Osasuna 3-2 Getafe

Aresoren gol sinestezin batek eman dio garaipena Osasunari

Atzelariak 80. minutuan angelurik gabe sartutako golak erabaki du Getaferen aurkako partida. Nafarrak 11. dira sailkapen nagusian.

(ID_13520195) ESPAÑA FÚTBOL LALIGA EA SPORTS
Jesus Areso garaipenaren gola ospatze, gaur, Sadarren. JESUS DIGES / EFE
Paulo Ostolaza.
2024ko urtarrilaren 21a
19:11
Entzun

Futbolzaleen arteko tertulietan zeresana emango du Jesus Aresok gaur Sadarren sartutako golak. «Intentzio guztiarekin jaurti du», defendatuko du batek; «baita zera ere!», erantzungo dio besteak, «nahigabe egin du!». Zaila da asmatzea. Nahita edo nahigabe, atzelariak 80. minutuan Getaferi sartu dion gol ikusgarriak hiru puntu garrantzitsu eman dizkio Osasunari, eta sailkapenari begiratuta lasai arnasteko moduan dira gorritxoak.

Jagoba Arrasatek sei aldaketa egin ditu Espainiako Kopako partidatik, eta ongi irten zaio jokaldia. Hasieratik, Osasuna bere aurkaria baino hobeto zelairatu da, eta azkar heldu zaio saria. Raul Garciak Pablo Ibañezen erdiraketa bikain bat baliatu du David Soria patxadaz gainditzeko. Aurrelari petoa dela erakutsi du. 11. minutua zen.

Pixkanaka, Getafe hasi da bere areatik irteten, kontrola, nagusiki, etxekoek zuten arren. 30. minutuan heldu da arratsaldeko lehen gol ikusgarria: area kanpotik baloia gogor jo du Iker Muñozek, eta sareetara bidali du baloia. 2-0 heldu da partida atsedenaldira. Maila goian jarri du harrobiko jokalariaren golak; Sadarren bildutako ikusleek, ordea, ez zekiten zer zetorren.

Lehenik, Getaferen erreakzioa iritsi da. Bigarren zatiko lehen minutuetan jokoa dominatzen segi du Osasunak, eta hirugarrena egiteko abagunea ere izan du Raul Garciak. Getafek lanean jarraitu du, ordea, eta bi jokalditan berdindu du norgehiagoka, 63. eta 67. minutuetan. Osasunakoak ohartzerako, 2-2. Mayoral eta Maksimovitx izan dira golegileak, bi erdiraketa baliatuta. Herrerak saihestu du hirugarrena.

Zoramena 80. minutuan heldu da. Aresok hegalean jaso du baloia, aurrera egin du, eta angelurik gabe zegoela jo du baloia. Ezustean harrapatu du mundu guztia; ostikada perfektua izan da. Soria gainetik pasatu, zutoinean jo eta barrura. Ia erori egin da Sadar. Azken minutuetan, Arnaizek izan du laugarrena sartzeko aukera argiena.

Azkenean, garaipena. Sailkapen nagusian 11. postuan da Osasuna, 25 punturekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.