Espainiako Vuelta ez dago erabakita. Inondik inora ere ez. Atzo lehen ahultasun zantzuak eman zituen Remco Evenepoel liderrak, eta gaur baieztatu da ez dagoela orain arte erakutsi duen bezain indartsu. Sailkapen nagusian aldea txikitzea lortu dute Enric Masek eta Primoz Roglicek, hirugarren eta bigarren sailkatuek. Etapa Thymen Arensman gazteak irabazi du.
Sierra Nevadan amaitu da gaurko etapa, 2.500 metrotik gora. Aurtengo Vueltako etapa nagusia zen, eta ikusgarria izan da. Evenepoel eta Roglic elkar zaintzen ari zirela, Masek erasora jotzeko baliatu du aukera. Miguel Angel Lopezekin elkartu da Mas, baina ez dute lortu Arensman harrapatzea, ihesaldiko azken txirrindularia.
Azkenean irabazlearengandik 1:23ra iritsi da Mas, 1:44ra Roglic, eta 1:59ra Evenepoel. Sailkapen nagusian Roglicekiko 1:34ren aldea du liderrak, eta 2:01ekoa Masekiko. Ikusteko dago hirugarren astean zer gertatuko den.