaldako ebakuntza bat —2016ko azaroan— eta eskuko zurda bateko beste bat —apirilean— egin zizkiotenez, hilabeteak eman zituen jokatu gabe, eta estelarrak ahaztuak ziruditen. Azken bi hilabeteetan, baina, Aretxabaletaren jokoak gora egin du, eta sendotasuna irabazi du. Binakako txapelketan sartzeko kinielan egon zen, baina Ladis Galarzaren sasoi puntuak kanpoan utzi zuen.

Urtebete «zaborretara» bota ondoren, udazken-neguetako haren jarduna ona izaten ari da, eta azken zazpi partidetatk bost irabazi ditu. Partidak eskuko min txikiarekin bukatzen ditu, baina jokatzeko dago. Hala erakutsi zuen iragan astean, Arrigorriagan, Urrutikoetxearen alboan Elezkano II.a eta Rezustari irabazi zienean (22-14). Ziur asko, azken urtean jokaturiko partida zailena izango zuen, eta Aretxabaletak nota oso ona atera zuen iaz binakakoa irabazi zuen atzelariaren aurka. Haren lanak Urrutikoetxearen erakustaldia ahalbidetu zuen.

Gaur, Urretxun bigarren azterketa du Aretxabaletak, eta ikusteko dago azkena duen. Izan ere, Ladis Galarzaren oinazpiko eta behatzeko minek hor diraute, eta atzo erresonantzia magnetikoa egin zioten lesioaren larritasuna zehatzago ezagutzeko. Hurrengo partida hilaren 23an dute, Bilbon, eta ikusteko da Galarza ordurako garaiz sendatuko den ala ez. Aurretik, Aretxabaletak hitzordu bat du, Asegarcek larunbateko jaialdiko hirugarren partidan sartu baitu.

Enpresakide baten lesioarengatik sartzea ez da inoiz gozoa, baina txapelketa zorretan dago Aretxabaletarekin. 2014an txapeldunorde izan ondoren, 2015ean hainbat aste egin zituen jokatu gabe eskuetako arazoengatik. Alvaro Untoriak oso ondo jokatuz ordezkatu zuen, eta Aretxabaletak jendaurrean esan zuen hura ematen ari zen maila ikusita Untoriak merezi zuela finalerdietan jokatzen jarraitzea.

Gaur, gainera, partida garrantzitsua du, puntu bana duten bi bikote neurtuko baitira Urretxun. Sailkapena ezin estuago dago, eta galduta ere ez da inolako dramarik egin behar, baina bi bikoteei asko kostatu zaie duten puntu bakar hori lortzea —Irribarria-Merinok 22-20 irabazi zuten euren garaipen beharrean—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.