Marcelo Bielsa Athleticera itzuliko da Iñaki Aretxabaletak ostiral honetako hauteskundeak irabazten baditu. Hautagaiak baieztatu egin du entrenatzaile argentinarra eseriko dela zuri-gorrien aulkian. «Ez da hautu mediatikoa, profesionala baizik», esan du. Kirol azterketa «sakon» baten ondorio da hautua. Martxoan hitz egin zuen lehen aldiz Bielsarekin, eta hark erantzun zion emateko denbora Athletic nola dagoen aztertzeko, eta hitz egingo zutela. Baiezkoa eman dio azkenean Aretxabaletari. «Etorkizunera begira ari den Marcelo bat ikusi dugu», gehitu du. Baina baiezkoa eman aurretik, Marcelinok ez segitzeko hartu zuen erabakia dago. Honela kontatu du argentinarrak: «Aretxabaletari esan nion entrenatzaile bezala Marcelinorekin segitzeko. Oso lan ona ari zen egiten, eta amaitu gabeko lana da. Taldeak oso ondo jokatzen zuen».
Ordu eta hamar minutuko bideo agerraldia egin du Bielsak, eta ez dio aipamenik egin Athleticen bizi izan zuen lehen aro eta bakarrari oraingoz. Aretxabelatak berretsi egin du aurrera begira ari dela entrenatzailea: «Etorkizunera begira ari den Marcelo bat ikusi dugu», gehitu du. Bielsak berak azaldu du hainbat gauza aldatu dituela metodologian; besteak beste, entrenamendu laburren aldekoa da orain, ordubete pasatxokoak.
Luzeak eta zabalak izan dira argentinarraren azalpenak, aldagai guztiak azalduz. Lehenik eta behin, esan du «konpromiso handia» dela Athleticen moduko talde bat zuzentzea. Etxeko lanak ondo eta zehatz eginda dauzkala erakutsi du. Athleticen denboraldi honetako partida guztiak ikusi dituzte hark eta haren laguntzaileek, harrobiko lehen bi taldeenak barne; baita Lehen Mailako partida guztiak. Esan du 22 jokalari nahiko lituzkeela taldean, postuko bi, eta beste hiru gehiagorekin osatuko lukeela 25eko multzoa. Hiru jokalari horiek gazteak izan behar dutela azaldu du. Bilbao Athleticen kontratua duten jokalariek lehen taldean egon beharko luketela ere esan du. Utzita egon diren bostei batuta, jokalari gehiegi izango lituzke, eta erabakiak hartu beharko liratekeela esan du. Ez du baztertu fitxaketak egitea. Oinarri sendo honen gainean eman dio balioa egun Athleticek duen jokalari multzoari: «Hobetzeko eta bilakaeraren bidea egiteko taldea da».
Aretxabaletaren nahia baieztatuko balitz, bigarren aroa beteko luke Bielsak Athleticek. Lehendabizikoan bi sasoi osatu zituen: 2011tik 2013ra. Europa ligako eta Espainiako Kopako finalak jokatu zituen taldeak lehen denboraldian. Hautagaiak honela definitu du urte hura: «Mende honetako denboraldi onena oparitu zigun».