VILA-REAL 5 - 1 ATHLETIC

Areatan dago aldea

Athleticek jipoia hartu du La Ceramica estadioan. Konferentzia Ligarako sailkatzeko txartela urruntzen ari zaio talde zuri-gorriari.

Unai Simon Athleticeko atezaina, atzo, La Ceramican, atzean Nico Jackson duela. DOMENECH CASTELLÓ / EFE.
haritz gallastegi
2023ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Golak. 1-0. Baenak (24. min.). 2-0. Jacksonek (37. min). 2-1. Sancetek (45. min.) 3-1. Jacksonek (50. min). 4-1. Paredesek b.a. (61. min.) 1-0. Baenak (90. min.).

Kolpe gogorra hartu zuen Athleticek La Ceramica estadioan. Min ematen duen zaplazteko bat eman zion Vila-Realek. Porrota bezain mingarria izan baitzen galtzeko modua. Athletic erori egin zen bigarren zatian. Amore eman zuen. Besoak jaitsi zituen. Ezina erakutsi zuen. Bosgarren urtez jarraian Europako trena aldentzen ari dela ikusteak erregai barik utzi zuen taldea. Lehoiek sufritu egin zuten azken ordu erdian. Zelaitik desagertzeko gogoz ikusi zitzaien, baina kolpeetatik altxatu egin behar dela barneratu beharra daukate. Dena ez dago galduta, eta azken partidara arte borrokatu behar dela sinistu behar du taldeak.

Bost gol jaso zituen Athleticek. Bost aldiz hartu behar izan zuen baloia saretik Unai Simonek. Behin baino ez Pepe Reinak, etxekoen atezainak. Azken emaitzari erreparatuz gero, pentsa daiteke zuri-gorriek ez zutela irabazteko aukerarik izan, baina neurketaren lehen berrogeita hamar minutuen argazkia bestelakoa da. Ernesto Valverderen taldeak Vila-Realek adina aukera sortu zituen. Halaber, Athleticek itsaspeko horiak adina erraztasun eman zituen defentsan. Kontua da talde bat bestea baino eraginkorragoa izan zela. Areatan egon zen aldea. Beste behin. Eta, kasu honetan, bi areatan aritu zen eskas talde bizkaitarra. Atzealdean asko ari da nabaritzen Iñigo Martinezen hutsunea, eta erasoan duen jo falta aspaldiko gaitza da.

Bakoitzak bere jokamoldearekin, aukera on asko sortu zituzten lehen minutuetan. Vila-Realek baloiarekin arriskuak hartuta egiten du min, eta Athleticek aurrean presionatu eta zuzen jokatuta. Neurketaren lehen txanpan atezainak izan ziren protagonista. Unai Simonek bi geldiketa bikain egin zituen. Lehena, Pedrazak areaz kanpotik egindako jaurtiketa batean, eta bigarrena, Yeremyk area txikian egindako burukada batean. Tarte horretan Williams anaiek ere izan zituzten aukera garbi bi Athletic aurreratzeko. Baina Iñakiren eskuinkada gurutzatua zutoin ondotik joan zen kanpora, eta Nicoren ezkerkada Reinak gelditu zuen. Alex Baenak sartu zuen neurketako lehen gola, area ertzetik jaurtitako falta bati esker. Bigarren kolpea ordu erdia pasatuta hartu zuen Athleticek. Jacksonek aldaratze bat baliatu zuen arean bakarrik errematatzeko. Athleticen esperantzaren gola lehen zatiaren azken jokaldian etorria zen. Sancetek sareetara bidali zuen Parejok Yuriri egindako penaltia.

Bigarren zatian ondo hasi zen Athletic, erasokor. Baina etxekoen lehen erasoaldian, Paredes atzean gelditu zen jokoz kanpoko lerroa egiterako orduan, eta Yeremyren erdiraketa Jacksonek baliatu zuen etxekoen hirugarren gola sartzeko. Valverdek aulkia mugitu zuen erreakzioaren bila, baina Paredesek bere atean sartu zuen golak erabakita utzi zuen norgehiagoka. Athletic jota gelditu zen. Sasoiko ordu erdirik txarrena jokatu zuen. Eta hori baliatu zuen Baenak bere taldearen bosgarren gola sartzeko. Burumakur itzuli ziren zuri-gorriak. Txarto egindakoetatik ikasi, eta aurrera egitea baino ez da geratzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.