Aretxabaletak bi hilabete egin beharko ditu geldirik

Ibai Zabalak jokatuko du haren ordez larunbatean Iruñean, eta Untoriak jokatu du berriz Imazen lekuan

2018ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
SASKIBALOIA. Andoni Aretxabaletak ez du batere zorterik lesioekin. Urte oso gogor baten ondoren burua altxatzen hasia zenean, arazo fisikoek berriz ere gogor jo dute. Markinako atzelariari erresonantzia magnetikoa egin zioten atzo, eta ez zuen albiste onik jaso: bi hilabete egin beharko ditu gutxienez geldirik. Aretxabaletak zuntz haustura handia du eskuin sorbalda azpiko dortsal giharrean, eta, horrenbestez, agur esan dio binakako txapelketari.

Aretxabaletak txapelketako lau partida jokatu ditu Ladis Galarzaren ordez, eta lauak irabazi ditu Mikel Urrutikoetxearen alboan. Larunbatean, aldiz, Ibai Zabala izango da Urrutikoetxearen atzelaria Iruñean, Bengoetxea VI.a eta Larunberen aurka. Zabalak ere ez du urte gozoa izan arazo fisikoekin, baina azken partidetan bere mailak gora egin du eta Asegarcek bera hautatu du. Izan ere, Ladis Galarza oraindik ez dago puntan jokatzeko moduan. Iñigo Simon medikuaren ustez, entrena daiteke, baina lehiaketa erritmoa hartu beharra dauka. Galarzak eskuin oinazpian hartu zuen min.

Hori ez da Asegarcek duen hutsune bakarra, Ander Imazek ere ezingo duelako jokatu igandean Eibarren, eta Alvaro Untoria ariko da berriz Aimar Olaizolaren alboan. Eskuko minak hobera egin dio, eta baikorra da, baina asteburu honetan jokatzea gehiegi arriskatzea iruditu zaio, eta babes neurri gisa beste astebetez itxarongo du. Halere, aste honetan pilota ukitzen hasi nahi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.